Udalak 16 garaje-plaza salgai jarriko ditu Asola-Igartzan

Asola-Igartza 10. zenbakiko babes ofizialeko etxebizitzen eraikinaren irudia.

Asola-Igartza 10. zenbakiko babes ofizialeko etxebizitzen eraikinaren irudia.

2023/02/17

Izena emateko eta plazetako bat eskuratzeko prozedura —aukera auzoan erroldatutako biztanleek bakarrik dute— astelehenean zabalduko da (otsailak 20) eta martxoaren 17an amaituko da. Hamabi garaje adjudikatuko dira, ia 19 m2-koak, 10.672,20 euroko prezioan, eta beste laurak, 14-15 m2 ingurukoak, 8.693,85 eurotan.

Eibarko Udalak hasiera eman dio Amaña auzoko Asola-Igartza 10. zenbakiko babes ofizialeko etxebizitzen eraikinean bere jabetzako 16 garaje-plaza salgai jartzeko prozedurari.  Izena eman eta plazetako bat eskuratzeko prozedura datorren astelehenean, hilak 20, hasi eta martxoaren 17an amaituko da (egun hori barne).

Salgai jarriko diren garajeak -1 sotoan (10 plaza) eta -2 sotoan daude (6 plaza). Ezaugarriei dagokienez, haietako 12k 18,65 eta 18,93 m2 arteko azalera dute, eta beste 4ek 14,08 eta 14,88 m2 artekoa. Horrela, plaza handienak 10.672,20 eurotan jarri dira salgai (BEZa barne) eta besteak 8.693,85 eurotan (BEZa barne).  

Plazak eskuratu ahal izateko, baldintza batzuk bete behar dira. Interesdunek, pertsona fisikoek, Eibarren erroldatuta egon beharko dute gutxienez 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, kale hauetako batean: Amaña kalea, Wenceslao Orbea, Karlos Elgezua, Ziriako Agirre, Artegieta, Bustinduitarren, Tiburtzio Anitua edo Asola Igartza.

Gainera, Eibarren Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ordaintzen duen ibilgailu baten jabe izan beharko dute, eta zergaren ordainketa egunean izan beharko dute; ezingo dira izan kale horietako batean dagoen garaje baten jabe. Parte hartzaile bakoitzak ezingo du eskabide bat baino gehiago aurkeztu.

Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu behar dira, Udalaren web-orrian (www.eibar.eus) edo Pegoraren bulegoetan (astelehenetik asteazkenera, 8:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, eta ostegun eta ostiraletan 8:30etik 14:00etaera). Bigarren aukera hautatuz gero, ibilgailuaren titularra joan beharko da.

Eskaera egitean, NANa edo agiri baliokidea aurkeztu beharko da; baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, berriz, Udalak ofizioz egiaztatuko ditu.

Aparkaleku-plazak zozketa bidez adjudikatuko dira. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Kontratazio Mahaiak onartuen eta baztertuen zerrenda egingo du. Zerrenda hori kronologikoki ordenatuta egongo da, eskabide bakoitza aurkezten den unearen arabera. Hala, onartutako pertsona bakoitzari zenbaki bat emango zaio, eskabidea aurkezteko hurrenkerari dagokiona.

Horrela, Mahaia eratu ondoren, behin-behineko zerrenda udal-webguneko Kontratatzailearen Profilaren atalean argitaratuko da. Hura argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita 10 egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izango dira. Jendaurrean jartzeko epea amaitu eta alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko zerrenda onartu, eta plazak hautatzeko zozketa publikoa egingo den eguna, lekua eta ordua finkatuko dira.

Zozketan, poltsa batetik aterako da zenbaki bat. Zenbaki hori atera duen pertsona izango da plaza bat hautatu ahal izango duena.  Beste aparkalekuak, lehen zenbakitik gorako hurrenkerari jarraituz aukeratuko dira.  Plazak aukeratzeko, zozketako saridunak banan-banan deituko dira, zozketaren hurrenkeran.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “salgai jartzen ditugun garaje-plaza hauek nabarmen arinduko dute aparkaleku falta auzoan, eta, horregatik, Amañako bizilagunentzat bakarrik izango da aukera. Horrela, erantzun egiten diogu ingurune horretako bizilagunek behin baino gehiagotan egindako eskaera bati”.