Eibarko Udala
Pleno txikia

Udalak 2030 Eskola-Agendaren Osoko Bilkura hartu du

2025/05/22
Eibarko ikastetxeetako ikasleak eta udal ordezkariak.
Eibarko ikastetxeetako ikasleak eta udal ordezkariak.

Aurten, Eibarko ikasleek “Ekoizpen eta kontsumo arduratsua” gaia landu dute 2030 Eskola Agendaren programan. Gai honen inguruko hainbat konpromiso hartzeaz gain, proposamen zehatzak aurkeztu dizkiete udal-ordezkariei.

Eibarko 7 ikastetxetako (Urkizu Eskola, San Andres Ikastetxea, La Salle Isasi, Amaña Herri Eskola, Arrateko Andra Mari ikastetxea, J.A. Mogel Ikastola, La Salle Azitain) ikasleek aurten ere egin dute 2030 Eskola-Agendaren barruan antolatzen den Osoko Bilkura. Bertan, Udalak erantzuna eman die ikasleek egindako eskaera eta proposamenei.

Ikasturte honetan “Ekoizpen eta kontsumo arduratsua” gaia landu dute 2030 Eskola-Agendaren programaren barruan. Horretarako,  ikastetxeak lankidetzan aritu dira Eibarko Udalaren Ingurumen Sailarekin, Debegesa Garapen Agentziarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Berritzegune Nagusiarekin.  

Urte honetan zehar zentroetan hainbat jarduera egin dira “Ekoizpen eta kontsumo arduratsua” gaia lantzeko. Horretarako, gai honekin lotutako zenbait eduki jorratu dituzte, hala nola hondakinak, jostailuak eta arropa berrerabiltzea, garaian garaiko eta 0km-ko produktuen kontsumoa, uraren kontsumoa, tokiko merkataritza guneetan kontsumitzea, aisialdi jasangarria…

Egoeraren diagnostikoa egin ondoren, ikasleen ordezkariek ateratako ondorioak aurkeztu dituzte 2030 Eskola-Agenda Osoko Bilkuran; era berean, beren eskaerak eta proposamenak ere egin dituzte, herri jasangarriago bat eraikitze aldera.  Horrez gain, aurten, ikasleek ekoizpen eta kontsumo arduratsuarekin lotutako hainbat konpromiso ere hartu dituzte. Udal-ordezkariek ikasleen eskaera eta proposamen horiei erantzun diete gaur, maiatzak 22 (osteguna), Pleno Aretoan egin den osoko Bilkuran.

Jarraian, Udalari egindako zenbait proposamen zehazten dira. Ikasleek horiek bideratzeko ideiak ere eman dituzte:

  • Garaian garaiko produktuak kontsumitzeko kontzientziazio-kanpaina bat martxan jarri
  • Herritarrei informazioa eman herrian arropa eta bestelakoak berrerabiltzeko dauden aukeren inguruan (bitartekoak, elkarteak).
  • Iturrietako uraren kontsumoa murriztu
  • Herriko haur-parkeak estali
  • Kontzientziazio-kanpainak egiten jarraitu hondakinen prebentzioaz eta birziklatzeaz
  • Ekimenak antolatu jostailuak eta bestelako objektuak berrerabiltzeko
  • Edukiontziak dauden guneak hobeto garbitu
  • Identifikatu non falta diren zakarrontziak, hondatutakoak aldatu eta sarriago hustu
  • Merkataritza txikia eta hurbileko kontsumoa bultzatzeko kanpainak antolatu
  • Moda jasangarriaren inguruko kontzientziazio-kanpainak, tailerrak eta ikastaroak antolatu, jendeari erakusteko birziklatutako materialekin arropak konpontzen edota berriak egiten
  • Tokiko kultura babestu, aisialdi jasangarria sustatu eta mugikortasuna gutxitzeko jarduera gehiago antolatu herrian

Plenoaren grabazioa Udalaren YouTube kanal ofizialean dago ikusgai.

2030 Eskola-Agenda Debabarrenean

2030 Eskola-Agenda jasangarritasunari begirako heziketa-programa bat da, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duena Berritzegune Nagusiaren bidez  Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak 20 urte darama eskualdeko udalekin elkarlanean, 20230 Eskola-Agenda bultzatu eta koordinatze aldera.

Helbururik behinena da ikasleen parte-hartzea eta protagonismoa bultzatzea herrian erabakiak hartzeko eta ekintza eraldatzaileak garratzeko orduan. Ingurumen Heziketa programa den aldetik, helburua da ezagutzak, gaitasunak, jarrerak, motibazioa eta konpromisoak garatzea, ingurumen-arazoetan parte hartzeko.

Eskualdeko 19 ikastetxek hartzen dute parte proiektuan, zeinak heziketa-komunitateko partaide guztientzako ekintzak antolatzen dituen: irakasleak, ikasleak eta familiak.