Ubitxa eta San Kristobal kaleen arteko bigarren igogailuaren lizitazioa 946.000 euroan atera da

San Cristobal eta Ubitxa artean egiten ari den lehenengo igogailua.

San Cristobal eta Ubitxa artean egiten ari den lehenengo igogailua.

2021/12/29

Proiektu honek jarraiera emango dio egiten ari den lehenengo igogailuari, eta eremu hartako irisgarritasunaren hobekuntza biribilduko du. Bigarren igogailu honen obrak egiteko epea 50 astekoa da.

Bigarren igogailu publikoa, Ubitxa kalearen eta San Kristobal auzoaren arteko irisgarritasuna hobetzeko plana osatuko duena, 2022. urteko lehen hiruhilekotik aurrera eraikiko da. Eibarko Udalak lizitaziora atera ditu bigarren igogailu horren obrak  946.000 euroan (BEZa barne). Obrak egiteko epea 50 astekoa da. Enpresek eskaintzak aurkezteko duten epea otsailaren 14an amaituko da.

Ubitxa eta San Kristobal kaleak elkartzeko lehenengo igogailua eraikitzeko lanak joan den azaroan hasi ziren, Udalak egiteko hori Obras Especiales Construcción e Infraestructuras enpresari 586.897 euroan adjudikatu ondoren, eta obrak egiteko 46 asteko epea emanez.

Horrela, igogailu biek oinezkoentzako ibilbide bat osatuko dute inguru horretako etxebizitza guztientzat. Bigarren igogailuaren atea 4 zenbakiko pegoraren ondoan kokatuko da, gaur egun Ubitxako 4 eta 6 pegora edo atarietara eta San Kristobaleko 21era ematen duten arrapalak eta eskailerak dauden eremuan.

Igogailu horrek hiru sarbide izango ditu, pasaguneekin eta arrapalekin, pegoretara hirigintza-trabarik gabe sartzeko. Igogailu batetik bestera 40 metro inguru daude.

Igogailu biak martxan jartzen direnean konpondu egingo da Eibarko alde horretako irisgarritasun zaila, aldapa eta desnibel handikoa.

Ahalik eta bizilagun gehienei zerbitzua emango dien jarduketa honek ahalik eta eragin txikiena sortuko du ingurunean.