Eibarko Udala
ingurumena

Eibarrek bat egiten du Mugikortasunaren Europako Astearekin, eta gonbita egin nahi die eibartarrei herriko Mugikortasun Jasangarriaren Plan berrian parte har dezaten

2026/09/17
Kartela.

Egitarauaren barruan hainbat ekimen daude aurreikusita irailaren 22rako, hala nola bigarren eskuko bizikleten azoka, haurrentzako jarduerak, doako Udalbusa eta HMJParen proposamenak kontrastatzeko tailer parte-hartzailea.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Mugikortasunaren Europako Astearekin (SEM) bat egingo du aurten ere, irailaren 15etik 22ra bitartean egingo diren hainbat jarduerarekin. Kanpaina honen helburua da eibartarrak sentsibilizatzea garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak osasun publikorako eta ingurumenerako dituen onurei buruz, batez ere garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak.

Europako Batzordeak aurtengo kanpainarako aukeratu duen gaiak iazko bera izaten jarraitzen du: “Pertsona guztientzako mugikortasuna”. Gai honen bidez, ikusarazi nahi da zer garrantzitsua den herritar guztiek garraio jasangarria, eskura izatea, kontuan izan gabe diru-sarrerak, bizilekua, generoa, gaitasunak edo adina. Herritar guztiek —haur, gazte, heldu zein adinekoek— inoiz edo behin behar eta gaitasunekin lotutako erronka eta oztopoei egin behar izaten diete aurre mugikortasunari dagokionez.. 

“2026an, Europako Mugikortasunaren Asteak hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu, pertsona guztientzako mugikortasuna nola lagun dezakeen belaunaldien arteko lankidetzan eta ekitatean. Horrez gain, proposatzen digu irudikatzea garraio-sistemak adin-talde guztietara egokitzen direla eta oraingo eta etorkizuneko belaunaldien beharrak asetzen dituztela. Adin talde ezberdinen arteko elkarlanak eta belaunaldi bakoitzaren gaitasun eta baliabideen aprobetxamenduak mugikortasuna integratzaileagoa izatea eragin dezakete” dio Eva Juezek. 

Horrela, Udal honek, aurten ere, Eibarko herritarrak mobilizatzeko ekimen honen alde egiten du, mugikortasun jasangarria sustatzeko, garraio aktiboa bultzatzeko, eta Eibar osasungarriago bat sortzeko xedez.  Horretarako, irailaren 19an eta 22an hainbat ekintza antolatu ditu. 

Batetik, irailaren 19an, bizikleten eta beste objektu batzuen bigarren eskuko azoka egingo da. 2018an hasi zen Udala merkatu hau antolatzen, eta, ordutik, urtero egiten da eta parte-hartze handia izaten du. Azken hiru urteetan, edizio bakoitzean ehun bizikletatik gora edo mugikortasun jasangarriarekin lotutako beste objektu batzuk (patinak, kaskoak, patineteak, bizikleta-euskarriak…) laga dira eta horien % 50 inguru saldu dira merkatuak irauten duen lau orduetan zehar. Bigarren eskuko azoka hau egiteko, Udalak dirulaguntza bat du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarena.

Merkatua Untzaga plazan izango da 10:00etik 14:00etara bitartean. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea estekaren bidez www.merkabi.eus/eibar , edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da. 

Bai bizikletak ba gainontzeko objektuak erabilitakoak izan behar dira eta egoera onean egon, eta aurretik zehaztutako orduan utzi beharko dira gordailu-zerbitzuan. Objektuen kasuan, hiru onartuko dira gehienez ere. Azoka amaituta, salmentaren diru-kopurua entregatuko da, edo, bestela, lagatako objektua itzuli egingo da. Era berean, azpimarratu behar da ez dela onartuko 700 eurotik gorako preziorik; parte hartzeko adinez nagusia izan behar da, eta NANa eta telefono-zenbakia eskatuko dira. 

Bestalde, goizean, azokaren ondoan, ohi bezala, bizikletak konpontzeko tailer bat ere egongo da Eibar Klub Deportiboak antolatuta, non bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko diren.

