Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ubitxa eta San Kristobal lotuko dituen bigarren igogailua uztailaren amaieran jarriko da martxan

Ubitxa eta San Kristobal lotuko dituen bigarren igogailuaren infografia.

Ubitxa eta San Kristobal lotuko dituen bigarren igogailuaren infografia.

2023/06/30

Aurrekontua 936.000 eurokoa izan da, eta bi eremu horien arteko irisgarritasuna hobetzeko plana osatzen du, zeinak barne hartzen duen otsailetik martxan dagoen lehen igogailua. Igogailu berriak 10 metroko desnibela gainditzen du, eta hiru irteera ditu, azkena San Kristobalen goiko aldean.

Ubitxa eta San Kristobal lotuta geratuko dira bi igogailurekin uztailetik aurrera, orduan jarriko baita martxan bigarren igogailua. Lehen igogailua otsailetik dago martxan.

Kabina eta makineria hartuko dituen dorrea eraikita, bigarren igogailuaren lanak azken fasean daude, eta datorren astean jarriko da San Kristobaleko goiko alderaino iristeko pasarela. Bigarren igogailu honek 936.000 euroko kostua izan du eta Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU enpresa da lanen arduraduna.

Igogailuaren abioa Ubitxa 4. zenbakiko eraikinaren inguruan dago, lehenengo igogailuaren goiko pasarelaren amaieratik gertu, eta 10 metro inguruko desnibela gainditzen du. Abio-gunetik hasita, igogailuak hiru irteera ditu:  bat Ubitxa 6 eta San Kristobal 21 zenbakietara iristeko; beste bat San Kristobal 19 eta Ubitxa 4 kanp. zenbakietarako; eta hirugarrena, pasarela batekin, San Kristobaleko goiko aldeko espaloirako.

Igogailu honek bi kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko plana osatzen du, lehen igogailuarekin batera. Lehenengo igogailua joan den otsailetik dago martxan eta Ubitxa 2 zenbakitik abiatzen da; bi irteera ditu eta pasarela baten bidez lotzen da bigarren igogailuarekin.  Lehen igogailuak 670.000 euroko kostua izan zuen; zenbateko horren barruan sartzen dira igogailuaren instalazioa eta haren inguruan egin behar izan ziren lanak.

Horrela, Ubitxa eta San Kristobal artean irisgarritasuna hobetzeko inbertsioa 1,6 milioi euro ingurukoa izan da; Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak 1.250.000 euro inguruko dirulaguntza eman du igogailu horiek eraikitzeko, emisio txikiko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko udalerrientzako laguntzen programaren barruan.

Jarduketa hori PSE-EEk eta Eibarko EAJ-PNVk 2018rako sinatutako aurrekontu-akordioaren barruan kokatzen da.

Programa hori Next Generation EU funtsekin finantzatzen da, eta Gobernu zentralak abian jarritako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da.