Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Txontako bizilagunentzako enplegu eta formazio planean parte hartu dutenen erdiek lana lortu dute

'Txonta Berritzen' programaren kartela.

'Txonta Berritzen' programaren kartela.

2021/01/19

Parte-hartzaileetako hiruk, gainera, trebakuntza jasotzen jarraitzen dute, enpresetan praktikak egiten, alegia. Eibarko Udalak bultzatu du programa, Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkartearekin batera, 2019ko ekaina eta 2020ko uztaila bitartean.

Enplegu eta Prestakuntza Planak —langabezian dauden edo lan prekarioa duten Eibarko Txonta auzoko biztanleei zuzendua—, aukera eman du bertan parte hartu duten hamabost pertsonetatik zortzik (% 53) enplegu bat lortzeko, eta beste hiruk (% 20) araututako sisteman prestakuntza-ekintzak egiten jarraitzeko.

‘Txonta Berritzen’ izeneko programa 2019ko ekainetik 2020ko uztailera bitartean gauzatu zen. Ekimenaren helburua izan da enplegagarritasunari eta ekintzailetzari laguntzea  eta IKT teknologiak integratzea eta garatzea.

Programa amaitu ondoren, haren sustatzaileek uste dute ezarritako helburuak arrakastaz lortu direla, Covid-19a gorabehera; izan ere, baldintza berrietara moldatu behar izan dira, eta aparteko ahaleginak egin behar izan dituzte parte-hartzaileen motibazioa bermatzeko eta programaren helburuak betetzeko.

Lehenengo fasean, parte-hartzaile bakoitzari laguntza pertsonalizatua eman zitzaion, langabeen profilera egokitutako oinarrizko gai eta edukietan trebatzeko, eta, aldi berean, parte-hartzaile bakoitzaren tutoretza-lana egin zen. Zeharkako prestakuntza amaituta, pertsona bakoitza bere premia eta gaitasunetara gehien egokitzen zen prestakuntza espezifikora bideratu zen, Eibarko eta inguruko zentroetan.

Azkenik, eta behin parte-hartzaileek formazioa amaitu eta gero, lagundu egin zitzaien lana bilatzeko prozesuan, horretarako tresnak emanez, eta curriculuma diseinatuz edo haien profiletan interesa izan zezaketen enpresak identifikatuz.

Alberto Albistegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziaren hitzetan, “ ‘Txonta Berritzen' programarekin lortutako emaitzak oso positiboak izan dira. Parte-hartzaileen % 53k enplegua lortu du, eta beste % 20k beste hobekuntza-ikastaro batzuetan dago. Gainera, laneratzeko profil zaila duten langabeen kolektiboa izanik, poztasuna are handiagoa da”.”

Ekimen hau —Eibarko Udalak Armeria Eskolako Ohiko Ikasleen Elkartearekin batera sustatua— Txonta auzoa birgaitzeko proiektu globalaren barruan kokatzen da. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza baten bidez gauzatzen ari da, eta haren klausuletako batean jasotzen zen Udalak enplegu- eta prestakuntza-plan bat garatu behar zuela.