Eibarko Udala

Udalak 434.000 euro inbertitu ditu lurrazpiko 29 edukiontzi ordezteko herriko hainbat tokitan

2022/11/03
Urkizuko dorreen aurrean dagoen edukiontzien irlatxoaren artxiboko irudia.

Urkizun, Toribio Etxebarrian, Bidebarrietan eta Errebalen dauden edukiontziak ordeztu dituzte (errefusa, ontziak, paper eta kartoia eta beira).

Hondakinen lurrazpiko 29 edukiontzi aldatu dira Eibarko hainbat tokitan azken asteetan, bilketa-zerbitzua hobetzeko helburuarekin, eta urteak igaro ahala aurreko biltegiak hondatuz joan direlako. Lan horiek egiteko udal-inbertsioa 433.918 eurokoa izan da.

Debabarreneko Mankomunitateak, hondakinen bilketa- eta gestio-lanak egiteaz arduratzen den lurralde-erakundeak, duela hilabete batzuk ekin zion edukiontziak aldatzeko planari. Guztira 65 edukiontzi aldatu dira eskualdean (912.522 euroko inbertsioa guztira); horietatik 29 Eibarren daude eta gainerakoak beste herri batzuetan, hala nola Ermuan, Elgoibarren eta Mutrikun.

Zehazki, Eibarren Urkizuko, Toribio Etxebarriako, Bidebarrietako eta Errebalgo edukiontziak ordeztu dira.  Jarduketen kostua honela banakatzen da: alde batetik, edukiontzien hornidura bera, eta, bestetik, kontroleko sistema elektriko-hidraulikoaren, irlatxoa drainatzearen eta edukiontzien aginteen instalazioak.

Urkizuko edukiontzien irlatxoan, dorreen parean, 11 edukiontzi ordeztu dira; haietatik bost errefusakoak dira, bi paper eta kartoia biltzeko, bi ontzietarako eta bi beirarako. Toribio Etxebarria kalean, anbulatorioaren ondoan, 6 edukiontzi berri jarri dira (hiru errefusakoak, bat paper eta kartoirako, bat ontzietarako eta bat beirarako).

Bidaberrietan, 60 zenbaki parean, 5 edukiontzi aldatu dira (bi errefusakoak, bat paper eta kartoirako, bat ontzietarako eta bat beirarako); eta Errebalen beste 7 berritu dira (hiru errefusarako, bi ontzietarako, bat paper eta kartoirako eta bat beirarako).  20 edukiontzi berrietatik, 13 errefusakoak dira, 6 ontzietakoak, 5 paper eta kartoikoak eta 5 beirakoak.

Inbertsioari aurre egiteko, Mankomunitateak gerakin ekonomiko bat erabili du, udalerrien artean banatuz. Horretarako, kontuan hartu da herri bakoitzari dagokion zenbatekoa, Mankomunitateko partaidetza-kotaren eta eskualdeko erakundeari egiten dioten ekarpenaren arabera.

Baremo horien arabera, Eibarri Mankomunitatearen 329.997 euroko gerakina zegokion edukiontziak ordezteko, eta egin beharreko inbertsiorako nahikoa ez zenez, Udalak beste 103.921 euro jarri behar izan ditu gastatutako 433.918 euroak osatzeko.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “datu hauek erakusten dute Eibarko Udalak inbertitzeko egiten duen ahalegina herrian hondakinen bilketa hobetzeko. Horrela, edukiontzi berriekin hondakinak birziklatzeko sistema hobetzea ahalbidetzen da eta kamioiek hondakinak biltzea errazten.”

Hobekuntzak kale-garbiketan

Lurpeko edukiontziak berritzeko inbertsio berri hau Udalak azken hilabeteetan Eibarko kaleak garbitzeko egindako inbertsio garrantzitsuei gehitu behar zaie. Zehazki, irailean Eibarko kaleetako garbiketa indartzeko 204.560 euroko gastu berezi bat onartu zuen Udalak.

Inbertsio horrek Udalak egindako eskaera bati erantzuten zion; izan ere, herritarren ustez egungo kale-garbiketa, zeinaren zerbitzua Mankomunitateari dagokion, ez zen behar bestekoa. Udalak zerbitzua inplementatzeko, furgoneta hidrogarbitzaile bat eskuratu eta martxan jarri du eta ekipo berriaz arduratuko den langile bat kontratatu du.

Gainera, makina eta langile gehiago izango dira laster, bigarren makina hidrogarbitzaile bat erosiko baita eta langile gehiago kontratatuko; hala, bi ekipo horiek martxan egongo dira urtean 221 egunetan, asteazkenetik igandera. Horretaz gain beste neurri batzuk ere hartu dira, hala nola ur-harguneetako ura erabiltzea, baliabide materialak berrantolatzea, bai eta lirdinga garbitzeko produktu berriak erabiltzea ere.