Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udal Gobernuak inbertsio izaera handiko aurrekontua aurkeztu du

Jon Iraola alkatea eta Ana Telleria Ogasuneko zinegotzia, Eibarko Udalaren 2022ko Aurrekontuaren aurreproiektuaren aurkezpenean.

Jon Iraola alkatea eta Ana Telleria Ogasuneko zinegotzia, Eibarko Udalaren 2022ko Aurrekontuaren aurreproiektuaren aurkezpenean.

2021/11/26

42.300.000 eurokoa da 2022rako Aurrekontuaren aurreproiektua. Gehien aldatu den aurrekontu-kapitulua inbertsioena da: 2021ean onartutako kontuetan aurreikusitako 4 milioi euro haietatik gaur aurkeztutako dokumentuan jasotako ia 6,7 milioi eurora pasatu da, hau da, % 64 gehiago.

Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Ogasuneko zinegotziak prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Eibarko Udalaren 2022ko Aurrekontuaren aurreproiektuaren ildo estrategikoak. Datorren urteko aurrekontuak 42,3 milioi euroko diru-kopurua izango du.  

Alkatearen hitzetan, “testuinguru zail batean segitzen dugu, baina hala ere, horretan eskumena duten erakundeek ekonomiaren portaerari buruz egin duten aurreikuspenek hobekuntza txikiren bat ikusten uzten dute, Aurrekontuaren dokumentu honetan islatu ahal izan duguna. Izan ere, termino absolutuetan, 2022ko aurrekontu-proiektuak 3,8 milioi euro gehiago ditu eta horrek, ehunekotan, % 10eko igoera dakar 2021ekoarekin alderatuta.”

Gehien aldatu den aurrekontu-kapitulua inbertsioena da: 2021ean onartutako kontuetan aurreikusitako 4 milioi euro haietatik gaur aurkeztutako dokumentuan jasotako ia 6,7 milioi eurora pasatu da, hau da, % 64 gehiago.

Iraolak azaldu duenez, “azken urte bi hauetan lehentasuna eman diogu pandemiak familietan eta hiriko sektore ekonomikoetan ekarri dituen ondorioen aurkako borrokari, eta 2022ko kontuetan betidanik Udal honen ezaugarri izan den inbertsio-taupada berreskuratu dugu, eta berraktibatu egin ditugu 2020an eta 2021ean atzeratu behar izan genituen obra garrantzitsuak egiteko planak. Hori guztia familia zaurgarrienak babesteko eta gure ekonomia-sareari laguntzeko alderdi soziala ahuldu gabe

Obren proiektu estrategikoen artean, alkateak bi nabarmendu nahi izan ditu: Ubitxa eta San Kristobal kaleen arteko konexioa osatuko duen bigarren igogailua (lehenengoa, urte honen bukaera baino lehen lizitatuko da), eta Mekola eta Arratebide kaleen arteko irisgarritasuna hobetuko duena, “bi jarduketekin jarraituko dugu gure helburura iristeko, hau da, Eibar guztiz irisgarria izatea eta, herriko auzo edo alde horietako bizilagunen eskariei erantzunez, emandako hitza betetzea, eurekin landu baititugu proiektuak.”

Ana Telleria Ogasuneko zinegotziak bere aldetik hauxe adierazi du: “Jarduketa biak batuta, 2,6 milioitik gorakoa da zenbatekoa. Zalantzarik gabe, igogailuen bidez irisgarritasuna hobetzen duten jarduketak, eta, are gehiago, hain desnibel handiak gainditzen dituztenak, obra oso beharrezkoak dira, baina, aldi berean, oso garestiak. Beraz, egin beharreko proiektuak kontu handiz hautatu behar dira, eskura daukagun baliabideak ahalik eta modurik onenean erabiliko direla ziurtatzeko.”  

Gainera, Aurrekontuak beste jarduketa garrantzitsu batzuk aurreikusten ditu irisgarritasunaren eta hiri-inguruneen hobekuntzaren arloan; egiteko horien artean,  besteak beste, Telleriak hauek nabarmendu ditu:  Bustinduitarren kaleko 8.  zenbakitik 20ra bitarteko espaloia birmoldatzeari buruzkoak (240.000 euro), Legarreko 8. zenbakien aurrean plaza zolatzeari buruzkoak, iragazgaiztea barne (180.000 euro), bai eta Tiburtzio Anitua kaleko 20. zenbakiko plaza estaliaren lana eta garajeen hezetasun-arazoa konpontzea (73.000 euro), Ziriako Agirreko espaloia berritzea (233.800) eta Barrena kaleko azken zenbakiak (140.000) eta Barakaldoko kaleko 4. zenbakiko zabalgunea (65.000) egitea.

