Udalak adjudikatu ditu Txaltxazelaiko harmailen ingurua hobetzeko eta ur-jokoen eremua egiteko obrak
Eibarko Udalak aste honetan adjudikatu ditu Txaltxazelaiko harmailen ingurua hobetzeko lanak. Obra horrekin, eremua eraberritu egingo da eta ur-jokoetarako eta komun publikoetarako gune bat jarriko da. Lanak Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU enpresari adjudikatu zaizkio 699.158,41 eurotan (BEZa barne). Obrak egiteko epea 22 astekoa da.
Jarduketa hau Bosark Arkitektoak enpresak egindako proiektu batean oinarritzen da, joan den urrian aurkeztu eta, ondoren, lizitaziora atera zena. Aurreikuspenen arabera, lanak datozen asteetan hasiko dira egiten eta uda honetarako amaituta egongo dira.
Guztira, 576 metro koadroko azalera hartzen du obrak; eta horietatik 136 ur-jokoen eremuari dagozkio.
Proiektuak harmailen zati baten espazioa hobetuko du, jarleku gainetan zurezko moduluak jarriko dira, sarrerako eskailerak hobetuko dira, kioskoa txukundu eta ondoko egonlekua berriz zolatu. Gainera, kontuan hartuta herritarrek hirigunean bainu publikoak jartzea eskatzen dutela, komunak egingo dira kioskoaren beraren egituraren azpian, Eibarko Txikito kaletik sartuta.
Ur-jokoei dagokienez, kioskoaren eta harmailen arteko eremuan jarriko dira, jasangarritasun-irizpideak betez. Proiektuak ura kontrolatzeko sistema bat du, erabilitako ura tratatzeko, arazteko eta berrerabiltzeko zirkuitu baten bidez.
Ur-jokoak martxan jartzen direnean, udan erabili ahal izango dira. Uda igaro ondoren, elementuak erretiratu egingo dira, espazioa libre gera dadin urteko gainerako hilabeteetan, toki horretan egiten diren ohiko jardueretarako erabili ahal izan dadin.
Jon Iraola alkateak hauxe azaldu du: “Txaltxazelai ingurua asko erabiltzen dute eibartarrek, batik bat, aisialdirako edo denbora-pasarako. Horregatik, Udaletik jarduketa hauek burutuko ditugu, herritarrek eremu horri ematen dioten erabilera hobetzeko, erosoago bihurtuz eta azpiegitura berriak emanez.”
Eibarko PSE-EE eta Eibarko EAJ-PNVren arteko aurrekontu-akordioaren emaitza da ur-jokoak sortzeko proiektua.