Udalak aurten ere bat egingo du 'Planetaren Ordua' ekimenarekin

Larunbatean (martxoak 25), 20:30-21:30 bitartean, amatatu egingo dira Untzaga plaza argiztatzen duten fokuak eta udaletxeko erlojuko argiak. Alkateak aurten ere eibartar guztiak animatu nahi ditu aldaketa klimatikoaren aurkako eta naturaren aldeko mugimendu global honetan parte hartzera; horretarako, argia ordubetez itzaltzea baino ez da egin behar.
Eibarko Udalak bat egingo du aurten ere ‘Planetaren Ordua’ ekimenarekin, eta, larunbatean, martxoak 25, 20:30etik 21:30era bitartean, ordubetez itzaliko dira Untzaga Plazako fokuak eta udaletxearen fatxadako erlojuaren argiak, klima-aldaketaren aurkako keinu sinboliko gisa.
Zehazki, ekimen honen bultzatzaile den WWF naturaren defentsarako elkarteak adierazi du hamarkada honek inflexio-puntua izan behar duela, natura eta klima berreskuratzen hasteko. Horregatik, premiazko ekintzak egitea eskatzen die munduko liderrei zein herritarrei, garapen jasangarria sustatzen duten eguneroko ekarpen eta ohituren bidez.
Jon Iraola Eibarko alkateak zera esan du: “Beste behin eibartar guztiok animatu nahi ditugu aurten ere aldaketa klimatikoaren aurkako eta naturaren aldeko mugimendu global honetara batzera, argia ordubetez itzaltzea bezalako keinu sinple bat eginez. Izan ere, krisi klimatikoa guztioi eragiten digun errealitatea da, eta, beraz, ahalik eta ekintza gehien egin behar ditugu gure ekosistema zaintzeko, nahiz eta keinu txikiak izan”.
‘Planetaren Ordua’ WWF erakundeak sustatutako eta Nazio Batuek babestutako mugimendu global bat da eta haren eginkizunetako bat da gogoraraztea natura planetaren bizi-euskarriaren sistema dela, behar dugun guztia ematen diguna, bai arnasten dugun airea, bai edaten dugun ura, baita jaten ditugun elikagaiak ere, eta defendatu behar dugula, gure planetaren osasuna eta, aldi berean, gure osasuna eta ongizatea babesteko.
Lehen aldiz egin zenetik, kanpaina munduko ingurumen-mugimendu handienetako bat bihurtu da, eta bozgorailu bat eskaintzen die milioika pertsonari eta 200 herrialde baino gehiagotan bat egiten duten milaka enpresa eta erakunderi. Gainera, aurten, ekimenaren sustatzaileen arabera, ‘Planetaren Ordua’ oso une zailean egingo da, Ukrainako gatazka eta eragiten ari den krisi humanitarioa dela-eta.
Azkenik, adierazi behar da, urtero argia itzaltzeko keinu sinbolikoa antolatzeaz gain, WWF elkarteak herritarrei bigarren urtez jarraian #KMPorElPlaneta #VueltaAlPlaneta ekimenean parte hartzea proposatzen diela.
Erronka horrek, kirola eta haren balioak baliatuz, itxaropen-mezu bat zabaldu nahi du eta talde-lana sustatu, larrialdi klimatikoaren lasterketa irabazteko.
Lasterketan parte hartzeko WWF-ren webgunean eman behar da izena. Kilometroak modu indibidualean batzen dira, hau da, pertsona bakoitzak zer kiroletan parte hartu nahi duen (ibili, korrika egin, igeri egin, bizikletan ibili) aukeratzen du, eta baita bere erronka pertsonalean zer distantzia egin nahi duen ere. Behin hori eginda, interesdunak bere izena duen dortsala deskargatu ahal izango du; sare sozialetan bere dortsala partekatu ahal izango du eta, bide batez, pertsona gehiago parte hartzera animatu.