Udalak aurten bikoiztu egingo ditu familiei emango dizkien dirulaguntzak, 'Umeak Eskolara' eta 'Dirulaguntzak Ikasleei' programetan
Eibarko Udalak deialdia onartu du eta 'Umeak Eskolara' eta 'Dirulaguntzak Ikasleei' programen edizio berri bat jarri du abian. Berritasuna da aurten aurrekontua bikoiztu egingo dela, eta familiek 120,20 euro jasoko dituztela (iaz arte 60,10 euro ziren) eskola-adineko seme-alaba bakoitzeko edo irakaskuntza arautu edo okupazionaleko ikasketak egiten ari diren haur bakoitzeko Eibarko dendetan erosketak egiteagatik.
Dirulaguntzak handitzeko erabaki hori familiei eta merkataritza-sektoreari laguntzeko txoke-planean jasotako neurri-sortan sartzen da, COVID-19Aren pandemiak eragindako ondorio sozioekonomikoak arintzeko. Udalak bi programa horietarako 570.000 euro jarri ditu aurten (420.000 euro 'Umeak Eskolara' programarako eta 150.000 euro 'Dirulaguntzak Ikasleei' programarako), hau da, iazkoaren bikoitza.
Eskaera bakoitzeko gehienez ere 120,20 euro eskuratuko dira, honako gastu hauek laguntzeko: arropa, oinetakoak, kirol-materiala, eskola-materiala (testu-liburuak izan ezik), betaurrekoak eta lentillak. Gainera, salmentak Eibarko dendetan sustatzeko asmoz, diruz laguntzen diren erosketak Eibarko dendetan egin beharko dira, aurtengo irailaren 1etik urriaren 30era arte. Programa horien onuradun izan daitezkeen familiek Udalaren gutun bat jasoko dute irailaren 1etik aurrera.
Gainera, erosketak dibertsifikatzeko eta saltoki gehiagotara iritsi ahal izateko, aurtengo edizioan berrikuntza bat sartu da: ikasle bakoitzeko 120,20 euroko diru-laguntza herriko bi merkataritza-establezimendutan gutxienez gastatu beharko da.
Erosketa bakoitzaren fakturak saltokiak egin behar ditu dirulaguntzaren titularraren izenean, eta bertan argi eta zehatz jaso behar dira erositako produktuak.
‘Umeak Eskolara’ programa 2 eta 15 urte arteko umeei zuzenduta dago. Hau da, 2005eko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako haurrak, Eibarren etenik gabe erroldatuta daudenak, 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra bitartean.
‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programaren kasuan, hartzaileak 1995eko urtarrilaren 1etik 2004ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako gazteak dira, Eibarren etenik gabe erroldatuta daudenak 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra bitartean. Gainera, ikasketa arautuak edo okupazionalak egiten aritu beharko dute. Ohiko ikasturtearen pareko iraupena duten masterrak eta doktoregoak ere diruz lagunduko dira; baita helduen hezkuntzarako zentro publikoetan egiten diren ikasketak ere (HHE). Laguntza hauetatik kanpo geratzen da prestakuntza osagarria (hizkuntzak, informatika erabiltzaile-mailan, gidabaimena).
Dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak egiteko epea aurtengo irailaren 1etik urriaren 30era bitartekoa izango da. Eskabide-orria, egindako erosketen fakturekin batera, Eibar Merkataritza Gune Irekiak Untzagako dorrearen albo batean (Eibarko Txikitotik du sarbidea) prestatutako bulegoan entregatu beharko da, ordutegi honetan: irailaren 1etik 14ra, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara; eta irailaren 15etik urriaren 30era, astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 18:30era; eta ostiraletan, 8:00etatik 15:00etara.
Udalak duela hogei urtetik bultzatzen dituen kanpaina hauen helburua da familiei laguntzea seme-alaben ikasturte-hasieran urtero egin behar dituzten gastuetan, bai eta Eibarko merkataritzan erosketak bultzatzen eta suspertzen modu esanguratsuan laguntzea ere. Eta, kasu honetan, arrazoi gehiagorekin, pandemiaren ondorioak direla-eta.