Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 217.376 eurotan esleitu ditu Saratsuegiko skate-pista berritzeko lanak

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2022/11/15

Proiektu hau Udalaren beste urrats bat da kirol-modalitate honen erabiltzaileen eskariari erantzuteko eta horretarako instalazio egokiak izateko. Lanen egikaritze-epea bi hilabete eta erdikoa izango da, eta Roig i Fills Associats enpresari esleitu zaizkio lanak.

Udalak 217.376,50 eurotan esleitu dizkio Roig i Fills Associats SA enpresari Saratsuegin dagoen skate-pista berritzeko lanak;  obrak egiteko epea bi hilabete eta erdikoa izango da. Proiektu honen lizitazio-prozesua itxi ostean, aurki hasiko dira lanak, adjudikaziotik eratorritako administrazio-izapideak formalizatu bezain laster.

Urteekin gaur egungo instalazioak hondatzen joan direla eta altzari asko zaharkituta geratu direla egiaztatu ondoren, Udalak iazko udan atera zituen lanak lizitaziora, kirol-modalitate honetako ordezkariek egindako eskaerei erantzunez.

Diseinu berria Daniel Yábar Ramos arkitektoak egin du eta egungo skate-parkeak eraberritzeko eta Eibarrek kirol urbanoetarako (skate, BMX, roller) kirol-instalazioak edukitzeko premiei erantzunez planteatu zen. Egitasmoak, ezaugarri teknikoez gain, skate-parkeetako adituen irizpideak jasotzen zituen, eta kontuan hartzen zituen halako kirol-modalitateetan aritzen diren pertsonen proposamenak eta iradokizunak.  

Lanen hasiera dela-eta, Jon Iraola alkateak zera adierazi du: “Izapide honekin Udaletik azken urratsak eman ditugu skaterrei merezi duten espazioa eskaintzeko, kirol honetan instalazio modernoekin eta modu seguruan jarduteko, eta erabiltzaileen beharretara egokitutako instalazioak edukitzeko, betiere haien irizpideak kontuan hartuta.”

Saratsuegiko parkeak aspalditik ditu skate-an aritzeko instalazioak, etxebizitzak eraiki zirenetik ia. Hala ere, urteekin, azpiegitura hori hondatzen joan da eta zaharkituta geratu da erabiltzaileek kirol urbanoak egiteko eskatzen dituzten joera berrietarako.

Horregatik, proiektu berriaren bidez espazio publiko hau berreskuratu eta dinamizatu nahi da. Hala, Udalaren eta erabiltzaileen artean diseinatutako espazioan arrapala edo ‘bowl’ gune bat jarriko da, giltzurrun forman, eta kale edo ‘street’ eremu bat, hainbat modalitatetan jardutea ahalbidetuko duena.

Jarduera horien helburua da ingurunea dinamizatzea, kirol urbanoen eszenatokia hobetzea eta espazio publiko hori inklusiboagoa egitea. Gainera, skate-parkearen diseinuak askotariko oztopoak jarriko ditu, eta arrapalaren eta 'street'-aren erabilera orekatzen saiatuko da.

Azkenik, dauden hesien ordez berriak jarriko dira, publikoarentzako harmailetako hormak saneatu eta pintatu egingo dira, paperontzi berriak jarri eta argiteriaren zutoinak birkokatu egingo dira.