Era berean, hirigintza-berroneratzeko eragiketak egiteko eta horretan laguntzeko partida bana aurreikusi da; esate baterako, Arragueta kaleko 17. eta 19. zenbakietako etxeak botatzeko kostua ordaintzeko partida. Udalak berak egingo du lan hori, subsidiarioki, eta 180.000 euroko kostua izango du. Bestetik, 150.000 euroko partida aurreikusi da industria-aurriak eraisteko dirulaguntzak emateko, bizilagun-komunitateei fatxadak berritzen edo igogailuak jartzen laguntzeko 200.000 euroak ahaztu gabe.

Horrez gain, 2022. urtean zehar, obra handiak egingo dira Eibarko ikastetxeetan. Horrela, Urkizuko eskolako gimnasioa berrituko da eta haren fatxada berritzen jarraituko da; San Andresko patioan (frontoia eta harmailak) obrak egingo dira, Arrateko Andra Mariko komunak berriztatuko dira eta Orbeako haur-eskolaren larrialdietarako eskailerak egingo dira. Jarduketa horiek guztiek 400.000 euroko zenbatekoa dute.

Iraolaren hitzetan “lerro gorri fin bat dago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskumenaren eta Udalarenaren artean. Horregatik,  nahiz eta obra horietako batzuk mantentze-lanetik haragokoak izan, mantentze-lana baita dagokiguna, beharrezkotzat jotzen dut egitea eta, horregatik, ikastetxeen eskaerei erantzungo diegu. Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak etorri ala ez etorri, Eibarko ikasleek ahalik eta instalazio onenak izan behar dituzte, eman diezazkiekegun onenak.”

Bestalde, Ingurumeneko Aurrekontuaren igoera ere garrantzitsua da, 175.000 eurotik 663.590 eurora pasatu baita, hau da, ia 4 aldiz handitu da. Euskara sustatzeko partidetan ere igoera nabarmena izan da, 100.000 euro gehiago, eta, Euskaltegiko partida gehituz gero, guztira, milioi bat euro inguru.

Gizarte-babeserako aurrekontuari dagokionez, udal arlo honetako programa guztiak batuta, zenbatekoa 4,25 milioi eurotik gorakoa da, eta ia 1,5 milioi zuzenduko dira baliabide gutxien dituzten familia eta taldeentzat (diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenentzat, langabetuentzat eta diru-sarrera gutxiko pentsiodunentzat…). Berdintasun Arloaren aurrekontuak ere aurten 40.000 euro inguruko igoera izango du. Arlo hori Astelena pilotalekuan dagoen Andretxerako espazio berrira joango da 2022an, arlo horrekin hartutako konpromisoari erantzunez.

Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren programetarako aurrekontuak, guztira, 3.239.104 euro izango ditu, eta berrikuntza garrantzitsuak ditu aurten; besteak beste, enpresa-proiektu berriak garatzeko laguntza-programa bat, edo 200.000 euroko partida, Teknikerren inkubagailu teknologiko berri bat martxan jartzeko, edo hutsik dauden merkataritza-lokalak merkatuan jartzeko  dirulaguntza-lerro bat eta enplegurako orientazio-bulego bat.

Bestalde, Kulturako aurrekontua 4.141.880 eurokoa izango da. Telleriaren hitzetan, “kopuru handia da, eta, horri esker, Udaletik jarduerak programatzen jarraitzeaz gain, gure hiriko elkartegintza-ehun aberats eta zabalari lagundu ahal izango diogu, horrela,  Udalaren eta kultura-elkarteen ekimenarekin batera, eibartarrek gure ingurunean punta-puntakoa den kultura-eskaintza izaten jarrai dezaten. Gainera, aurten, Errebal Plazia ekipamendua martxa bete-betean egongo da.”

Gazteriaren arloan, aurrekontua igo egingo da eta  500.000 euro inguru izango ditu, gazteriari berariaz zuzendutako programak garatzeko. Arreta hori beste arlo batzuetatik ere indartuko da, hala nola Garapen Ekonomikotik, ekintzailetza, laguntzak, bekak eta prestakuntza espezifikoak sustatzeko programak eginda.

Azkenik, Kirolari dagokionez, zirriborroan 587.623 euro sartu dira kirol-jarduera sustatzeko. Partida horren barruan sartzen da gure hiriko kluben aurrekontuaren % 25 finantzatzea helburutzat duen partida bera ere.

Ana Telleriaren hitzetan, “250.000 euro sartu ditugu (2021ean baino 50.000 euro gehiago); eta, hortaz,  berretsi egiten dugu gure konpromisoa, kirol-klub eta kirol-elkarteek gure laguntza ekonomikoa eta logistikoa izaten jarrai dezaten,  amateurren kirola, batez ere oinarrizko kirola, sustatzen eta bultzatzen egiten duten lan garrantzitsu eta ezinbesteko hori egiten jarrai dezaten.”

Bestalde, 1.657.09 milioi euro erabiliko dira Kirol Patronatuak egiten dituen jardueretarako.