Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 18 eta 35 urte bitarteko gazteen emantzipazioa errazte aldera, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko dirulaguntzen deialdia egingo du beste behin

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/07/15

2022tik aurrera, lau hilabetetik behin ordainduko da; dirulaguntzak diru-sarreren araberakoak izango dira eta onuradunek ordaindutako errenten % 20 eta 40 berreskuratu ahal izango dute. Jon Iraola alkateak uste du pandemiak eragindako egoera ekonomikoaren eta enpleguaren ondorio negatiboek “inoiz baino beharrezkoago egiten dutela dirulaguntza hauei eustea”.

Eibarko Udalak, gazteen emantzipazioa errazteko helburuarekin, etxebizitza-alokairua ordaintzeko dirulaguntzak ematen jarraituko du 2021, 2022 eta 2023 urteetan. Programa honen bidez —erantzun ona izaten ari dena azken urteotan—, asmoa da gazteei alokairuko etxebizitza eskuratzeko aukera ematea, hala, autonomiarako eta emantzipaziorako prozesuan lagunduz.

Orain arte dirulaguntza-programa honen deialdia urterokoa zen, baina azken deialdi hau hurrengo hiru urteetarako egingo da; guztira 54.000 euro xedatu dira hiru urtean ordaintzekoak, 18.000 euro, urtean. Aurtengo deialdiaren beste berrikuntza bat da gazte bakoitzari ematen zaion dirulaguntza, 2022tik aurrera, aurretiaz ordainduko dela lau hilean behin. Aurtengo 2021 urteko ordainketak ordainketa bakarrean egingo dira.

Dirulaguntza hauek jasotzeko deialdia aste honetan bertan ireki da, eta eskabidea Pegoran egin daiteke modu presentzialean edo modu elektronikoan. Bai oinarriak, bai baldintzak, dokumentazioa edo beharrezkoak diren izapideak Udalaren webgunean kontsultatu daitezke www.eibar.eus, ‘Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak’ atalean.

18 eta 35 urte arteko pertsonentzat da dirulaguntza, eta etxebizitza alokatuan bizi diren bizikidetza-unitateko kide guztiek adin hori izan beharko dute. Gainera, bizikidetza-unitateko kideek ezingo dute eduki jabetzeko etxebizitzarik, edo azalera- edo gozamen-eskubiderik, salbuespen batzuk izan ezik; esaterako, eskubide horien titulartasunaren partaidetza % 50koa edo hortik beherakoa denean.

Beste baldintzetako bat da bizikidetza-unitatea osatzen duten kideetako bat Eibarren 2 urtez jarraian erroldatuta egotea gutxienez. Gainera, alokatutako etxebizitzan bizi diren pertsona guztiek dirulaguntzaren xede den etxean egon behar dute erroldatuta.

Halaber, muga batzuk jarri dira onuradunen diru-sarreretan, baldintza gisa. Kide bakarrez osatutako bizikidetza-unitateen kasuan, ezingo dira 25.000 euro gordineko diru-sarrerak gainditu urtean. Eta bi kidez edo gehiagoz osatutako bizikidetza-unitateetan, ezingo dira 39.000 euro gordineko diru-sarrerak gainditu urtean.

Horrez gain, diru-sarrera gutxieneko batzuk ezarri dira. Urtean 24.000 euro gordinetik gorakoak izango dira (kide bat baino gehiago direnean) eta 18.000 eurotik gorakoak banakako eskabideak direnean.

Bizikidetza-unitateko kideek ezingo dute familia-loturarik izan errentariarekin odol- edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailara arte. Bizikidetza-unitateko kideek Etxebideko etxebizitza-eskatzaileen erregistro ofizialean izena emanda egon beharko dute edo izena emateko eskaera eginda eduki.

Ez da dirulaguntzarik emango, baldin eta alokairu-kontratua 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa bada, alokatutako etxebizitza babes ofizialekoa bada edo Bizigune programari atxikita badago, alokairu-errenta hilean 650 eurotik gorakoa bada, edo errentamendu-kontratuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.

Dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez, deialdiaren oinarrietan sistema bat ezarri da, eskatzaileen urteko diru-sarrera justifikatuen arabera. Urtean 18.000 eta 21.000 euro bitarteko diru-sarrera gordinak dituzten eskatzaileei errentaren % 40ko dirulaguntza emango zaie; urtean 21.000 eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrera gordinak dituztenei errentaren % 30eko dirulaguntza emango zaie; eta urtean 25.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrera gordinak dituztenei (bi kide edo gehiago izan beharko dira) errentaren % 20ko dirulaguntza emango zaie. Pertsona edo bizikidetza-unitate onuradun bakoitzari emango zaion laguntzaren zenbatekoak ezin izango du, inolaz ere, hilean 250 euroko muga gainditu gehienez ere.

Deialdi berri hau ezagutzera eman ondoren, Jon Iraola alkateak zera adierazi du: “nahiz eta Udalak urteak eraman gazteentzako alokairuak diruz laguntzen, azken urtean egoera ekonomikoa eta lan-munduan sartzeko zailtasunak larriagotu egin dira pandemiaren ondorioz, bereziki gazteen artean; beraz, uste dugu sekula baino beharrezkoagoa dela dirulaguntza horiek ematen jarraitzea, sostengu ekonomiko garrantzitsua baitira haientzat”.