PSOE izan da alderdi bozkatuena Eibarren 2024ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan

2024ko Europako Parlamenturako Hauteskundeetan Eibarren lortutako emaitzak.

2024ko Europako Parlamenturako Hauteskundeetan Eibarren lortutako emaitzak.

2024/06/09

Alderdi bozkatuenak 3.602 boto (% 34,57) lortu ditu; EH-Bilduk 2960 (% 28,47); EAJ-PNVk 1.959 (% 18,84); eta PPk 816 (% 7,8). Podemosek 300 boto lortu ditu (% 2,8), Sumar alderdiak, 263 (% 2,52) eta Voxek 145 (% 1,3), besteak beste. Parte-hartzea % 50,56koa izan da, eta % 66,55ekoa 2019ko maiatzean.

PSOE izan da garaile Eibarren igande honetan, ekainak 9, egin diren 2024ko Europako Parlamenturako Hauteskundeetan. Alderdi bozkatuenak 3.602 boto lortu ditu hauteskunde hauetan, hau da, hautestontzietara joan diren guztien % 34,57.

Bigarren indar bozkatuena EH-Bildu-Orain Errepublikak izan da, 2960 botorekin, hau da, hautesleen % 28,49rekin.

Babes handiena izan duen hirugarren indar politikoa EAJ-PNV da, 1.959 botorekin, hau da, % 18,85.

Laugarren talde bozkatuena Alderdi Popularra izan da, 816 botorekin ( % 7,85).

Bosgarren postuan Podemos dago 300 botorekin, hau da, % 2,88. Ondoren, Sumar, 248 botorekin (% 2,38); Vox, 146 babesekin (% 1,40), eta 'Se acabó la fiesta' Hautesleen Elkartea, 110 botorekin (% 1,05), besteak beste.

2019ko emaitzak

Europako Hauteskundeak 2019ko maiatzean egin ziren azkenekoz. Garai hartan, batera egin ziren Udal, Foru eta Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta azken horretarako emaitzak honela geratu ziren: PSE-EEk 4.255 boto lortu zituen (% 30,16); EAJ-PNVk, 4.043 (% 28,66); EH-Bildu-Orain Errep., 3.131 boto (% 22,20); Podemos-IUk, 1.375 ( % 9.75); eta PPk, 562 (3,98), besteak beste.

Parte-hartzeak behera egin du 

2024. urte honetako Europako Parlamenturako hauteskundeetan, Eibarren parte-hartzea % 50,56koa izan da; beraz, nabarmen jaitsi da 2019. urtearekin alderatuta, orduan % 66,55ekoa izan baitzen. Abstentzioa % 49,43koa izan da.

EAE osoan (Euskal Autonomia Erkidegoa), emaitzak honela geratu dira: EH-Bildu-Orain Errepublikak (227.911 boto, % 26,24); PSOE (225.084 boto, % 25,92); EAJ-PNV (194.532 boto, % 22,40); PP (99.812 boto, % 11,49); Sumar (28.422 boto, % 3,2); Podemos (27.704 boto, % 3,19); Vox (23.271 boto, % 2,68); eta Hautesleen Elkartea  'Se acabó la fiesta' (14.973 boto, % 1,72).

Estatu mailan, alderdi bozkatuena PP izan da (22 diputatu), ondoren PSOE (20 diputatu), Vox (6 diputatu), Orain Errepublikak (3 diputatu dipiutatu), Sumar (3 diputatu), Hautesle Elkartea 'Se acabó la fiesta' (3 diputatu), Podemos (2 diputatu), Junts EB (diputatu 1) eta CEUS (diputatu 1).

2024ko Europako Parlamenturako Hauteskundeen emaitzak eskuragarri daude https://results.elections.europa.eu/es/ web orrian, bai eta Barne Ministerioak prestatutako webgune berezian ere.