Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak akordio bat lortu du Barrena kalean dagoen Hijos de A. Gabilondo enpresaren lursailak eta eraikinak eskuratzeko

Hermanos Gabilondo enpresaren irudia.

Hermanos Gabilondo enpresaren irudia.

2021/12/13

Erabakia beste aurrerapauso bat da Barrena kalea eta ingurua berroneratzeko planetan, PSE-EEk eta EH Bilduk duela aste batzuk lortutako akordioaren baitan. Bidezkoa den administrazio-prozedura bete ondoren, Udalak 2.750.000 ordainduko ditu.

Udalak akordio bat lortu du Hermanos Gabilondo enpresaren jabeekin Barrena kaleko 1-3 zenbakietan dauden lursailak eta higiezinak erosteko. Haren arabera, Udalak 2.750.000 euro ordainduko ditu, hasierako salmenta-prezioa baino askoz gutxiago.

Udala hainbat alternatiba aztertzen ari da, izan ere partzela handiak eta bertako eraikinek hainbat aukera eskaintzen dute, betiere tokia berroneratzera begira, intentsitate baxuko eta inpaktu gutxiko lanak eginez eta ingurua "bakantzea" helburu izanik; alegia, helburua izango da pasealekuak eta aisialdirako tokiak sortzea, bai eta ekipamenduak eraikitzea, inguru horretako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko.  

Ildo horretan, mahai gainean dauden aukeren artean, egungo eraikinaren zati bat birgaitzea eta auzoari zerbitzua emango dion udal ekipamendu bihurtzea egongo litzateke; horrek lagunduko du ingurunea biziberritzen eta udalerriko beste eremu batzuetako bizilagunentzat erakargune bilakatzen. Halaber, aztertuko da lurzati horretan inguruko bizilagunentzako aparkalekua sor daitekeen.

Garai bateko industria-gunea erosteko akordioa ezagututa, Jon Iraola alkateak bere “esker ona adierazi dio lursail horien jabeei, akordioa errazteko egindako ahaleginagatik eta azkartasunagatik”. Era berean, zera nabarmendu du: “garrantzi handiko eragiketa da, eta hiriko ekialdeko eremuari eman nahi diogun aldaketa estrategikorako lehen urratsak ematea ahalbidetuko du”.

Iraolaren hitzetan, “trenbide gaineko pasealekua sortzearekin batera, Gabilondoren lursailetan sortuko den espazio berriari esker aisialdirako guneak nabarmen handitzea lortuko da, bai Eibarko herritarrentzat oro har, bai Barrenako bizilagunentzat eta haien ingurukoentzat bereziki.

Udala aspalditik zebilen lanean eta gestioak egiten lursailok erosteko. Akordioari esker, PSE-EE eta EH Bildu taldeek urriaren hasieran hartutako konpromisoen zati bat gauzatu ahal izango da, alegia, hiriaren ekialdeko zati handi bat eta haren ingurunea leheneratzeko konpromisoa.

Bi taldeak bat datoz esatean Barrena kaleko berroneratzea estrategikoa dela eta garrantzi handikoa herriarentzat; eta, horretarako, hainbat jarduketa planteatzen dituzte. Asmoak, oraindik gauzatzeko dauden beste aukera batzuen artean, honako hauek jasotzen ditu: espaloiak zabaltzea, bizikletentzako erreil bat egitea, arbolak landatzea eta ingurune urbanoa hobetzeko eta txukuntzeko antzeko lanak egitea. Horiekin guztiekin Barrena koexistentziako gune bat izatea lortu nahi da eta horretarako, bi taldeek jada diseinatuta duten ibilbide-orri bat gauzatzen joan beharko dute.

Era berean, akordio horrek Eibarrerako hainbat proiektu estrategiko garrantzitsu aurreikusten ditu, besteak beste, trenbidearen estaldura Estaziño eta Azitain artean, trenbidearen trazaduraren gaineko oinezkoen pasealekuari jarraipena emateko, aisialdirako espazio garrantzitsuak sortuz; Txonta auzoa berroneratzeko planak, Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzen sustapen bat abian jartzeko aukera emango dutenak, zeinetan Udala dagoeneko lanean ari baita; edo Barrena kalea eta ingurua berroneratzea.

Lehenengo erabakia, akordio honen esparruan, azaroaren hasieran iritsi zen, datorren urteko udal aurrekontuen zirriborroan Barrena kaleko eta inguruetako hiru jarduketaren finantzaketa sartzea adostean. Zehazki, lehen jarduketa proiektu-pilotu bat da Barrena kalean lan-aktibazioa, orientazioa eta akonpainamendua egiteko; bigarrena saltoki txikiak bultzatzeko programa bat martxan jartzea; eta hirugarrena inguruko jolas-parkeak berdiseinatzea.

Gainera, eta PSE-EEren eta EH Bilduren arteko akordioen esparruan, Udalak onartu zuen, bi alderdien aldeko botoekin, Estaziño eta Azitain arteko trenbidearen gaineko pasealekua eraikitzeko Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmena. Eta orain aurrerapauso berri bat ematen da aurrekontu-akordio honetan, Gabilondo lantegi zaharraren lursailak erostean.

Estaziñotik Azitainerainoko trenbidearen estaldurari dagokionez —lanak Eusko Jaurlaritzak gauzatuko ditu (Euskal Trenbide Sarea) PSE-EEren eta EH-Bilduren arteko akordioari esker— planaren berraktibazioak Iñigo Urkulluren gobernuak proiektua Europako finantzazioa (Next Generation) merezi dutenen artean sartzeko hartutako erabakiari erantzuten dio, haren balio eraldatzaileagatik eta ingurunea hiri-bilbean integratzeagatik.

Egitasmoaren aurrekontua —hasieran aurreikusita zegoen Eibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak erdibana ordaintzea kostua—17 milioi euro ingurukoa da.  Orain, eta berretsi ondoren  Eusko Jaurlaritzaren gestioekin kostuaren % 90 Europako funtsekin finantzatuko dutela (15.727.088 euro), bai Udalak bai Eusko Jaurlaritzak erdibana ordaindu beharko dute gainerako % 10a (% 5 bakoitzak); alegia, entitate bakoitzak 366.000 euro inguru gehi zergak.

Udalak pasealekua egiteko hasieran aurreikusitako funtsak bideratu behar ez dituenez, diru hori hiriaren ekialdean inbertituko da Barakaldo-Barrena-Azitain ingurua berroneratzeko planak gauzatzeko