Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Txontako bizilagunek 2022ko azaroaren 30era arte izango dute aukera beren etxebizitzak zaharberritzeko obrak egiteko

Txonta auzoa.

Txonta auzoa.

2020/09/10

Eusko Jaurlaritzak berroneratzeko eta eraikinak birgaitzeko jarduerak finantzatzeko auzoari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzea erabaki du; hasieran 2.300.000 euro ziren eta gaur egun 2.535.000. Proiektuan 221 etxebizitza daude sartuta: Txonta kaleko 2, 3, 5, 15, 17, 25, 29, 36, 38, 40, 42, 46, 48, 50 eta 52 zenbakiak.

Txonta auzoko etxebizitza-eraikinak birgaitzeko eta berroneratzeko jarduketak finantzatzeko zuzeneko dirulaguntzen programak handitu egin du bere zenbatekoa eta luzatu obrak gauzatzeko epea; horrela, auzoko bizilagunek 2022ko azaroaren 30eera arte izango dute obrak amaitzeko aukera

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, uztailaren 21ean egindako bilkuran, baimena eman zion Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari Eibarko Udalari emandako zuzeneko dirulaguntza 235.000 euroan handitzeko, Txonta auzoa berroneratzeko eta etxebizitza-eraikinak birgaitzeko jarduketak finantzatzeko, 2.300.000 eurotik 2.535.000 eurora igaroz.

Organo horrek, halaber, erabaki zuen obren exekuzio-epea luzatzea, goian adierazitako moduan.

Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzak kontuan hartzen du Eibarko Udalak duela hilabete batzuk egindako eskaera, zeinak agerian utzi baitzuen bai egin beharreko obren kostu handia, batez ere eraikinen eraginkortasun energetikoa eta irisgarritasuna hobetzera bideratua, bai eta obra horien garrantziak erabakiak hartzeko prozesu luze eta konplexua ekarri duela; horri guztiari gehitu behar zaio Konfinamenduan, COVID-19aren ondorioz, jarduerak gelditu behar izan zirela. Arrazoi horiek guztiek agerian  uzten zuten neurri hauek hartu beharra. 

Jon Iraola Eibarko Hirigintza zinegotziaren hitzetan, “Auzoko bizilagunak eta ni neu ere ikusten ari ginen proiektua behar bezala burutzeko denborarik gabe geratzen ari ginela, etengabe eta gogor lan egin arren. Presak ez dira onak eta are gutxiago tamaina honetako egitasmoetan. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak bi urte gehiago ematea, egin duen bezala, ezinbestekoa zen.”

“Alde horretatik, ez naiz nekatuko auzoko bizilagunak proiektu hau aurrera ateratzeko egiten ari diren lana goraipatzeaz. Hasieratik % 100 inplikatu dira, eta hori publikoki aitortu behar zaie. Eta gauza bera esan behar dut Eusko Jaurlaritzari buruz, eta, zehatzago, haren kontseilari Iñaki Arriolari eta bere lantalderi buruz, haiengandik behar genuen laguntza izan dugulako une oro”, gehitu du Iraolak.

Era berean, Eibarko Udalak erabaki du egitasmoan sartutako dirulaguntzak eskatzeko epea luzatzea, bai jabekideen komunitateei dagozkienak bai norbanakoari emango zaizkionak; epeak 2021eko ekainaren 30ean eta urriaren 30ean amaituko dira, hurrenez hurren.

Laguntza hau Oinarrietan berariaz jasotako jarduketa guztiak gauzatzeko erabili beharko da; besteak beste, igogailuak, arrapalak, eta etxebizitzetarako irisgarritasun unibertsala bermatzeko balio duen beste edozein obra, eta eraikinaren inguratzailea, gutxienez letra bat hobetzea ahalbidetzen duten jarduketak egiteko (fatxadak, estalkia, hegalak).

Halaber, energiaren kontsumoa murrizteko borondatezko beste jarduera batzuk lagunduko dira diruz, hala nola galdara indibiduala ordeztea errendimendu altuko gas naturaleko beste batez; ur beroa lortzeko sistemak ezartzea, eguzki-xafla termikoen bidez; edo berogailu-sistemak eta ur bero zentralizatua izatea, biomasa-galdara edo energia berriztagarriko beste sistema batzuk jarrita.

Bestalde, Eibarko Udaleko Hirigintza Arloa lanean ari da dagoeneko Txonta auzorako udal-dirulaguntza gehigarri batean, Eusko Jaurlaritzarenaren osagarri izango dena. Dirulaguntza horren oinarriak datorren irailean egongo dira amaituta, eta 400.000 euroko zenbatekoa izango dute.

Txosten teknikoen arabera, Egitasmoan sartutako 17 etxebizitza-eraikinetatik, bik hasieratik adierazi zuten ez zutela inolako obrarik egiteko asmorik.  Beste 15 atariei dagokienez, bik lanak amaitu dituzte, horietako bat dirulaguntza kobratzeko dokumentazioa aurkezteko fasean dago; beste atari bat birgaitze-lanak egiten ari da une honetan, eta beste pegora bat laster hasteko asmotan dago.

Gainerako jabekide-komunitateak, beren talde teknikoekin batera, Birgaitze Proiektuak idazten ari dira, eta horietan zehaztuko dira lan bakoitzaren baldintzak eta haien zenbatekoa. Horietako gehienak behar bezala aurkeztu dira Eibarko Udaleko Hirigintza Arloan, eta une honetan berrikusten ari dira, hala badagokio, dagozkion doikuntzak egiteko eta, behar izanez gero, beharrezko baimenak emateko.