Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 21 pertsona kontratatuko ditu hainbat administrazio-lan egiteko eta Brigadarako

Eibarko Udalaren eta Lanbideren logotipoak.

Eibarko Udalaren eta Lanbideren logotipoak.

2020/10/19

Kontratazio guztietatik 18 pandemiaren kontrako Txoke Planetik eratorritakoak dira, eta gainerakoak udal sailetako beharretatik. Lan horiek eskuratzeko izena emateko epea urriaren 26an amaituko da, eta aurrekontua Udalaren eta Lanbideren artean ordainduko da.

Eibarko Udalak 21 pertsona kontratatzeko prozesu bat jarri du abian, hainbat lan egiteko administrazioan zein zerbitzu arloan. Kontratazioak lanaldi osokoak izango dira eta gehienak sei hilabetekoak. 21 kontratazioetatik, 18 COVID-19aren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko Udalaren txoke-planean sartzen dira.

Enplegu plan berri hau Udalak sustatzen du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera, zeinak kontratazioak kudeatuko baititu. 350.000 euro inguruko kostua izango du eta bi erakundeen artean ordainduko da.

Pandemiaren aurkako txoke-planeko enpleguei dagokienez, 14 kontratazio udal brigadaren lanetarako (desinfekzioak, lorezaintza, igeltserotza…) izango dira, 3 Gizarte Zerbitzuetarako, eta 1 Garapen Ekonomikoa sailerako.

Beste hiru kontratazioak hauexek dira: administrari bat Eibarko 675 urteurrenerako jarduera-programarako (Ego Ibarra Batzordea), maila ertaineko teknikari bat Armagintza Museoaren webgunea kudeatzeko, eta administrari laguntzaile bat udaleko errolda-artxiboaren proiektu baterako.   

Kontratazio guztiak aldi baterakoak izango dira eta sei hilabeteko epea izango dute, salbu eta Gizarte Zerbitzuetako administrari laguntzaile batena, 4 hilabetekoa, eta Museorako teknikariarena, hiru hilabete eta erdikoa.

Enplegu hauetakoren bat eskuratzeko epea urriaren 26an amaituko da, eta Lanbideren bidez egin beharko da.

Enplegu-eskaintza huen zehaztasunak eta baldintzak Eibarko Udalaren www.eibar.eus webgunearen bidez kontsulta daitezke, ‘Tramiteak eta zerbitzuak’ atalaren barruan ‘Enplegua-Beharginen aukeraketa’ etiketan  ‘Lanbide’ aukeratuz. Lanbideren 943 023802 telefonora deituz ere informazioa jaso daiteke.

etiketak: Lanbide, Eibarko Udala