Eibarko Udala

Udal Bozeramaileen Batzordeak pentsioen etorkizuna bermatzeko premiari buruzko mozio bat onartu du

2018/04/03
Irabazi-Ganemos Eibar udal taldeak aurkeztutako mozioaren gainean adostu den testu alternatiboa da eta Eibarko PSE-EE, Eibarko EH-Bildu eta Eibarko EAJ-PNV udal taldeen aldeko botoekin eta Irabazi-Ganemos Eibar udal taldearen abstentzioarekin onartu da

Udal Bozeramaileen Batzordeak, Eibarko PSE-EE, Eibarko EH-Bildu eta Eibarko EAJ-PNV udal taldeen aldeko botoekin eta Irabazi-Ganemos Eibar udal taldearen abstentzioarekin, mozio bat onartu du belaunaldien arteko elkartasun-berme eta bizi-baldintza duinak dituen gizarte baten zutoin izango den pentsioen sistema publikoaren defentsan, eta honakoa eskatzen dio Estatuko Gobernuari:

1.- Pentsio sistema publiko nahikoa eta iraunkorra bermatu dezala, oinarrituko dena pentsio duin batzuetarako eskubidean, elkartasunaren eta gardentasunaren esparruan, finantzazio-iturri ziurrek eutsitakoa, modu horretan pentsio duin eta aurresangarriak bermatzeko.

2.- Indargabetu dezala, pentsio duinak bermatzeko, 23/2013 Legea, abenduaren 23koa, Gizarte Segurantzaren Pentsio Sistemaren Jasangarritasun Faktorea eta Errebalorizazio Indizea arautzen dituena, berrezarriz, pentsioak eguneratzeko formula gisa, KPIari lotuta egotea.

3.- Legez debeka dezala Pentsioen Erreserba Funtsa baliatzea kotizazio-defiziteko egoeretarako, PPren Gobernuak kendutako % 3ko topea berreskuratuz. Helburua da pentsioen sistema publikoaren iraunkortasuneko berme finantzariorako tresna gisa erabiltzen jarraitu ahal izatea.

4. Finantzazio-neurriak hartzea sistemaren diru-sarrerak areagotzeko, arauz kontrako kontratazioaren eta kontratazioko iruzurraren aurka borrokatzeko eta Estatuko aurrekontu orokorretatik etorritako diru-sarreren bidez kotizazioen finantzazioaren aldian aldiko defizitak betetzeko.

5. Gizarte Segurantzako sistemaren gastuei heltzea, kenduz enpresek Gizarte Segurantzan duten kotizazioko salbuespenak, hobariak eta murrizpenak, hala nola entitate administratiboen kudeaketa-gastuak, finantzatuz Estatuko aurrekontu orokorren bidez zuzenean Gizarte Segurantzaren administrazio-gastuak.

6. D2012ko lan-erreforma indargabetu dezala, buelta emateko enpleguaren kalitatean eta kotizazioen gutxitzean dituen zorigaiztoko ondorioei, arriskuan jartzen baitute pentsioen sistema publikoaren iraunkortasuna. Indargabetu dezala 5/2013 EDLko erretiro aurreratuaren erregulazioa.

7. EAEko pentsiodunen egoera hobetzeko ezinbesteko baldintza denez, ekimenak abiatu ditzala EAEra berehala eskualdatzeko Gizarte Segurantzaren alorreko eskumenak, bat etorriz Gernikako Autonomia Estatua onartzen duen 3/1979 Lege Organikoko 18.2 artikuluan eta bosgarren xedapen iragankorrean xedatutakoarekin, haren izaera bateratuaren eta elkartasun-printzipioaren errespetuaren baitan.

8. Halaber, Eibarko Udalak konpromisoa hartzen du Eibarko jubilatu eta pentsionista-elkarteek helburu hauek sustatzeko deitzen dituzten manifestazio eta mugimendu sozialekin bat egiteko.