Udalak 2.000 euro bideratuko ditu La Palma uharteko sumendiaren erupzioak kaltetutako pertsonei laguntza humanitarioa emateko
Eibarko Udalak adostu du 2.000 euro bideratzea Kanarietako La Palma uhartean edo irlan Cumbre Vieja sumendiaren erupzioak kaltetutako pertsonei laguntzeko. Laguntza hori Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da, izan ere, erakunde horrek dispositibo bat jarri baitu hondamendiaren eremuan, estatu mailan egindako laguntza- eta lankidetza-deialdiari erantzunez.
Irailaren 19an, Cumbre Vieja sumendiaren erupzioa hasi zen, irlan hainbat lurrikara izan ondoren. Handik ordu gutxitara, labak bere bidea egin zuen sumendiko magaletik behera, eta, egunez egun, aurrean duen guztia suntsitzen ari da, itsasorako bidean dauden herrietatik igarotzean.
Oraingoz, eta gero eta erupzio gogorragoen ostean, labak dagoeneko 240 hektarea baino gehiago hartu ditu, 16 km inguruko eremuan, eta bi laba-koladak aktibo jarraitzen dute. Bere bidean, labak 12 herriri eragin die, hala nola El Paraiso edo Todoque eta ehunka etxebizitza eta mota guztietako azpiegiturak lurperatu ditu, bai saneamendukoak, bai elektrizitatekoak, bai errepideak eta sarbideak ere.
Orain arte, 5.000 pertsona inguru ebakuatu behar izan dira eta beste aterpetxe edo eraikinetara eraman behar izan dituzte. Kaltetutako pertsona horiei —aurreikuspenen arabera, 10.000 izatera irits daitezke datozen egunetan— janaria, edariak, mantak eta higiene-kitak eskaintzen ari zaizkie.
Gurutze Gorria bertan ari da lanean hasieratik, irla osoko herritarren laguntzarekin. Gurutze Gorriak bidalitako informazioan oinarrituta, 70 boluntario baino gehiago daude elkarte horretan lanean, eta 500 laguntza baino gehiago eman dituzte.
Gainera, Gurutze Gorriak aterpetxe bat jarri du eta logistika prestatu du, kaltetutako pertsonei laguntza psikosoziala eskaintzen die, komunikazio mugikorrekin laguntzen ari da eta pertsonak eta salgaiak garraiatzen dabil, bilaketa- eta salbazio-lanetan. Bestalde, elkarteak elikagaitan eta edarietan 8.000 kit baino gehiago entregatu ditu; 500 manta baino gehiago eta beste horrenbeste higiene-kit.
Egoera horren aurrean, eta Gurutze Gorriak irlan zabaldutako dispositiboa nolakoa den ezagututa, Udalak erabaki du laguntza humanitarioa ematea La Palmari. Laguntza Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da, eta laguntza- eta lankidetza-deiari erantzuten dio. Udalaren 2.000 euroko ekarpena aurtengo udal aurrekontuetan jasotako Gizarte Lankidetzarako Proiektuen ‘Hondamendi naturaletarako dohaintzak’ partidaren kargu egiten da.
2021. urtean eman diren beste laguntza humanitario batzuk
Munduko hainbat tokitako hondamendietarako ematen diren dohaintzen partidaren kontura, Eibarko Udalak beste bi laguntza eman ditu aurten: maiatzean 2.000 euro bidali ziren Gazarako, Israelen sortutako gatazkaren ondorioak arintzeko asmoz; eta abuztuan 2.000 euroko beste partida bat erabili zen Haiti suntsitu zuen lurrikararen biktimei laguntzeko.