Eibarko Udala

Udalak 3.000 euroko dirulaguntza humanitarioa bideratuko du Turkiako eta Siriako lurrikaretan kaltetutakoei laguntzeko

2023/02/08
Mapan, Turkia eta Siria.
Laguntza Gurutze Gorriaren bidez igorriko da, zeina bertan ari baita lanean hondamendiaren ondorioak arintzeko eta herritar zibilei arreta emateko. Horrela, Eibarko Udalak bat egiten du mundu mailan egin den laguntza- eta lankidetza-deialdiarekin.

Eibarko Udalak, Alkatetzak proposatuta, 3.000 euroko partida bat bideratzea erabaki du, laguntza humanitario gisa, Turkiaren hego-ekialdea eta Siriaren iparraldea suntsitu dituen lurrikarak kaltetutako pertsonei laguntzeko.  Laguntza Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez bidaliko da, mundu mailan egindako laguntza eta lankidetza deialdiari erantzunez.

Aurrekon astelehenean, otsailak 6, Richter eskalako 7,8 graduko lurrikara batek Turkia hego-ekialdea eta Siria iparraldea astindu zituen goizeko laurak zirenean (bertako ordutegia).  Turkiako agintariek 1939an izandakoarekin alderatu dute lurrikara —orduko hartan 30.000 hildako baino gehiago izan ziren—, eta, haren ondorengo orduetan garrantzi handiko hainbat erreplika izan dira, horietako bat 7,5 gradukoa.

Dardara horien ondorioz, eta Eibarko Alkatetzaren ebazpen bidez dirulaguntza ematea onartu den unean, jakinarazi dute bi herrialdeen artean 5.000 lagun baino gehiago hil direla, 20.000tik gora zauritu direla eta desagertuen kopuru zehaztugabe bat dagoela; izan ere, bilaketa-lanetan jarraitzen dute eraitsitako milaka eraikinen hondakin artean, eta, ondorioz, zaurituen eta hildakoen kopuruak nabarmen egin dezake gora.

Kalte materialaz gain, bi herrialdeetako hainbat azpiegitura eta hornidura ere kaltetuta geratu dira.

Egoera horren aurrean, tokian bertan, Turkiako eta Siriako larrialdi-kideekin batera, Turkiako eta Siriako Ilargierdi Gorriak laguntza humanitarioa eskaintzen ari dira, Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren Nazioarteko Federazioak Hondamendiei Erantzuteko Larrialdietarako Funtsa aktibatu ondoren.

500dik gora langile eta boluntario ari dira lanean, eta, besteak beste, sukalde mugikorrak jarri dituzte, elikagaiak banatzeko ehun bat ibilgailu, larrialdietarako 40 ibilgailutik gora, mila kanpin-denda baino gehiago, 5.000 karpa eta 15.000 manta baino gehiago prestatu dituzte.

Gainera, Europako herrialdeak mobilizatzen ari dira laguntza humanitarioa eta salbamendu-lanetan lagunduko duten erreskate-taldeak helarazteko. Mundu mailako laguntza eta lankidetza deialdi honi erantzunez, Eibarko Udalak 3.000 euroko partida bat helaraztea erabaki du, Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bitartez bideratuko dena.

Ekarpen ekonomiko hau ‘Hondamendi naturaletarako dohaintzak’ izeneko partidaren kontura egingo da, Udalak bere udal-aurrekontuetan Lankidetza Sozialeko Proiektuetarako gordetzen dituen diru-kopuruen barruan. Urtero, Udalak 6.000 euroko partida bat bideratzen du halako dirulaguntza premiazkoetarako. 2023ko aurrekontuen kargura, hauxe da onartu den lehen dirulaguntza.

Iaz bi laguntza bideratu ziren, bata 3.000 eurokoa, otsailean, Ukrainako gerraren ondorioak arintzeko; eta bestea, 2.000 eurokoa, Pakistango uholdeek kaltetutako pertsonentzat.  Eta 2021ean, Udalak, dirulaguntzak onartu eta bideratu zituen (haietako bakoitza 2.000 eurokoa) biktimei laguntzeko, Gazako gatazkan, Haitiko lurrikaran eta La Palmako sumendiaren erupzioan.