Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 1.750.000 euroko partida bat esleitu du Eibarko baserrietarako bideak eta pistak hobetzeko

Eibarko baserrietarako bideak eta pistak hobetzeko proiektua aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

Eibarko baserrietarako bideak eta pistak hobetzeko proiektua aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2022/11/25

Andirao elkartearen bidez bideratuko da inbertsioa, hurrengo bost ekitaldietan urte bakoitzeko 350.000 euroko partida jarrita, bost bailaretan jarduteko. Ekimen honek inbertsio-ahalegin handia eskatzen du Udalaren aldetik, landa-inguruneko pistak konpontzeko urtero jartzen duen partida ia hirukoiztu egiten baitu.

Eibarko Udalak 1.750.000 euroko aurrekontu-partida esleitu du gure herriko baserrietarako bideak eta pistak konpondu eta hobetzeko. Hurrengo bost ekitaldietan banatuko da kopuru hori, urte bakoitzean  350.000 euro jarrita, eta Andirao Baserritarren Elkarteak kudeatuko du.

Udalak eta Andirao elkarteak proiektua aurrera eramateko hartu duten erabakia laster gauzatuko da hitzarmen bat sinatuta, eta gaur jakinarazi dute prentsaurreko batean. Prentsaurrekoan, Jon Iraolak Eibarko alkateak, Patxi Lejardi baserri-auzoetako zinegotzi ordezkariak eta Eibarko baserritarren elkarteko ordezkariek hartu dute parte.

Baserri-auzoetako jarduketetarako aurrekontu-gehikuntza honek inbertsio handia eskatzen du Udalaren aldetik; izan ere, orain arte, horrelako lanetarako, udal-kutxak 125.000 euro erabiltzen zituen urtean.

Eibarko landa-ingurunea osatzen duten bost bailara horietako bakoitzak, hau da, Gorostak, Arratek, Kiñarra-Otaolak, Mandiolak eta Agiñagak, ordezkari eta bozeramaile bat du Andirao elkartean, eta elkartearen ardura da bailara bakoitzeko premiak Udalari adieraztea eta bailaretan lehentasunezkotzat jotzen dituen jarduerak seinalatzea.

Hala, datozen bost urteetan egingo diren lanak honako hauek izango dira: bideak edo pistak asfaltatzea eta baserrietako bideak eta sarbideak berritzea. Gehienak titulartasun pribatukoak dira,  baina erabilera publikokoak dira eta bide-zorra dute.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “hurrengo bost urteetan baserri-bideetan hainbat ekintza integral egitea da helburua, urtero egiten diren lan partzialak osatzeko. Horretarako, baserritarrek berek erabakiko dituzte, Andiraoren bitartez, bailera bakoitzaren beharrak eta egitekoen lehentasunak.”

“Era horretan erantzun nahi diegu Eibarko landa-sektorearen eskaerei, gaineratu du alkateak, izan ere, sektore horrek bideetan hobekuntzak egitea eskatzen baitu, baina kasu batzuetan orain arte ezin izan zaie erantzunik eman, aurrekontu-inbertsio handia eskatzen zuten lanak zirelako. Horregatik, inbertsio hori bost urtetan zatitzea erabaki dugu, eta aldi berean arreta osoagoa bermatzea.”

Patxi Lejardi zinegotziak esan duenez, “proiektu hau datozen bost urteetan aurrera eramateko, guztiz koordinatuta gaude eta Andiraoren eskutik goaz uneoro, baserritarrak baitira beren beharrak ondoen ezagutzen dituztenak, eta eurak izango dira egin beharreko lanak, epeak eta lehentasunak markatuko dizkigutenak.”

Azkenik, alkateak eta Landa Auzoetako zinegotziak baserrietako ordezkaritza horren eta Zerbitzuetako Udal Sailaren arteko koordinazio-lan garrantzitsua nabarmendu nahi izan dute. Zerbitzu Saila izaten baita etengabe arduratzen dena baserri-bideak  mantentzeaz, garbitzeaz, ezpondak eta erretenak konpontzeaz, luiziak kentzeaz eta landa-bideak egoera onean kontserbatzeko unean-uneko beste lan batzuez.

Era berean, dei egin diete herritarrei Udalaren ahalegin ekonomiko horrekin batera herritarrek gizalegez jokatu behar dutela gogorarazteko, baserri-bide eta pista horietan dabiltzatenean kalterik eragin gabe eta zikinkeriak utzi barik ibiltzeko, ingurunea zainduz.