Martxan da On Ekin 2026, Debabarrenean ekintzailetza sustatzen duen lehiaketa
Zabalik dago On Ekin enpresa-ideia eta -proiektuen lehiaketan izena emateko epea. Sari-banaketa urriaren 28 an egingo da Errebal Plazan.
Enpresa-ideia eta -proiektuen On Ekin lehiaketak XIV. edizioa ospatuko du aurten, eskualdeko enpresen eta ekintzaileen ekimenak babestu eta ikusgarritasuna emateko helburuarekin.
Edizio berriaren aurkezpena gaur, irailaren 17an, egin da Eibarko Udalean, eta bertan parte hartu dute Jon Iraola alkateak, Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak eta Jaione Leibar Ekingune elkarteko presidenteak (Ikale Consulting).
Jon Iraola Eibarko alkatek azpimarratu du oso garrantzitsua dela ekintzaileei lagunduko dieten eta haien lana aitortuko duten espazioak sortzen jarraitzea: “Ekintzailetza funtsezko pieza da Eibarko eta Debabarreneko etorkizun ekonomikorako. Proiektu bakoitzaren atzean pertsona edo talde bat dago, ideia baten alde egiten duena, arriskuak hartzen dituena eta jarduera, enplegua eta aukera berriak sortzen laguntzen duena. Erakundeetatik haien ondoan egon behar dugu, bide hori erraztuz eta baldintzak sortuz talentua eta ideia onak hemen garatu ahal izateko”.
Zentzu horretan, Iraolak eskualdeko ekintzaileak animatu ditu edizio berri honetan parte hartzera: “On Ekin elkartzeko gune garrantzitsu bihurtu da, lehen bultzada hori behar duten proiektuak ezagutzeko, babesteko eta ikusgarritasuna emateko. Enpresa-ideia edo -proiektu bat duten pertsona guztiak animatu eta aurkeztera gonbidatzen ditugu”.
On Ekin 2026 lehiaketa negozio-ideia berritzaileak dituzten eta horiek martxan jartzeko edo garatzeko laguntza behar duten ekintzaile eta enpresei zuzenduta dago. Izen-ematea 2026ko urriaren 18ra arte egongo da zabalik, eta finalistek beren proiektuak 2026ko urriaren 28an Errebal Plazan egingo den ekitaldi berezi batean aurkeztuko dituzte.
Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotzi Vanesa Hortasek On Ekinek “talentu ekintzaileari lehen faseetatik laguntzeko eta ideiak gure eskualdeko ehun ekonomikoarekin lotzeko” duen gaitasunean jarri du fokua. Adierazi duenez, “kontua ez da soilik proiektu bat saritzea, baizik eta tresnak, aholkularitza eta ikusgarritasuna eskaintzea, ekimen horiek aurrera egin dezaten eta enpresa-proiektu jasangarri bihurtu daitezen”.
Hortasek, gainera, lehiaketa ahalbidetzen duten erakundeen arteko lankidetza azpimarratu du: “Ekintzailetzari lotutako erakunde, enpresa eta eragileen arteko elkarlana funtsezkoa da. On Ekin adibide ona da elkarrekin lan eginez aukerak sortzeko eta gure ekosistema ekintzailea indartzeko”.
Edizio honetako berrikuntza nagusia sarietan dago: aurten bi saritik hiru saritara igaroko da lehiaketa, eta, horrela, parte hartzen duten proiektuak saritzeko eta haiei ikusgarritasun handiagoa emateko aukera egongo da.
Ekintzailetza- eta enpresa-arloarekin lotutako eragile ekonomiko eta sozialek osatutako epaimahaiak ON EKIN Saria irabaziko duen proiektua aukeratuko du. Saria 2.000 eurokoa izango da eta Laboral Kutxak finantzatuko du. Horrez gain, Gaztenpresaren aholkularitza izango du, bideragarritasun-plana eta finantzaketa-bilaketa lantzeko, baita bideopodcast bat egitea ere.
ON EKIN Proiektua Saria, 1.500 eurokoa, ekitaldira bertaratzen den publikoak aukeratuko du zuzenean, proiektu finalisten aurkezpenak entzun ondoren. Eibarko Udalak babestutako sariak Gaztenpresaren aholkularitza eta bideopodcast bat egitea ere barne hartuko ditu.
Hirugarren saria Publikoaren Saria izango da, 600 eurokoa, eta kopuru hori ekitaldian bildutako diruaren arabera handituko da. Sari hau ere publikoak aukeratuko du eta Gaztenpresaren aholkularitza izango du.
Debabarrena eskualdean ekintzailetza bultzatzeko lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek oinarriak kontsultatu eta izena eman dezakete www.ekingune.com webgunean. Sari-banaketako ekitaldian parte hartzeko ere aldez aurretik izena eman beharko da webgune berean, epea urriak 27ra arte egongo da zabalik.