Ubitxa eta San Kristobal arteko bigarren igogailuaren obrek aurrera jarraitzen dute eta uztailerako amaituta egotea espero da

Ubitxa kalea eta San Kristobal auzoa lotuko dituen bigarren igogailu publikoaren infografia.

Ubitxa kalea eta San Kristobal auzoa lotuko dituen bigarren igogailu publikoaren infografia.

2023/05/10

Orain kabinarako dorrea eraiki eta igogailuaren funtzionamendurako beharrezkoa den makineria jartzen ari da. Agintaldi hasieratik Udalak 3,7 milioi euro bideratu ditu igogailu berrietarako, Eibarko kaleetako irisgarritasuna hobetzeko.

Ubitxa kalea eta San Kristobal auzoa lotuko dituen bigarren igogailu publikoaren lanak uztailerako egongo dira amaituta, aurreikuspenen arabera.  Azpiegitura sortzeko lanak amaituta, enpresa adjudikazioduna pasarela eta dorrea eraikitzeko obrak egiten ari da. Ondoren, igogailuaren kabina eta makineria jarriko dira bertan.

Ubitxa eta San Kristobal arteko bigarren igogailu honek 936.000 euroko kostua du eta Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU enpresa da lanen arduraduna. Igogailua Ubitxa 4 zenbakiaren inguruan kokatzen da, lehenengo igogailuaren —zeinak hamar metroko desnibela gainditzen duen— goiko pasarelaren amaieratik gertu.

Igogailuak hiru irteera izango ditu:  bat Ubitxa 6 eta San Kristobal 21 zenbakietara iristeko; beste bat San Kristobal 19 eta Ubitxa 4 kanp. zenbakietarako; eta hirugarrena, pasarela batekin, San Kristobaleko goiko aldeko espaloirako.

Igogailu honek bi kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko plana osatzen du, kehen igogailuarekin batera. Lehenengo igogailua joan den otsailetik dago martxan eta Ubitxa 2. zenbakitik abiatzen da; bi irteera ditu eta pasarela baten bidez lotzen da orain eraikitzen ari diren bigarren igogailuarekin.

Lehen igogailu horrek 670.000 euroko kostua izan zuen: igogailuaren eraikuntza eta instalazioa (590.000 euro) eta inguruan egin behar izan ziren obrak (80.000 euro).

Hala, bada, bi igogailuen azken kostua 1,6 milioitik gorakoa da. 

Aipatu behar da Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak, udalerrientzako laguntza-programaren barruan, joan den otsailean ebatzi zuela 1.250.000 euro inguruko dirulaguntza ematea igogailu horiek eraikitzeko, emisio txikiko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko. Programa hori Next Generation EU funtsekin finantzatzen da, eta Gobernu zentralak abian jarritako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, "Eibarrek, orografia dela-eta, erronka handi du bere kale eta auzo guztietako irisgarritasuna bermatzeko eta hobetzeko  Horregatik, Eibar erosoago eta atseginago bat lortzeko urratsak ematen jarraitzeko helburuarekin, urtero inbertsio garrantzitsuak aurreikusten ditugu irisgarritasuna hobetuko duten azpiegiturak egiteko.”

Gaineratu duenez, “agintaldiko lau urte hauetan egindako inbertsioa gehien behar duten kaleen eta auzoen irisgarritasuna hobetzeko gure apustuaren adibide argia da.”

3,7 milioi bideratu dira igogailuetarako 2019az geroztik

Azken udal-agintaldia hasi zenetik, 2019ko maiatzetik, Eibarko Udalak 3,7 milioi eurotik gora bideratu ditu Eibarko kale eta auzoetako irisgarritasuna hobetzeko planetarako, igogailu publikoak eginez.  Kopuru horretan sartzen dira bai lau urte hauetan eraikitako igogailuak, bai gauzatze-fasean daudenak, bai beste batzuk eraikitzea ahalbidetuko duten proiektuak idazteko egindako inbertsioak.

Hain zuzen, 2020an martxan jarri zen Txonta eta Galizia Hiribide arteko igogailua, 330.000 euroko inbertsioarekin. Jarduketa horrek auzoaren goialdeko irisgarritasuna hobetu du, zuzeneko sarbide bat eginez Txonta Galiziako pasealekuarekin lotuz. Gainera, laguntzen du Txontako 44. eta 52. zenbakien artean dauden etxebizitzetako bizilagunek, jabe-erkidego bakoitza egiten ari den obren bidez, beren etxebizitzen irisgarritasunean hobekuntza garrantzitsuak lor ditzaten.

Bestalde, Mekola eta Arrate Bide lotuko dituen lehenengo igogailua egiteko obrak joan den otsailean adjudikatu zitzaizkion Altuna y Uria SA enpresari, 1.642.547 eurotan.  Aldez aurretik, proiektuaren erredakzioaren kostua 23.000 eurokoa izan zen.  Aurreikuspenen arabera, igogailu berria egiteko lanak ekainean hasiko dira.

Lehen igogailu hau Berdintasunaren pasealekutik hasi eta Mekola kaleraino iritsiko da. Obraren barruan sartzen da igogailuaren oinarria kokatuko den lurra hondeatzea eta prestatzea, Bildosolaneko txaleta zegoen orubean.

Hondeaketa egin ondoren igogailuaren hasiera oinezkoentzako pasealekuarekin bat eginda geratuko da, haren kota berean. Igogailu honek 11 metroko altuera gaindituko du eta tarteko geraleku bat izango du Mekolako 6, 7 eta 8 zenbakiei zerbitzua emateko. Ardantzatik Mekolara doan bideraino iritsiko da.

Mekolako irisgarritasun-proiektua osatzeko, bigarren igogailu bat eraikiko da Arratebideraino, zeina gaur egun eraikitzen ari diren etxebizitzen urbanizazio berriaren ondoan kokatuko den. Proiektu horri lantzen ari dira eta Udalak hasi du dagoeneko lizitazio-prozesua.

Azkenik, joan den martxoan adjudikatu du Udalak Barakaldo kalea Estaziño eta Azitain arteko trenbide gaineko pasealekuarekin lotuko duen igogailu publikoa egiteko proiektuaren erredakzioa. Proiektuaren idazketa joan den martxoan adjudikatu zitzaion Erredakzioa Eptisa-Cinsa Ingeniería y Calidad enpresari 50.215 eurotan, proiektua egiteko hamabi asteko epe bat ezarriz.

Igogailu hori Barakaldo kaleko 29 zenbakiaren inguruan kokatuko da, gaur egun udal-jabetzakoa den Hijos de Gabilondo eraikineko orubearen hasieran, eta, handik oinezkoen pasealekuraino, 18 m-ko altuera gaindituko du.  Udalak, proiektu honen bidez, Barakaldo kalearen eta trenbide gaineko pasealekuaren arteko konexioa hobetzea lortu nahi du. Horrez gain, urbanizatu egingo da igogailuaren sarrera, Barakaldo kalean.