Eibarko Udala
langabetuak diru-laguntzak pentsiodunak

Udalak aurten ere 200 euroko laguntza emango die langabetuei eta baliabide urriko pertsonei

2018/05/02
Ogasun batzordean onartu da Gizartekintzako udal sailak sustatutako laguntza-deialdia; Udal Aurrekontuaren 73.400 euro esleituko dira horretarako. Laguntza hau eskatzeko epea 2018ko maiatzaren 15etik ekainaren 15era arte egongo da zabalik (biak barne).

Eibarko Udalak, beste urte batez, 200 euroko diru-laguntza bat emango die langabeei eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonei, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badituzte. Ogasun Batzorde Aholkulariak gaurko bileran jakinarazi du partida honen berri; duela urte batzuk hasi ziren diru-laguntza hauek urtero ematen, eta aurtengo partida 73.400 eurokoa izango da.

Diru-laguntzak —hasieran pertsonako 150 eurokoa zena eta 200 eurokoa gaur egun— aukera ematen du pertsona horiek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentagatik jasotzen dutena osatzeko.   Aurreikusten da 73.400 euro horiekin 367 pertsonari eman ahalko zaiola kopuru osagarria, horiexek baitira diru-laguntzaren balizko onuradunak, kontuan hartuta zein izan diren programaren emaitzak azken urteotan.   

Edozelan ere, eta behin diru-laguntza eskatzeko epea amaituta, baldin eta eskatzaile-kopurua handiagoa bada, Udalak handitu egin lezake onartutako partida, halako moduz non balizko onuradun bakar bat ere ez den geratuko laguntza barik.  

Urteroko 200 euroko udal laguntza hau Gizarte Zerbitzuen udal sailak martxan jarritako laguntzen programa baten barruan sartzen da, hain zuzen ere, izaera sozialeko premiei aurre egiteko laguntzen baitan. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzeaz gain, pertsona langabetuek eta pentsionistek baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte, hala nola Eibarren erroldatuta egotea; 2018ko maiatzaren 15etik ekainaren 15era eskatu ahalko dute laguntza hau (biak barne).