Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Terrazen ordenantzaren aldaketen alegazio epea hasi da, horien hasierako onespenaren ostean

2016/06/29

Alkateak azpimarratu du saiatu direla oreka mantentzen Eibarren hirigintza-errealitatearen, ostalaritzaren interesen eta terrazak gustuko dituzten zein ez dituzten herritarren interesen artean.

Mahaiekin eta aulkiekin salgaiekin edo bestelako elementu lagungarriekin bide publikoa erabiltzeari eta okupatzeari buruzko udal ordenantzan (terrazen ordenantza ere esaten zaio) sartutako aldaketak jendaurreko informazio aldian jarri dira alegazioak aurkeztu ahal izateko, Osoko Bilkuran hasierako onespena eman ondoren eta ekainaren 21ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Alegazioak aurkezteko epea argitaratzearekin batera hasi da, eta uztailaren 28ra arte egongo da zabalik.

Terrazak jartzeari buruzko ordenantzaren aldaketa horiek Osoko Bilkuran onartu ziren Talde Sozialistaren aldeko botoekin eta gainerako taldeen abstentzioarekin.Udalbatzak hasierako onespena eman zion testuak zenbait aldaketa ditu Eibarren orain arte indarrean egon den araudiaren aldean.

Ordenantzaren artikulu batzuk ostalarien proposamenez aldatu dira, baina Udala betiere saiatu da ostalaritza-sektorearen eta herritarren arteko elkarbizitza ona izan dadin. “Lurzoru publikoaren okupazioa dakarren edozein jarduketa egitean, orekak bilatu behar dira”, azpimarratu du Miguel de los Toyos alkateak. “Eta, kasu honetan, oreka bilatu behar da ostalaritzaren interesen eta herritarren interesen artean, bai terrazak gogoko dituzten herritarrenak, bai horiek gogoko ez dituzten herritarrenak”.

Terrazen zabalerari dagokienez, berrikuntza bat dago: gutxieneko igarobidea 3 metrotik 1,5era jaitsi ahal izango da, salbuespen moduan, hektareako 12 etxebizitzako edo gutxiagoko dentsitatea duten etxebizitza-urbanizazioetako espaloietan edo oinezkoak igarotzeko guneetan. Espaloi estuetan, upelak eta aulki altuak jarri ahal izango dira, baina, edonola ere, gutxienez 2 metroko tartea utzi behar da oinezkoak pasatzeko.

Beste aldaketa batzuk ere egin dira: terraza desmuntagarriak zein finkoak jarri ahal izango dira; finkoak salbuespen moduan jarri ahal izango dira, oinezkoek edo larrialdiko ibilgailuek zeharkatzeko ez diren oinezkoentzako esparru edo gune berezietan. Terraza finkoek baldintza berezi batzuk bete beharko dituzte (diseinua, estalkia, itxiturak, elementuen modeloak…),ordenantzan jasota daudenak.

Upelak edo mahai altuak eta aulki altuak jarri ahal izango dira, baldin eta horien pisuak eta neurriek ez badute zailtzen mugitzea eta egunero jasotzea. Upel eta mahai altu horien neurriak eta materialak eta horiek jartzeko baldintzak ezarri dira. Erakusmahai-leihoak jartzea baimenduko da, baldin eta terrazak jasotakoan itxita geratzen badira.

Zaraten eta ordutegien atalari dagokionez, ordenantzak jasotzen duen berrikuntzetako bat da terraza erretiratu egin beharko dela horren erabiltzaileek eragozpenak eragiten badizkiete auzokideei; horrez gain, ezarri da zer material mota jarri behar den mahaien eta aulkien hanken azpian zaratarik ez ateratzeko horiek arrastatzean.

Terrazen ordutegietan ere egin dira zenbait aldaketa.Bariku, zapatu eta jaiegun-bezperetan, maiatzaren 1etik irailaren 30era bitartean, 09:00etatik 01:30 arte egon ahal izango dira zabalik terrazak, eta gainerako hilabeteetan, 00:30 arte. Domekatik eguaztenera, berriz, maiatzaren 1etik irailaren 30era bitartean, 09:00etatik 00:30 arte egon ahal izango dira zabalik, eta gainerako hilabeteetan, 23:00ak arte. Herriko jaietan, Aste Santuan, Haratuzteetan eta Gabonetan, ordubete luzatuko da ordutegia.

Azkenik, aldatutako ordenantzak ezartzen du tabernako arduradunek egunean bitan gutxienez garbitu beharko dutela terrazarako erabilitako eremua, eta, betiere, funtzionamendu ordutegia amaituta terraza erretiratzen denean. Mahaietan, gainera, hautsontziak egon behar dira, eta horiek ura eduki behar dute.