Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Toribio Echevarria Sarien 30. edizioan beste enpresa-sari bat emango da

Toribio Echevarria Sarien 30. edizioaren aurkezpena.

Toribio Echevarria Sarien 30. edizioaren aurkezpena.

2020/09/15

Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 14an amaituko da. Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako Toribio Echevarria Sariek, aurten, 30. urteurrena ospatuko dute berrikuntza batzuekin: Alde batetik, data; izan ere, COVID-19aren ondorioz euskal ekintzailetza-esparruko hitzordu garrantzitsu hau atzeratu behar izan da. Bestetik, “Espezializazio estrategikoa” izeneko sari barri bat emango da. Ohorezko sari horiek erakutsitako berrikuntza teknologikoagatik bereziki nabarmentzen diren ekimen ekintzaileak aitortzen eta babesten dituzte. Irabazleek, sari bakoitzari dagokion diru-kopurua jasotzeaz gain, finantziazioa, mentoring-a eta prestakuntza eskuratzeko aukera izango dute.

Euskal Herriko industria-ehunaren berrikuntza-kultura eta modernizazioa garatzeko, enpresa-sormenaren eta berrikuntza teknologikoaren bidetik doazen ekintza guztiak sendotzen eta indartzen ditu Toribio Echevarria Sarien 30. edizioak.

Euskal Autonomia Erkidegoan ekintzaileen ekimenak aitortzeko eta jardueraren hasieran haien sustatzaileei babesa emateko sortu ziren sari hauen bidez, ekimenari, berrikuntzari, ekintzaileen ahalmenari, sorkuntzari eta enpresa-garapenari lotutako balioak sustatu nahi dira, berrikuntza teknologikoari garrantzi berezia emanez.

Eibarko alkate Miguel de los Toyosek eta BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolak deialdi berri hau aurkeztu dute, gaur goizean, Eibarko udaletxean. Deialdiaren bitartez, oinarri teknologikoko ideia eta enpresa berritzaileak sustatzen, eta kalitatezko enplegua bultzatzen jarraitu nahi dute.

Bere hitzaldian, Miguel de los Toyosek ekimen hau gauzatu den 30 urteen balantzea egin du, lurraldeko enpresa-eraldaketari egin dion ekarpena eta izan duen balioa aitortuz. “Saria jaso duten enpresa asko gaur egun liderrak dira hainbat sektoretan, gure industria-ehunaren lehiakortasuna indartuz”. Horren haritik, aurten “espezializazio estrategikoa” saria gaineratu dela azpimarratu du alkateak. Beste bi kategorietako edozeinetan aurkeztutako hautagai-zerrendetako bati zuzendua dago. Hautagai horrek bere jarduera Eibarko udalak definitu eta babestu duen espezializazio estrategikoko arloetako batean garatu behar du:  Manufaktura aurreratua —bereziki mikrodoitasun eta robotikaren mekanika— energia eta kirola.

Bestalde, BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolak azpimarratu du ”koronabirusaren pandemiak azkartutako eraldaketa sakonen eta zalantzazkoen testuinguru batean bereziki, berrikuntzaren eta enpresa-jarduera berriak sortzearen aldeko apustuarekin jarraitzeko dagoen beharra, ekonomia eta gizarte gisa ditugun erronkei erantzuteko”.

Sariak bi kategoriatan banatzen dira: “Enpresa-asmoak” eta “Enpresa berria”. Kategoria bakoitzak 10.500 euroko saria du eta laguntza-, prestakuntza- eta aholkularitza-programetan parte hartzeko aukera ematen du. Halaber, garpen teknologikoan edo nazioartekotzeko prozesuan laguntza behar duten ekimenentzako beste sari batzuk daude.

Sari horiez gain, aurtengo edizioan, Eibarko Udalak bi sari berezi emango ditu hirian berrikuntzaren eta ekintzailetza berritzailearen eta teknologikoaren alde egin duen apustua indartzeko. Atal horren barruan “Eibarresa enpresa” saria eta “Espezializazio estrategikoa" sariak emango dira. Biak jatorria Eibarren duten edo Eibarren kokatzeko konpromisoa duten enpresei zuzenduta daude. Enpresa horiek merkatuari balio-proposamen bat egingo diote, eta enplegua sortzeko eta inbertsiorako potentziala izan behar dute. Kategoria bakoitzak 10.500 euroko saria eta, BIC Gipuzkoaren bidez, prestakuntza espezializatua eskuratzeko aukera emango du.

Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimen honetan Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak hartzen dute parte. Halaber, Gipuzkoako Bazkundeak, Elkargik, APDak, El Diario Vasco-k, SPRIk, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresari-elkarteek ere hartzen dute parte.