Udalak antolatutako ‘Berrerabili eta berrasmatu’ tailerren laugarren edizioa urritik abendura egingo da

Aurrematrikulak egiteko epea astelehenean (irailak 22) irekiko da, eta 10 tailer eskainiko dira Eibarko denda eta erakundeen laguntzarekin. Tailerren helburua da eguneroko objektuak eta materialak konpontzen, berrerabiltzen, birziklatzen eta berrasmatzen ikastea, haien erabilera luzatzeko eta, horrela, sortutako hondakin-kopurua murrizteko.
Eibarko Ingurumen Sailak ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ izeneko tailerren beste edizio bat antolatu du; programaren helburua da jarraibide batzuk ematea eguneroko objektu eta materialen bizitza baliagarria luzatzen ikasi, haien berrerabilpena eta birziklapena sustatu eta balio erantsia emateko. Birziklatzea eta berrerabiltzea funtsezko jardunbideak dira xahuketa murrizteko eta baliabideak kontserbatzeko, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta, aldi berean, etxeko ekonomiari mesede egin diezaioketen konponbideak emanez. Tailerrak herriko denden lankidetzarekin (El Taller de Manualidades, Baratze, Adarabar eta Kids&Party) eta beste entitate batzuen laguntzarekin (Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua, Eibarko Klub Deportiboa eta Koly Asociación Solidaria) antolatu dira; jarduerak toki horietan egingo dira.
Udala 2021ean hasi zen tailer hauek antolatzen, eta harrezkero oso harrera ona izan dute edizio guztiek. Hasieran, edizio bakarra antolatzen zen urtean, baina herritarrek erakutsitako interesa ikusita, urtean bi edizio (udaberrikoa eta udazkenekoa) egiten hasi ziren. Hala, 2025ean, apiriletik ekainera, udaberriko edizioa egingo da 10 tailerrekin, eta urritik abendura bitartean, udazkenekoa.
Tailerretarako aurrematrikulak egiteko epea datorren astelehenean, irailak 22, irekiko da eta urriaren 2ra arte egongo da zabalik (biak barne). Aurrematrikula Pegoran egin beharko da edo Udaleko webguneko formulario honen bidez: https://formularioak.eibar.eus/eu/berrerabilietaberrasmatu2025-02
Tailerrak adinez nagusientzat dira, eta pertsona bakoitzak gehienez hiru tailerretan eman ahalko du izena. Saioetako batean matrikulatutako pertsonen kopurua ezarritako gutxieneko ikasle kopurua baino handiagoa ez bada, bertan behera geratuko da tailerra. Eta aurrematrikula-kopuruak gainditu egiten badu eskuragarri dauden plaza-kopurua, zozketa egingo da. Udalak onartuen zerrenda argitaratuko du Pegoran eta udal-webguneko atal hauetan: ‘Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak’ eta ‘Laburrak eta abisuak’ ataletan, urriaren 6an.
Onartutakoek urriaren 7tik 14ra bitartean egin behar dute matrikula, Udalaren web-orriko "Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak" atalean eskuragarri dagoen inprimakia betez. Matrikula Pegora Herritarrentzako Zerbitzuaren Bulegoko sarrerako ate ondoko postontzian utzi beharko da, (astelehenetik igandera, 7:30etik 21:30era). Matrikula ez aurkezteak plaza galtzea dakar.
Tailer hauen inguruko informazio gehiago izateko, interesdunek ingurumena@eibar.eus helbide elektronikora idatzi edo 943708408 telefonora deitu dezakete. Tailerren katalogo osoa udal webguneko “Ikastaroak, lehiaketak eta tailerrak” izeneko atalean deskargatu daiteke: https://www.eibar.eus/eu/tramiteak/ikastaroak-lehiaketak-sariketak/berrerabili-eta-berrasmatu-tailerrak-2025-02
Lehenengo tailerraren izena hauxe da: “Etxeko oinarrizko konponketak: estaldurak eta pintura”. Gaztelaniaz izango da, eta urriaren 21 eta 28an eta azaroaren 4, 11, 18 eta 25ean eskainiko da, 17:30etik 19:30era, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain, 2).
Urriaren 22an “Ikasi zure bizikleta konpontzen” tailerra emango da, 18:00etatik 20:00etara, euskaraz eta gazteleraz. Eibarko Klub Deportiboak emango du bere instalazioetan (Toribio Etxebarria, 16-1).
Urriaren 23 eta 30erako eta azaroaren 13, 20 eta 27rako “Etxeko oinarrizko konponketak: iturgintza” izeneko tailerra dago programatuta. Ele bitan izango da, 17:30etik 19:30era, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain, 2).
Laugarren tailerra izango da “Makinaz nola josi: hasiberrientzako joskintza” izenekoa. Urriaren 25ean egingo da, Harixan (Bidebarrieta, 27). Bi txanda egongo dira: lehenengoa, 16:00etatik 18:00etara, euskeraz; bigarrena, 18:00etatik 20:00etara, gaztelaniaz.
Azaroaren 8rako, “Tapizatu eta estreinatu: zaharretik berrira” izeneko tailerra dago iragarrita; gaztelaniaz izango da, 10:30etatik 13:30era, El taller de Manualidades eskulan-dendan (Bidebarrieta, 44).
“Etxeko oinarrizko konponketak: etxetresna elektriko txikiak konpontzea” tailerra azaroaren 12,19 eta 26an izango da. Gaztelaniaz emango da, 17:30etik 19:30era, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan (Azitain, 2).
Azaroaren 15ean, “Lorontzi edo erabilera anitzeko pote bat sortu birziklatutako latekin” izeneko tailerra eskainiko da, 11:00etatik 13:00etara. Kids&Party taldeko beharginen emango dute, euskaraz, Portaleko A 3111 gelan (Bistaeder, 10).
Azaroaren 22rako “Collage originalak sortu barnealdeak apaintzeko” tailerra dago programatuta. Euskeraz izango da, 11:00etatik 13:00etara bitartean, Adarabar establezimenduan (Eulogio Garate, 6b).
“Aprobetxamenduzko sukaldaritza: Gabonetarako gosari-brunchak” tailerra abenduaren 2an izango da. Baratzek emango du, euskaraz eta gaztelaniaz, 17:30etik 20:30era, Portaleko sukaldean (Bistaeder, 10).
Azkenik, abenduaren 10ean “Berrerabili zure ontziak eta berrasmatu zure kosmetikarako produktuak” tailerra emango du (gaztelaniaz) KOLY Asociación Solidaria taldeak, Portaleko A 311 gelan (Bistaeder, 10).
Tailerrek 8 eta 17 euro bitarteko prezioa izango dute.
Tailer hauek antolatzeko, Udalak dirulaguntza bat eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari.
Eva Juez Garmendia Ingurumen Saileko buruaren hitzetan, “horrelako tailerrak ematen jarraitzea garrantzitsua da, hondakinak murrizteari eta produktuak berrerabiltzeari buruzko sentsibilizazioan laguntzen dute-eta. Era berean, azpimarratu du tailer hauen helburua dela herritarrak mobilizatzea eta kontsumo-ohitura jasangarriagoak hartzera animatzea, ingurumenean inpaktu txikiagoa izateko xedez.