Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 200.000 euroko dirulaguntza eman du Teknikerren dagoen enpresen haztegia handitzeko

IK4-Teknikerren instalazioen artxiboko irudia.

IK4-Teknikerren instalazioen artxiboko irudia.

2022/06/27

Proiektuak —oinarri teknologikoko egitasmoak dituzten pertsona ekintzaileei zuzendutakoa— lau haztegi berri eta bi laborategi izango ditu. Ekimenak bat egiten du oinarri teknologikoko enpresa berritzaile berriak sortzeko Eibarren dagoeneko martxan dauden eta Udalak bultzatutako edo lagundutako beste ekimen batzuekin

Eibarko Udalak eta Tekniker Fundazioak hitzarmen bat sinatu dute Teknikerri dirulaguntza izendun bat emateko. Hitzarmen horren helburua da Erisono industrialdeko zentro teknologikoaren instalazioetan lehendik dagoen enpresa-haztegien espazioa handitzea; horretarako, Udalak 200.000 euro emango ditu.

Lortutako akordioaren arabera, kopuru hori enpresei  lau haztegi-gune berri eta bi laborategi sortzeko eta abian jartzeko erabiliko da. Horrela, teknologia arloko enpresentzako zerbitzu berri baten garapena finantzatuko da, hasieran baldintza ekonomiko onak eskainiz.

Gaur egun, enpresa hauek daude haztegian:

Iten It&ot Solutions Sl.

I&OT soluzioak 4.0. industriarako

WELLK Software Solutións SL

Kirol-software bat da, jarduera fisikoa sustatzeko. Kirolariak konektatzen ditu, kirol-guneak ezagutu, diseinatu eta aztertzen ditu.

ScrapAd

Marketplace industria-hondakinen salerosketarako.

Atten2 Advanced Monitoring Technologies

Zenbait fluidoren (bereziki olio lubrifikatzailearena) ezaugarri espezifikoak neurtzeko lineako sentsore optikoak garatu, ekoitzi eta merkaturatzea; baita zerbitzu eratorriak egitea ere.

LEUNTEK Goi-mailako teknologiako leunketa-enpresa

Alde horretatik, ATTEN2-k eta LEUNTEK-ek garatuko dute beren jarduera inbertsio honekin sortuko diren bi laborategietan. Gainera, handitze honen zain dauden 4 gune berriak ekimenekin bete ahal izango dira.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Eibarko Udalak garatzen eta sustatzen dituen programen bidez ikus daiteke ekintzailetza Udalak egiten duen apustu sendoa dela. Garrantzitsua da dagoeneko gauzatuta dauden proiektuei eustea eta horiek indartzea, baina, horrez gain, garrantzitsua da ekosistemaren bat sortzea ere, ekintzailetzaren apustua erakargarria izan dadin. Horregatik, Teknikerri ematen diogun dirulaguntza hau beste urrats bat gehiago da pertsona ekintzaileekiko dugun konpromiso horretan eta berrikuntza eta teknologia erakartzen jarraituko duen Eibar lortzeko bidean.”

Ekimen honek bat egiten du, enpresen haztegiak garatzeko espazioak sortzeko, Udalak bultzatutako edo lagundutako beste hainbat proiekturekin. Duela hilabete batzuk, Udalak haztegi bat inauguratu zuen Debegesaren instalazioetan, Azitainen, zeina Eskualdeko Garapenerako Elkartea ari den kudeatzen. Beste enpresa-haztegi batek ere, Eibarguneak, Udalaren laguntza jasotzen du.

Proiektu osagarri batzuk dira, ekintzailetza sustatzeko eta enpresa eta proiektu berriak sortzeko asmatuak, guztiak ere eskualdean dauden gainerako azpiegitura guztiekin eta baliabideekin koordinatuta eta elkarlanean burutzen ari direnak.

Eibarren dauden hiru haztegietako bakoitzak ekintzailetza sustatzen du hainbat esparrutan: Eibargunekoak zerbitzuak ditu jomuga, Debegesan dagoen haztegiak joera berritzaileagoa du, eta Teknikerreko haztegiek oinarri teknologikoko proiektuak dauzkate xedetzat. Horrela, jarduera ekonomiko berria sortzea sustatzen duten enpresa-proiektu guztiei Eibarren kokatzeko aukera eman nahi zaie.