Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 90.000 euro bideratu ditu lehiakortasuna hobetzeko "Eibar Pymeen Plana" martxan jartzeko

2018/10/26

“Eibar Pymeen Plana” ekimenak 15 industria-enpresari emango die aukera laguntza espezializatu eta indibidualizatu bat izateko, lehiakortasuna hobetzeko plan bat zehaztu eta gauzatzeko xedez. Onuradunak 20 langile baino gutxiago dituzten enpresak izango dira eta IKEI RESEARCH & CONSULTANCY enpresa aholkulariaren laguntza izango dute; emaitzak datorren urteko amaierarako egongo dira.

Eibarko Udalak, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailaren bidez, aurten laguntza teknikoko programa bat jarriko du martxan, 90.000 euroko partida batekin. “Eibar Pymeen Plana” izeneko ekimena 20 langilerainoko industria-enpresa eibartarrentzat da; udal laguntza honen bidez, enpresa horiek lehiakortasun-diagnostikoak egin ahalko dituzte, ekintza-planen diseinua, eta plan horiek eta martxan jar daitezkeen ekintzak egiteko bide-orria.

“Industria sektore giltzarria da gure ekonomiaren hazkuntza eta garapenerako”, azaldu du Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzi Alberto Albistegui jaunak. Eta, horrekin lotuta, haren iritzian, "Eibar Pymeen Plana"-rekin "saiatuko gara zehazten zer ekintza eraman behar diren aurrera, enpresaren arlo bakoitzean emaitza onak lortzeko". Albisteguik espero du programan parte hartzaileen aldetik erantzun ona izatea eta hurrengo urteetan  handitu eta errepikatu ahal izatea.

“Eibar Pymeen Plana” programaren hasieran enpresa bakoitzaren egoera aztertuko da detektatzeko zein diren hobetu eta hazi daitezkeen arloak, eta, hortik abiatuta, ekintza-plan indibidualizatuak zehaztuko dira. Ondoren, enpresei lagundu egingo zaie zehaztutako plan horiek martxan jartzen, 2019ko azarora arte; parte hartzen duten pymeek aholkulari-enpresa espezializatuekin elkarlanean jardungo dute, haien lehiakortasun-planean jasotako ekintzak martxan jarri, kudeatu eta jarraipena egiteko.

Plana aurrera eramateko, Udalak 14 hilabete iraungo duen programaren exekuzioa IKEI RESEARCH & CONSULTANCY, SA sozietateari adjudikatu dio; enpresa donostiarrak esperientzia luzea du aholkularitza estrategiko eta korporatiboan. Gainera, eskualdeko hainbat eragile sozioekonomikoren kolaborazioa izango dute, enpresek behar dituzten arloen inguruko laguntza izateko.

Eibarko pymeen garrantzia

Eibarko enpresen artean, Garapen Ekonomiko eta Berrikuntza sailean egiaztatu dute % 90 hogei langiletik beherako pymeak direla. Eibarren finkatutako enpresen % 55 industria-sektorekoak dira. Gainera, industria-enpresa gehienak mikroenpresak dira, eta horiek dira udalerriko enpleguaren % 30 gutxi gorabehera sortzen dutenak.

“Industria-establezimenduak gero eta gutxiago dira eta tamainaz ere txikiagoak; hori dela eta, beharrezkoa da plan integral bat egitea Eibarko enpresen lehiakortasuna sustatzeko, eta, horretarako, diseinatu dugu Eibarko Pymeak Plana”, azaldu du Albisteguik. Aztertutako datuak kontuan harturik eta kontziente izanik zer denbora gutxi izaten duten era horretako enpresetako zuzendariek beren enpresen egoerari buruzko bisio global bat izateko, “ezinbesteko eta oso baliagarritzat ikusten dugu lehiakortasun-diagnostikoak egitea, ekintza-planak eta haien bide-orria diseinatzea, eta ekintza zehatzak ezartzea, herriaren industria-ehuna indartzeko eta lanpostu berriak sortzeko".

Anbizio handiko jarduera bat da, Eibarko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailaren ekintza-ildoetako baten barruan txertatzen dena; helburutzat du herrian jarduera ekonomikoa egonkortzea, haztea eta dibertsifikatzea eta espero dute Debabarrena eskualdeko eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza bultzatzea.

Ekimen hau Lehiakortasun Jardunaldi batean aurkeztuko da, datorren urriaren 31n izango dena, eta bertan programan parte har dezaketen enpresen kolektiboari egingo zaio gonbita; gainera, lehiakortasun-aurrediagnostikoak egingo dira in situ.