Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 2.000 euroko laguntza bat eman du Moriako errefuxiatuen kanpamenduko emergentziazko egoera dela-eta

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2020/10/14

Zaporeak GKEaren bidez bideratu da dirulaguntza; elkarte horrek pertsona horien elikadura-beharrei erantzuteko lanean dihardu, batez ere, irailean kanpamenduan izandako sutearen ondoren.

Eibarko Udalak larrialdietarako laguntza gisa 2.000 euro bideratzea adostu du, Greziako Lesbos uhartean dagoen Moriako errefuxiatu-gunean irailaren hasieran izandako sutearen ondorioz bizi duten egoera arintzeko. Gainera, egoera hori larriagotzen ari da, azken egunetako euriteen ondorioz. 

Irailaren 8tik 9rako gauean sute batek Moriako kanpalekua suntsitu zuen, eta, ondorioz, 14.000 errefuxiatu inguruk beren etxebizitza inprobisatuetatik ihes egin behar izan zuten laguntza bila. Kanpalekuaren zatirik handiena erraustuta geratu zen, eta erabat suntsitu zen irailaren 9an, arratsaldean, bigarren sute bat izan ondoren.

Laguntza ematen diharduten elkarteen artean dago Zaporeak; lan handia egiten ari da elikagaik bildu eta Lesbosera bidaltzen, eta, behin han, kozinatzen eta pertsona errefuxiatuen artean banatzen. Laguntza hori eman ahal izateko eta produktuak kamioietan bidaltzearen kostua ordaintzeko  dirua behar dute.

Egoera honen aurrean, Eibarko Udalak laguntza aipatutako GKEaren bidez bideratzea erabaki du, suteak eragindako premiei ahal den neurrian erantzuteko.

Dirua 'Hondamendi naturaletarako dohaintzak' izeneko udal-partidatik hartuko da.

Urteroko dirulaguntzak hondamendi naturalengatik

Eibarko Udalak diru-kopuru bat gordetzen du urtero bere aurrekontuetan, Gizarte Lankidetzako Proiektuen partidaren barruan, munduko hainbat lekutan gertatzen diren hondamendi naturalen ondorioz sortutako premiei erantzuteko.

2015.urteaz geroztik, Eibarko Udalak 40.000 euro inguru bideratu ditu Nepal, Indonesia, Peru, Guatemala, Sierra Leona, Filipinak, Ekuador edo Haitira, besteak beste, hondamendi meteorologikoek eragindako ondorio larriak arintzeko xedez.