Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 71.730 euro jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldunditik Astelena frontoian aldageletako eta solairuarteko eraberritze-proiektuagatik

Artxiboko irudia. Astelena frontoia.

Artxiboko irudia. Astelena frontoia.

2022/11/25

Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak Udalak adjudikatutako obren kostuaren % 50 inguru finantzatuko du. Dagoeneko amaituta dauden lanen ondorioz, pilotalekuak sarbide berri bat du, gizonen eta emakumeen aldagelak eta fisioterapia-gune bat, besteak beste.

Eibarko Astelena pilotalekuko aldagelak eta solairuartea eraberritzeko proiektuak 71.730 euroko dirulaguntza jasoko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, hau da, foru-erakundeak lurraldeko kirol-ekipamenduak hobetzeko Debabarrena eskualdera bideratu duen aurrekontu osoaren % 46. Hala, Diputazioak diruz lagunduko du Udalak adjudikatutako obraren kostu osoaren erdia inguru. Obra osoaren kostua 157.109,67 eurokoa zen.

Proiektuak frontoirako sarbideak hobetzea ekarri du: gaur egungoa baino sarrera zabalagoa eta modernoagoa eman dio frontoiari, larrialdietan ebakuazioa hobetu da eta Ipuruako Kiroldegitik urruneko irekiera ahalbidetu du. Frontoiak, halaber, atondo berri bat du, non udal-erabilerarako bulego-gune bat eratu den. Gizonen eta emakumeen aldagelak ere eraiki dira, arbitroarentzako gela bat, fisioterapia-gune bat eta hainbat biltegi; ondorioz, barruko ekipamendua hobeto antolatu da.

Jon Iraola alkateak obraren garrantzia baloratu du: “Astelena frontoia Eibarren dugun kirol-ekipamendurik zaharrena da, dudarik gabe. Beharrezkoa da hobekuntza-lan hau egitea herritarrek frontoiaz disfrutatzeko”, adierazi du.

“Hilabete batzuetan ostean, frontoia berriz ere martxa betean da. Herriko klubek asteak daramatzate entrenatzen eta azaroaren 30an, San Andres egunean, atzera ere pilota profesionaleko jaialdi bat egingo da”, gaineratu du. “Oso pozik gaude Foru Aldundiaren inplikazioarekin eta espero dugu etorkizunean elkarlanean segitzea, instalazioen alorrean ditugun erronkei aurre egiteko".

Bestalde, Harkaitz Millán Kultura eta Kirol diputatuak zera esan du: “Badakigu jarduera fisikoa egiteko tokiak gertu edukitzea eragin-faktore bat dela kirola egiteko erabakian.

Eta kirol-jardueraz harago, zeharkako alderdietan ere eragiten du, hala nola osasunean, heziketan, elkarbizitzan, berdintasunean edo ekonomian”.