Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udal liburutegiko 2014ko txostena

2015/05/04

Pasa den urteko datu estatistikoak, ekonomikoak eta burututako jarduerak jasotzen duen txostena

Azkeneko urteetan aldaketa igartzen ari gara Liburutegiko erabileran. 

Urteetan ikasgela moduan erabili izan den espazioa topaleku bilakatzen ari da. Badira ikasleak oraindik, baina urteko garai konkretu batzuetan betetzen dute irakurketa gela, hau da, azterketa garaietan. Umeek ere egunero etortzen dira etxerako lanak egitera, Portalean daukaten beste jarduera baten zain daudela egiten dituzten bitartean. 

Mailegu-kopurua jaisten ari da, bai. Baina berdin gertatzen da kontsultatu dugun liburutegietan.Jendearen ohiturak aldatzen ari dira Interneten erabileraren poderioz. Bertan topatzen da beharrezkoa duten informazioa eta baita edukiak ere: irakurketa digitala, pelikulak, musika... Liburutegiak betidanik eskaini izan duen informazio horrek guztiak demanda gutxiago du gaur egun. 

Baina, halaber, gehiago erabiltzen da liburutegia topagune bezala. Irakurketa taldeak, hizkuntzak praktikatzeko bilerak, enplegua bilatzeko tailerrak, ipuin kontalari saioak, irakurketa sustatzeko lehiaketak. Horiek erabilera handitu dute, gure kontabilitatean horien gaineko datuak sartzen ez ditugun arren, normalean Liburutegitik kanpo burutzen direlako jarduera horiek. 

Lasai irakurtzera ere gero eta jende gehiago hurbiltzen da guregana. Aldizkariak, egunkariak... butaketan irakurtzera eta aldamenekoarekin berriak komentatzera. Agian espazioa birdefinitu egin beharko da hemendik urte batzuetara. 

Bisitak, maileguak eta web guneetako eta blogetako kontsultak batzen baditugu, baditugu 212.553 erabiltzaile. 

Jardueretan parte hartu dutenak 2.623 pertsona izan dira. 800 mailegu egin ditugu Eibarren dauden irakurketa-taldeei loteak eskainiz, eta horiek ere ez dira maileguetan kontabilizatu. 

Beraz, erabilera handia da, ohikoak izan diren datuak handitu ez badira ere. 

eLiburutegia mailegu digitalaren plataformamartxan jarri zen 2014ko abenduan Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkide guztientzat. Aspalditik eskatzen ari ginen zerbitzu berri hau, ikusita irakurle askok agur esaten zigutela bere e-reader berria eskuetan zeramatela. 

Errekuperatuko dugu zerbitzu berri honekin beraien kabuz ebookak lortzen duten galdutako erabiltzaileen zati bat? Bazkide berriak egingo ditugu zerbitzu berri hau dela eta? Oraindik goiz da horri erantzuteko. 

Argi dagoena zera da: liburutegien funtzioa aldatzen ari dela. Liburu-gordeleku izatetik informazioaren kudeatzaile, kulturaren hedatzaile eta ezagutzaren bideratzaile izatera pasatu beharko da. Baina prozesua zaila izango da, dudarik gabe.