Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak aurten ere bat egingo du ‘Planetaren ordua’ ekimenarekin

2024/03/22

Larunbatean, martxoak 25, Untzaga plazako sei foku eta udaletxeko erlojuko argiak amatatuko dira 20:30-21:30 bitartean. Alkateak eibartar guztiak animatzen ditu aurten ere aldaketa klimatikoaren aurkako eta naturaren aldeko mugimendu global honetara batzera, ordubetez argia itzaltzea bezalako keinu sinple bat eginez.

Eibarko Udalak bat egingo du aurten ere ‘Planetaren Ordua’ ekimenarekin, eta, larunbatean, martxoak 26, ordubetez itzaliko dira Untzaga Plazako sei foku eta udaletxearen fatxadako erlojuaren argiak, 20:30etik 21:30era, klima-aldaketaren aurkako keinu sinboliko gisa.

Urtero argiak itzaltzeko keinu sinbolikoa sustatzeaz gain, WWF erakundeak herritarrak gonbidatzen ditu bigarren urtez, #KMPorElPlaneta #VueltaAlPlaneta ekimenarekin bat egitera. Ekimen horrek, kirola eta haren balioak jasotzeaz gain, itxaropen-mezua transmititu eta talde-lana sustatzen du. Haren arabera, gizartearen, enpresen eta erakundeen baterako ahaleginari esker gure bizitzako lasterketarik erabakigarriena irabaz dezakegu: emergentzia klimatikoaren aurkako borroka.  Lasterketa horretan parte hartzeko, WWFren webgunean erregistratu behar da. Kilometroak indibidualki pilatzen dira eta pertsona bakoitzak kirol bat eta distantzia bat aukeratu ahal ditu, bere ahalmen fisikoen arabera. Erregistratzean, dortsal pertsonalizatu bat deskargatu daiteke sare sozialetan partekatzeko, hala WWFri babesa erakutsiz eta jendea erronkara batzera animatuz.

Argi dago datozen urteak erabakigarriak izango direla planetaren mugen barruan eta 1,5 °C-ko klima-atalasearen azpitik mantentzeko. Bestela, atzera bueltarik ez duen ingurumen-degradazioari eta kontrolik gabeko klima-aldaketa bati egin beharko diegu aurre.  Erlojuaren kontra ari gara eta 2024ko Planetaren Orduak gogorarazten digu azkar eta irmo jokatu beharra daukagula.  Hamarkada honek inflexio-puntu bat markatu behar du, naturaren balioa aitortzeko eta haren berreskurapena lehenesteko.

Ezinbestekoa da munduko liderrek garapen jasangarriaren aldeko apustua egitea, eta gizabanako bakoitzak ere lagun dezake bere egunerokotasunean ohitura jasangarriagoak hartuz. 

Horregatik, Jon Iraola Eibarko alkateak zera esan du: “Beste behin eibartar guztiok animatu nahi ditugu aurten ere aldaketa klimatikoaren aurkako eta naturaren aldeko mugimendu global honetara batzera, ordubetez argia itzaltzea bezalako keinu sinple bat eginez. Izan ere, krisi klimatikoa denoi eragiten digun egoera bat da:  ikusten ari gara nola ari garen tenperatura errekorrak gainditzen.  Klimaren alde lan egin behar dugu, eta horretarako edozein ekintza da egokia, nahiz eta txikia izan".

‘Planetaren Ordua’ WWF erakundeak sustatutako eta Nazio Batuek babestutako mugimendu global bat da eta haren eginkizunetako bat da gogoraraztea natura planetaren bizi-euskarriaren sistema dela, behar dugun guztia ematen diguna, bai arnasten dugun airea, bai edaten dugun ura, baita jaten ditugun elikagaiak ere, eta defendatu behar dugula gure planetaren osasuna eta, aldi berean, gure osasuna eta ongizatea babesteko.

Kanpaina hau 2007an lehen aldiz egin zenetik (2009 Espainian), munduko ingurumen-mugimendu handienetako bat bihurtu da, bozgorailu bat eskainiz milioika pertsonari eta 200 herrialde baino gehiagotan bat egiten duten milaka enpresa eta erakunderi.