Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Argatxako Jardiñetan dauden 15 zuhaitz inausiko ditu astelehenetik aurrera

Argatxako Jardiñetako gunearen artxiboko irudia.

Argatxako Jardiñetako gunearen artxiboko irudia.

2022/03/11

Zuhaitz horiek arriskutsuak dira, okertuta daudelako. Horregatik, adaburuak moztu egingo dira, pisua gutxitzeko eta jausteko arriskua saihesteko. Zerbitzu arloak, bestalde, hamabost arbola inguru sartu ditu hirigunean, bere sasoian, gaixorik zeudelako edo hirigintza-jarduketengatik, bota egin behar izan zirenen ordez sartutakoak.

Eibarko Udalak, Zerbitzu Sailaren bitartez, datorren astelehenetik aurrera eta aste osoan zehar, Argatxako Jardiñetan hamabost arbola inausiko ditu, azken hilabeteetan hainbat arrazoirengatik okertu egin direla egiaztatu ondoren. Inausketa sakon hau segurtasun-arrazoiengatik egiten da.

Zehazki, abenduko eurite handiek lurra asko bigundu zuten, eta, goialdean adar asko dituzten arbolak izatera, sustraiek ezin izan diote eutsi pisuari, eta arbolak okertu egin dira, baita haizearen eraginez ere.

Gauzak horrela, komenigarritzat jo da zuhaitzen adaburuak moztea, sustraiek hainbesteko pisurik jasan ez dezaten eta jausteko arriskurik egon ez dadin. Hori eginda, arbolak ez dira okertuko eta haiei eusteko ez da zutoinik jarri beharrik izango. Lan horiek orain dela urte batzuk egin ziren, baina berriro ere adarrak hazi dira eta arbolek tamaina handia hartu dute.

Era berean, aipatu behar da lan hau beti urte sasoi honetan egiten dela, zuhaitzek orain ez baitute hainbeste jasaten inausketaren ondorioak.

Arbolak sartzea herrigunean

Bestalde, Zerbitzu Alorra egun hauetan zuhaitz asko sartzen ari da herri barruan. Bere garaian bota egin behar izan ziren, gaixorik zeudelako eta arriskutsuak zirelako. Guztira hogei arbola inguru sartu dira edo ari dira sartzen hiriguneko hainbat lekutan.

Ziriako Agirre kalean, 5. zenbakiaren aurrean, sagarrondo bat (‘malus’) landatu da; Otaola etorbideko 5. zenbakiaren parean hiru gerezi sartu dira; Indalezio Ojanguren kaleko 1. zenbakiaren ondoan bi platanero jarri dira; beste bi platanero Juan Gisasola 20an; eta beste platanero bat ere bai Untzaga plazan.

Plaza Barria 6an, San Andres elizaren ondoan, elorri familiako zuhaiska bat (‘crotaegus’) landatu da; Bidebarrietako lorategietan (19. zk.) ‘yedoensis’ edo lorategietako gereziondo bat  landatu da; Arane 7 parean, bi ‘chamaerops humilis’ (palmondoa); Urki Kurutzekua parkean, urki  bat (‘betula pendula’) edo eta Karmen 15ean aranondo bat ('prunus pisardi').

Era berean, landaketa berriak egin dira Tiburtzio Anituan, Amañako irteeran (Lidl-en atzeko aldean); han, sei likidanbar landatu dira.

Horrela, Udala bere garaian hartutako konpromisoa betetzen ari da, arrazoi desberdinengatik hiriko hirigunean kendu egin behar izen diren zuhaitzen ordez zuhaitz berriak sartzen joateko.