Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Torrekuako anbulatorio zaharra jubilatu-etxe bihurtzeko prozesua hasi du Udalak

Torrekuako anbulatorio zaharraren artxiboko irudia.

Torrekuako anbulatorio zaharraren artxiboko irudia.

2022/11/15

Udalak aurreproiektu bat egin du higiezina birgaitzeko egin beharreko obraren ezaugarriak zehazten dituena, bai eta beheko solairuan kokatuko den jubilatuen zentroarena ere. Dokumentu hau beste aurrerapauso bat da udal-planetan, eta datorren urtean behin betiko proiektua idaztea da asmoa.

Eibarko Udalak dagoeneko badu aurreproiektu bat, Amaña auzorako Torrekuako osasun-zentro zaharraren eraikinean egingo den jubilatu-etxearen ezaugarriak zehazten dituena; eraikina, birgaitu egingo da aurretik. Dokumentu honekin Udala datorren urtean behin betiko proiektuaren idazketa lizitaziora ateratzeko moduan egongo da.

Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegui Obretako zinegotziak gaur goizean egindako prentsaurrekoan eman dituzte proiektuari buruzko xehetasunak; egitasmoaren bidez eraikinari erabilera sozial eta ludikoa eman nahi zaio.

Eraikinaren beheko solairuan jubilatu-etxe bat egingo da, baina ez da zehaztu zer helburu izango duten higiezinaren gainerako instalazioek. Une honetan, Udalaren lagapen bidez, behin-behinean dago Eibar-Ermua Gurutze Gorria eraikinean, eta bertan eduki sozialeko hainbat programa egiten ari da. 

Aurreproiektuak aurreikusten duenez, lehenengo fasean eraberritze-lanak egingo dira: higiezinaren inguratzailearen birgaitze energetikoa egingo da, eta, hala, eraikinaren portaera energetikoa hobetu egingo da. Eraberritze-lanak fatxadan eta estalkian egingo dira, eta zoru erradiatzailea girotzeko eta berotzeko instalazio berriak ezarriko dira.

Ondoren, barne-eraberritzea egingo da, beheko solairuan jubilatu-etxea hartzeko: komunikazio bertikala eta prestakuntza-gelak birgaituko dira, bai eta bulegoak ere, eta, aldi berean, beste espazio batzuk sortuko dira, hala nola kafetegirako gune bat.

Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “aurreproiektua aurkeztea egitasmo hau gauzatzeko hasierako urratsa da. Udalak egindako apustu bat da, xede duena Amañako eta inguruko auzotarrei zerbitzu berri bat ematea, aspalditik ari baitziren hori eskatzen”.  Anbulatorio zaharreko espazioa, gehitu du alkateak, “jubilatu-etxe bat sortzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen ditu”.  

Eraikina birgaitzeko jarduketari ekiteko eta jubilatu-etxea sortzeko, Udalak dirulaguntza bat eskatu du Toki Erakundeen Eraikin Publikoak Birgaitzeko Sustapen Proiektuen esparruan, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.

Torrekuako anbulatorio zaharraren higiezina Udalarena izatera pasatu zen duela urte batzuk, Otaolako ospitale berria ireki eta martxan jarri ondoren, instalazio horietan eskaintzen zen osasun-zerbitzua Eibarko Ospitalera igaro zenean.

Proiektu hau Udal Gobernuak Amaña auzorako dituen beste epe laburreko ekintza plan batzuei gehitu behar zaie, hala nola auzoari zerbitzua emango dion zentro sozial bat sortzea, Ziriako Agirre eta Bustinduitarren kaleen irisgarritasuna hobetzea eta Asola-Igartzan aparkaleku-plaza berriak sortzea (aurki jarriko dira salgai).

202211151.jpg
Jon Iraola alkatea eta Alberto Albistegui Obrak eta Ingurumen arloetako zinegotzia, prentsaurrekoan.