Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Txontako goialdea Galizia etorbidearekin lotuko duen igogailu publikoa 331.000 eurotan adjudikatu da

Txontako goialdea Galizia etorbidearekin lotuko duen igogailu publikoa 331.000 eurotan adjudikatu da

Txontako 42 eta 44 zenbakietako etxebizitza-blokeen tokia.

2019/07/04

Laster hasiko diren lanak Obras Especiales Edificación e Infraestructuras enpresari adjudikatu zaizkio, eta 22 asteko iraupena izango dute. Igogailu berriak, halaber, hobetu egin du Txonta kaleko 44 eta 52 zenbakien arteko etxebizitzen irisgarritasuna.

Igogailu publiko berriak, pasarela bat ere izango duena, lotuko ditu Txonta auzoko goialdea eta Galizia pasealekua, ostetik igarotzen dena. Igogailua iturriaren plazan kokatuko da, alegia, 42 eta 44 zenbakietako etxebizitza-blokeen artean. Obras Especiales Edificacion e Infraestructuras enpresari adjudikatu zaio lana 331.001 eurotan (BEZa barne) eta obrak egiteko epea 22 astekoa izango da.

Lan honek, batetik, hobetu egingo du auzoaren goialdeko irisgarritasuna, Txonta kalea Galiziako pasealekuarekin lotuko duen irisbide zuzen bat sortuz, eta, bestetik, lagunduko du Txonta kaleko 44 eta 52 zenbakien arteko etxebizitzetako auzokideek beren etxeetako irisgarritasunean hobekuntzak lor ditzaten, jabekide-komunitate bakoitzak egingo dituen obren bidez.

Halaber, egitasmoan iturriaren plaza osoaren eraberritzea egingo da: zorua eta hiri-altzariak berriztuko dira eta Corten altzairuzko eta egurrezko banku bat jarriko da. Orobat, oraingo iturria kendu eta modelo berri bat jarriko da, leku honetarako propio diseinatu eta eraikia, plazaren diseinuan integratuz.

Goiko aldean, egingo den pasarelak Galiziako pasealekurako irisbide zuzena ahalbidetuko du, eskailera edo arrapala bidez, eta baita Txontako 44 eta 52 zenbakien ostetik doan oinezkoen bidera ere, eta etorkizunean, jabekide-komunitate bakoitzak egin litzakeen irisgarritasun-soluzioak erraztu ahalko lituzke.

Miguel de los Toyos alkateak adierazi duenez, igogailu publikoaren egitasmo honek argi erakusten du “gure konpromisoa Eibarko auzo honekin eta azken urteotan bertako auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko egiten ari diren hirigintza izaerako beste lan batzuekin”.

Era berean, beste aurrerapauso bat da Udalak herri guztian zehar irisgarritasuna hobetzeko eta espazio libreak eraikitzeko dituen plan anbiziotsuetan.  

Azken urteotan, bai Eibarko Udalak bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Departamenduak egitasmo bat jarri dute martxan auzoa urbanistikoki biziberritzeko.

Zentzu horretan, irisgarritasuna hobetzeko eta auzoko 17 pegoren eraberritze-premiei erantzuteko (efizientzia energetikoaren irizpideak kontuan hartuz), aipatutako Departamenduak 2,3 milioi euroko dirulaguntza bat eman zuen, Txonta Berritzen Bulegoaren bidez kudeatzen ari dena, horretarako propio sortua eta Txonta kaleko 3 zenbakian dagoena.  Aurrekoari gehituko beharko litzaioke inbertsio bat etxebizitza babestuan; izan ere, Eusko Jaurlaritza halako bat eraikitzeko asmotan dabil.

Erlazionatutako albistea