Eibarko Udala
zerbitzuak

Eibarko Udalak aire girotuaren instalazioari ekin dio Orbeako Haurreskolan, haurrak erosoago egon daitezen

2026/09/14
Artxiboko irudia.

Jarduketak 12.624 euroko (gehi BEZa) aurrekontua izango du eta hiru aste inguruko iraupena. Orbearen ostean, Amaña, Arrateko Andramari eta Jazinto Olaberekin jarraituko du Udalak.

Eibarko Udalak pasaden asten hasi zituen Orbeako Haurreskolan aire girotuko sistema jartzeko lanak, instalazio horiek erabiltzen dituzten haurren erosotasun eta ongizate baldintzak hobetzeko asmoz.

Jarduketak familiek egindako eskaera bati erantzuten dio, zeina Jon Iraola alkateak eta zinegotziek ikastetxeko zuzendariarekin izandako bileretan jaso duten. Azken hilabeteetako tenperatura altuen eraginez, garbi ikusi da espazio horietako klimatizazio-baldintzak hobetzeko bidean aurrera egiteko beharra.

Lanek, ekipoen hornidura eta instalazioa barne, 12.624 euroko aurrekontua dute, gehi BEZa, eta hiru aste inguruko iraupena izatea aurreikusten da.

Jon Iraola alkateak hauxe adierazi du: “Udalean familiengandik gertu egon nahi dugu, eta haien proposamenak eta premiak entzun. Orbean aire girotua jartzea horren adibide da: familiek eskaera hori egin ziguten, eta aztertu ondoren, haurren eta ikastetxean lan egiten duten pertsonen erosotasuna hobetzea ahalbidetuko duen jarduera bat jarri dugu martxan”.

Alkateak nabarmendu duenez, “herritarrei entzuteak ondorio zehatzak ekarri behar ditu. Hori da gure lan egiteko modua: premiak bertatik bertara ezagutu, egon daitezkeen irtenbideak aztertu eta, bideragarriak direnean, martxan jarri”.

Behin Orbean lanak amaituta, udal-haurreskolen klimatizazioa hobetzen jarraituko du Udalak. Hurrengo obrak Amaña, Arrateko Andramari eta Jazinto Olabeko haurreskoletan egingo dira.

Udalak prest ditu jada lan horietarako behar diren aurrekontuak, eta plangintza lantzen ari da, zentroetako klimatizazio-beharrei pixkanaka erantzuten jarraitzeko.

Andoni Ameztoy Obretako zinegotziak zera adierazi du: “Lanean dihardugu jarduketa hauek modu ordenatu eta progresiboan egin daitezen. Orbean hasi gara eta gero Amañan, Arrateko Andramari eta Jazinto Olaben jarraitzeko asmoa dugu. Gure helburua da ikastetxe bakoitzaren beharrei erantzuten joatea eta bertako instalazioen baldintzak hobetzea”.

Ameztoyk azaldu duenez, “ekipoak instalatzeaz gain, haien konexio elektrikorako beharrezkoak diren lanak ere kontuan hartu behar dira, eta beraz, alderdi tekniko guztiak koordinatzen ari gara, jarduketak ahalik eta modu eraginkorrenean egin ahal izateko”.

Eibarko Udalak, halaber, lanean dihardu Coliseo antzokiaren klimatizazio-baldintzak hobetzeko. Une honetan, jarduketaren memoria lantzen ari da, datozen hilabeteetan hobekuntza egin ahal izateko dirulaguntza jasotzeko xedez.

Hala, udalak bere ekipamenduak egokitzeko eta hobetzeko lanean jarraitzen du, azken hilabeteotan izaten ari diren tenperatura altuei aurre egiteko.

Era berean, Jon Iraolak zera adierazi du: “Haurreskoletatik harago ere begiratzen ari gara. Coliseoaren kasuan, dirulaguntza jaso ahal izateko eta jarduera hori posible egiteko beharrezkoa den memoria lantzen ari gara dagoeneko. Eskura ditugun finantzazio-bide guztiak baliatu nahi ditugu gure ekipamenduak hobetzen jarraitzeko eta egungo beharretara egokitzeko”.

Amaitzeko, Andoni Ameztoy Obretako zinegotziak zera gaineratu du: “Coliseoa da lantzen ari garen beste espazio bat. Orain, dirulaguntza jasotzeko aukera emango digun memoria teknikoa prestatzen ari gara buru-belarri, eta, finantzaketa hori lortzen badugu, datozen hilabeteetan ekin ahal izango diogu obrari. Garrantzitsua da hobekuntza hauek garaiz planifikatzea eta proiektuak prest edukitzea sor daitezkeen finantziazio-aukerak baliatu ahal izateko”.