Sostoatarren kaleko eskailera mekanikoak berriztuko ditu Udalak

Azpiegitura giltzarria da zezen-plazaren eta Ipuruaren arteko oinezkoen mugikortasunerako. Lizitazio-epea zabalik dago maiatzaren 19ra arte, eta aurrekontua 270.000 eurotik gorakoa da.
Eibarko Udalak iragarri duenez, zezen-plaza eta Sostoatarren kalea lotzen dituzten eskailera mekanikoak berriztu egingo dira, izan ere, oso azpiegitura erabilia da, batez ere Ipuruan partidak dauden egunetan.
2002an jarritako eskailera hauek zerbitzua eman dute bi hamarkada baino gehiagotan eta mugikortasuna ahalbidetu dute pendiz handiko toki batean. Orain, eskailerak aldatzeko lizitazio-prozesua jarri du martxan Udalak, 272,855,00 euroko oinarrizko aurrekontuarekin.
Eskaintzak aurkezteko epea 2025eko maiatzaren 19ra arte egongo da zabalik, eta orduan aztertuko dira obrari lehenbailehen ekiteko proposamenak.
Jon Iraola alkateak oso positibotzat jo du jarduera: "Bizilagunek aspalditik eskatzen zuten hobekuntza da, eskailera horiek funtsezkoak baitira zirkulazio handiko eremu horretan irisgarritasuna lortzeko. Lanean jarraitzen dugu Eibar hiri eroso, irisgarri eta modernoago bat izan dadin".
Bestalde, Pedro Escribano Obretako zinegotziak jarduketaren garrantzia azpimarratu du: “Zaharkitutako makineria aldatzeaz gain, zerbitzua hobetu nahi dugu instalazio eraginkorrago, seguruago eta egungo beharretara egokituago batekin. Gobernu-taldeak espazio publikoa hobetzeko duen konpromisoa islatzen du esku-hartze honek”.