Era berean, arratsaldean, Eibarko Klub Deportiboak bide-hezkuntzako haurrentzako zirkuitu bat eta ginkana bat antolatuko ditu Untzaga plazan (euria egiten badu, Astelena pilotalekuan izango da). Jarduera hauek 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izango dira. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bizikleta edota patinetea eramatea eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Azkenik, irailaren 22an, ‘Autorik Gabeko Eguna’ egingo da; horretarako, eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Eibar-Arrate autobus-zerbitzua doan izango da. 

Egun horretan bertan, 18:30ean, Errebal eraikineko A gelan, herritarrek parte hartzeko tailer bat egingo da, Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plan (HMJP) berriaren azken bertsioa aurkeztu eta kontrastatzeko.

 “Udalak 2023an onartutako planaren neurrien artean dago kanpaina hau antolatzea. Plan honetan, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteko eta, hala, klima-aldaketaren ondorioak arintzen saiatzeko zenbait neurri eta jarduera-ildo ezartzen dira” azaldu du Eva Juez Garmendia Ingurumen Saileko arduradunak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak, bere aldetik, “Jarri bizikleta prest MUGI txartelarekin” ekintza jarri du martxan berriz ere, gipuzkoarren artean mugikortasun-ohitura jasangarriagoak eta osasungarriagoak sustatzeko. Horretarako, irailaren 16an, asteazkena, Untzaga Plazan kokatutako furgoneta-tailer batek, 10:30etik 14:00etara, oinarrizko bizikleta konponketa zerbitzua eskainiko die Eibarren MUGI txartela aurkezten duten pertsona guztiei. Era berean, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) beharrezkoa den laguntza eskainiko die MUGI txartela eskatu eta sistema honek eskaintzen dituen abantaila guztiak aprobetxatzen hasi nahi duten guztiei. Furgoneta-tailerrera hurbiltzen direnen artean bi bizikleta zozketatuko dira, baita MUGI txartelean kargatzeko 20 euroko 60 karga ere. Edizio honetako berrikuntza gisa, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak ‘Misterioa Topo Expressen’ jarduera ekarriko du Eibarrera, 45 eta 60 minutu arteko iraupena izango duen ihes-gela (scape room-a). Jokoa arrakastaz osatzen dutenen artean ere bi bizikleta zozketatuko dira, baita 20 euroko MUGI txarteleko 60 karga ere.

HIRI MUGIKORTASUN JASANGARRIKO PLAN BERRIA (HMJP)

Eibarko Udala Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plan (HMJP) berria prestatzen ari da. Plan horren helburua da herriko mugikortasun motak planifikatzea eta eraginkortasun energetikoa, ingurumenekoa, ekonomikoa, soziala eta etorkizunera begira udalerriko irisgarritasuna hobetzea.

Herriaren egungo egoerari buruzko diagnostiko-fasea eta helburuak eta agertokiak zehazteko fasea amaitu ondoren, Udalak ekintza-plan bat diseinatu du, hiri-eredu jasangarriagoa finkatzeko proposamenekin, egungo eta etorkizuneko belaunaldien beharrak integratuz eta tokiko baliabideen kudeaketa eraginkor eta parte-hartzailea sustatuz.

Dokumentu horrek herritarren benetako beharrei erantzungo diela bermatzeko, HMJPa egiteko prozesuan aktiboki parte hartu da hainbat kanalen bidez, hala nola auzokideei eta enpresei egindako inkesta digitalen bidez eta etxeetara bidalitako formulario eta herritarrei irekitako tailerren bidez.

 “Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu datorren irailaren 22an, 18:30ean, Errebal eraikineko A gelan egingo den saio irekian parte hartzera. Saio horretan, gaur egungo mugikortasunaren egoeraren diagnostikoa aurkeztuko da, baita planaren jarduera-ildo eta neurri nagusiak ere, eta elkarrizketa-gune bat eskainiko da Eibarren mugikortasun seguruago, eraginkorrago eta jasangarriago baten garapena markatuko duten proposamenak kontrastatzeko”, adierazi du Eva Juezek.

Mugikortasun Plan hau egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren dirulaguntza izan du Udalak.