Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Sententzia batek ezetsi egin du Udaltzaingoak armak eramateko egindako eskaera

2018/07/27

Epaitegiek arrazoia eman diote Udalari bigarren aldiz, armak eramateko eskaerari emandako ezetzagatik aurkeztutako errekurtsoaren ondoren.

Donostiako Administrazioarekiko Auzietarako 3. Epaitegiak ezetsi egin du Eibarko Udaltzaingoaren sektore batek Eibarko Udalari egindako eskaera, baimena emateko tokiko poliziaren kideei lanean armak eraman ditzaten. Hala, Epaitegiak arrazoia ematen dio Udalari, zeinak agenteek armak eramatearen aurka agertu baita uneoro, eta horrek eraman du Udaltzaingoa gaia epaitegietara eramatera.

Bigarren aldia da Udaltzaingoaren eskaera ezesten dela. Aurreko sententzia batean, aurtengo martxoaren 15ekoa, epaitegiek ezetsi egin zuten Polizia eta Larrialdietako Euskal Sindikatuak, Eibarko Udaltzaingoaren izenean, gai berari buruz aurkeztutako eskaera bat. Epai haren ondoren, sindikatuak errekurtso bat jarri zuen, eta horren emaitza izan da berriz ere armak eramateko eskaerari ezetz esatea.

Azken sententzia honek zera gogorarazten du: indarrean dagoen araudi juridikoak “Ez die tokiko entitateei (udalak) berariazko obligazioa ezartzen udaltzainak suzko armaz hornitzeko; aitzitik, hori posibilitate bat da, alegia, tokiko Administrazioaren organo eskudunek, erabakitzeko duten ahalmenaren esparruan, zerbitzua antolatzeko neurrien barruan har dezakete aukera bat baino ez”.

Sententziaren beste ataletako batean, eskaera ezesteko arrazoien artean zera esaten da: "Errekurtsogileak ez du judizio-elementurik azaldu justifikatzeko agintzen zaizkion eginkizunak betetzeak erasoen arrisku-egoera bat dakarrenik, non arma-erresistentzia bat egongo den edo haren bizia edo hirugarrenena nola edo hala arriskuan dagoen".

Epaian, halaber, kontuan hartzen da Eibarko Udaltzainburuaren txosten bat; bertan dio “Udalaren asmoa beti izan dela polizia gertuko eta hurbil bat izatea, Udal Polizia Prebentibo bat, herritarrengandik gertukoa, eta herriko leku guztietan ibiliko dena, bizilagunak eta negozioetako jabeak ezagutuko dituena eta ikusgaitasuna izango duena, halako moldez non herritarrek beste auzotar bat bezala ikusiko duten”.

Horren harira, Udaltzaingoaren txostenak dio “Pertsonentzat arrisku larriak sor daitezkeen egoeretan, Udaltzaingoa Ertzaintzarekin eta Larrialdiekin koordinatzen da". Sententziak aipagai duen txosten berean esaten da "Azken urteetan Udaltzaingoak egindako jardueren datuetan oinarrituta ezin da esan Eibarren arriskua areagotu denik”.

Halaber, epaian azpimarratzen da gaur egun Eibarko udaltzainek berek ere “iritzi eta sentsibilitate desberdinak dituztela armak eramateko beharrari buruz”. Sindikatuen artean, Ernek bakarrik egin du armak eramatearen alde.

Iritzi desberdinak eta Udaltzainburuaren txostena kontuan hartuta, auzitegiak berretsi egiten du “ez dela beharrezkoa Eibarko udaltzainak armaz hornitzea, txostenak argi lagatzen dituen datu objektiboak kontuan hartuta". Esate baterako, honako datu hau: "Herrian arriskua ez dela areagotu azken urteetan, eta Ertzaintza ezartzeak, Eibarko komisaldegia zabaltzean, ekarri zuela Udaltzaingoak egiten zituen zeregin ugari, ordena publikoari eta herritarren segurtasunari buruzkoak, polizia horrek bere gain hartzea".

Sententziak zera dio, orobat: "Udaltzainei suzko armaz ez hornitzeko Eibarko alkatearen erabakia datu objektiboetan oinarritua eta justifikatua dagoela, eta, ondorioz, ezin dela arbitrariotzat jo".

Eibarko udaltzain batzuek armak eramateko lehen eskaerak egiten hasi zirenetik, Miguel de los Toyos alkateak beti esan zuen Udaltzaingoa gertuko polizia bat zela, eta ordena publikoarekin lotutako gaietarako Ertzaintza zegoela; eta segurtasun-taldeak berak delinkuentziaren gainean egindako txostenak aztertuta, ez zuela zantzurik antzeman Eibarren delinkuentzia igo zela esateko. “Eibar ez da hiri arriskutsua, Udaltzaingoak armak eraman beharra justifikatzen duena", esan du Miguel de los Toyos jaunak hainbat aldiz.

“Nolanahi ere —dio De los Toyos jaunak—, Eibarko Udaltzaingoak egiten duen lana aitortu eta eskertu egin nahi dut. Herritarrengandik gertuen dagoen segurtasun-taldea da, eta haren eguneroko lan konprometituak, gatazkak murrizteaz gain, gure egunerokotasunari eragiten dioten kontu eta arazoak konpontzeko aukera ematen du".