Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 400.000 euroko dirulaguntza bat onartu du Txonta auzoko eraikinak birgaitzeko, Eusko Jaurlaritzak emandakoaren osagarri

Txonta auzoko argazkia.

Txonta auzoko argazkia.

2020/11/20

Dirulaguntza hau eskuratzeko eskaerak egiteko epea 2022ko azarora arte egongo da zabalik.

Eibarko Udalak dirulaguntza-programa berri bat onartu du, Txonta auzoko etxebizitza-eraikinen irisgarritasuna hobetzeko eta etxebizitzok modu eraginkorrean birgaitzeko. Dirulaguntza hori 400.000 eurokoa da guztira, eta auzo horretako 2, 3, 5, 15, 17, 25, 27, 29, 38, 40, 42, 44, 46, 48, 50 eta 52 zenbakiko bizilagun-komunitateek jaso ahal izango dute.

2017. urtearen amaieran, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Txonta auzoari eman zion 2.300.000 euroko dirulaguntzaren (2.535.000ra gehitu zena pasa den uztailean)  osagarri dira oraingo udal laguntza berri hauek.

Dirulaguntza horren xedea da Oinarrietan berariaz aipatzen diren jarduketa guztiak egitea; besteak beste, igogailuak eta arrapalak jartzea, eta etxebizitzetarako irisgarritasuna bermatzeko eta eraikinaren inguratzailea (fatxadak, estalkia, hegalkinak) hobetzeko balio duen beste edozein obra egitea.

Era berean, laguntzari esker, borondatezko beste jarduera batzuk ere egin ahal izango dira, helburu hauek dituztenak: energia primarioaren kontsumoa murriztea, hala nola banakako galdarak errendimendu handiko gas naturalez ordezkatzea, eguzki-panel termikoen bidez ur bero sanitarioa ekoizteko sistemak instalatzea, edo berokuntzako eta ur bero sanitarioko sistema zentralizatuak instalatzea, biomasa-galdararekin edo energia berriztagarriko beste sistema batzuekin.

Diru-kopuru hori erabiliko da, halaber, baliabide ekonomiko gutxi dituzten auzotarrei laguntza osagarriak emateko.

Onartu berri den dirulaguntza eskuratzeko, beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza ere jaso duten bizilagunen Komunitateak izatea.

Gainera, Jabekideen Komunitateei birgaitze-lanak egiteko onartutako gainerako dirulaguntzen zenbatekoak behar bezala justifikatutako kontzeptu hauen ondoriozko zenbatekoen baturaren (BEZa barne) % 60 baino txikiagoa izan behar du,: proiektua idaztea eta obra-zuzendaritza; hala bada kasua, Eraikinaren Txosten Teknikoa idaztea (ETT); etxebizitzen monitorizazio-kostuak eta horien jarraipena, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan aurreikusitako baldintzak betez; dagozkien birgaikuntza-obrak egitea.

 “Irmoa eta etengabea da Eibarko Udala gure hiriko etxebizitza-parkea birgaitzearen eta irisgarritasuna hobetzearen alde egiten ari den apustua. Horren erakusgarri da gai horretarako urtero ematen dugun dirulaguntza bere horretan utzi izana, ezertxo kentzeke, duela hilabete batzuetatik hona COVID-19aren pandemiak eskatzen duen ahalegin ekonomikoa handia izan arren. Ildo horretan, osagarri legez, eta Txonta auzoaren ezaugarri bereziak oso aintzat hartuta, Hirigintza Sailak erabaki du 400.000 euro bideratzea Txonta auzoaren birgaitzea bermatzeko, birgaitzea laster errealitate izan dadin." Hala esan du Jon Iraola Hirigintzako zinegotziak.

Eskabidea hilabeteko epean aurkeztu beharko da, gehienez ere, obraren zuzendaritza fakultatiboak emandako obra-amaierako ziurtagiriaren egunetik kontatzen hasita. Eskaerak egiteko azken eguna 2022ko azaroaren 30a izango da.

Eskabideak bertaratuta edo elektronikoki aurkez daitezke. Eskabideak modu presentzialean egiteko TXONTA OPENGELA auzoko bulegora joan behar da, bulego-orduetan. Elektronikoki, udal webgunearen bidez: www.eibar.eus. Izapidea elektronikoki egiteko beharrezkoa da ziurtagiri digital bat izatea ( B@K-Q, NAN elektronikoa,  Izenpe txartela, eta abar).

Lehenxeago aipatutako Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren azken ordainketa egiteko eskaera ere aurkeztu beharko da, aldez aurretik edo aldi berean.

OPENGELA finantzazioa

Bestalde, lehen esandako dirulaguntzez gain, Udalak eta Jaurlaritzak, OPENGELA Programaren barruan (Eusko Jaurlaritzak bultzatutako proiektua, Europar Batasunaren laguntzarekin, hirietako bizi-kalitatea hobetzea helburu duena hiri-birsorkuntza integralaren bidez; Txonta auzoa horren esperientzia pilotua dena) auzoko bizilagunen esku finantzabide osagarria jarriko dute baldintza berezietan beren etxebizitzak birgaitzeko obretarako.

Hala, joan den asteartean, azaroaren 17an, OPENGELA programak eskaintzen duen finantziazioari buruzko informazio-saio presentziala eskaini zitzaien udaletxean Txontako auzolagunen Komunitateetako presidenteei, izan ere, COVE 19 pandemiak ezarritako aforo-murrizketek ez baitute uzten jende gehiago batzen. Nolanahi ere, gainerako herritarrek streaming bidez jarraitu ahal izan zuten saioa Udalak horretarako  jarritako estekaren bidez.

Bilera hartan, auzoko bizilagunei finantzaketaren oinarrizko ezaugarriak helarazi zitzaizkien.

Gainerako xehetasunak eta eskatzaile bakoitzaren egoera pertsonala behar bezala azaldu eta aztertuko dira, hemendik denbora gutxi barru eta bakarka, auzotar bakoitzak obrak finantzatzeko ardura duen erakundearekin hitzartu ahal izango dituen bileretan. Erakunde hori Txonta kaleko 5. zenbakian dagoen TXONTA OPENGELA auzo-bulegora joango da aldian-aldian.