Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

PSE-EE eta EH-Bildu udal-taldeek akordio bat lortu dute 2023ko udal-aurrekontua onartzea bermatzen duena

2023ko Udal Aurrekontuaren onarpena bermatzen duen PSE-EEren eta EH-Bilduren arteko akordioa aurkezteko egindako prentsaurrekoaren irudia.

2023ko Udal Aurrekontuaren onarpena bermatzen duen PSE-EEren eta EH-Bilduren arteko akordioa aurkezteko egindako prentsaurrekoaren irudia.

2023/03/06

Negoziazio-prozesu baten ondoren, Gobernu taldeak egindako 45,8 milioiko aurreproiektuan, bi taldeek proposatutako zuzenketak sartzea erabaki dute; zuzenketen zenbatekoa guztira milioi bat eurokoa da.

PSE-EE eta EH Bildu udal-taldeak akordio batera iritsi dira, Eibarko Udaleko 2023ko kontuak onartzea ahalbidetuz.

Adostutako akordioaren xehetasunak gaur jakinarazi dituzte prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria PSE-EEren bozeramaleak,  Eibarko EH Bildu taldeko Gorka Errasti bozeramale eta Igone Lamarain zinegotziekin batera.

Negoziazio-prozesu baten ondoren, sozialistek egindako 45,8 milioiko aurreproiektuan, bi taldeek proposatutako zuzenketak sartzea erabaki dute; guztira zuzenketen zenbatekoa milioi bat eurokoa da. Jon Iraola alkatearen hitzetan, “udal-aurrekontuek, ekitaldi honetan ere, Osoko Bilkuraren gehiengo zabal baten babesa izango dute, eta hori arrakastatzat jotzen dugu”. Bestalde, Gorka Errasti, EH Bilduko bozeramaleak zera esan du: “Pozik gaude akordioaren emaitzarekin, izan ere, herriaren ikuspegi estrategikoa eta eibartar guztien bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko neurriak adostu ditugu”.

Bi taldeek itundutakoen artean, zenbateko handieneko zuzenketa, 300.000 eurokoa —bat datorrena 2021eko urrian Eibarko ekialdean hainbat proiektu estrategiko aurrera eramateko sinatutako akordioarekin, eta aukera ematen duena Barrena kalea eta haren ingurua biziberritzeko jarduketak egiten jarraitzeko—, honako hau da: Barrena eta Barakaldo kaleetako jolas-parkeak berritzea eta berriro diseinatzea, auzoko haurren eta gurasoen eta Urkizuko ikastetxearen beraren parte-hartzearekin.

Gainera, 60.000 euroko partida bat sartuko da aurrekontuan, hiriko beste eremu batzuetako haur-parkeak berritzeko eta estaltzeko azterlan bat egiteko.

Bi taldeek estrategikotzat jotzen duten beste proiektuetako bat hilerria berregokitzea da; horrekin, lortu nahi dena da egungo kokapenetik mugitu gabe, herritarren aisialdirako berdegune bat sortzeko espazioa irabaztea eta Urki ingururako aparkaleku-plazak handitzea.  Helburu horretan aurrera egiteko, 100.000 euroko partida bat sartuko da, balorazio ekonomikoa jasoko duen azterlan bat egiteko, 2024tik aurrera proiektua gauzatzeko partidak sar daitezen.  Urki auzoa eta, zehazkiago, haren irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko helburuarekin, bideragarritasun-azterlan bat ere egingo da Sansaburu kalea Urki kaleko kotarik altuenarekin lotuko duen igogailu bat eraikitzeko.

Kopuru hori bera, 100.000 euro, hitzartu dute bi taldeek azterlan bat egiteko, gure herrian hutsik dauden etxebizitzen ezaugarriak zein diren jakite aldera, behin etxebizitza horien egoera ezagututa, Eibarko alokairuko etxebizitza libreen parkea handitzeko neurriak diseinatzeko eta bultzatzeko. Bestalde, pertsona nagusi autonomoen etxebizitza tutelatuen udal-parke bat sortzeko urratsak emateko, 25.000 euro bideratuko dira gai horri buruzko bideragarritasun-plan bat egiteko.  

Gainera, 100.000 euro erabiliko dira Itzioko parkean karabana-parking bat egokitzeko eta 8.000 euro gehiago Amañako eskolako patioko obra amaitzeko.

Bi gaik osatzen dute talde biek lortutako akordioaren parte handiena: kultura eta hainbat esparrutan lan egiten duten kolektibo eta elkarteen babesa. Hala, gure herrian kultura-ekimen berriak martxan jartzeko eta Eibarko zein Euskadiko sortzaileei laguntzeko, PSE-EEk eta EH Bilduk bi jaialdi antolatzea erabaki dute: “Street Art festibala” eta “Eibar Entzun”. Lehenengoak aukera emango die margolariei eta graffitilariei beren talentua erakusteko eta, aldi berean, gure kaleak eta fatxadak edertzeko, eta, bigarrenak industriarekiko lehen harremana erraztu nahi die Euskadi osoko musikariei, Eibarko taldeei eta bakarlariei arreta berezia eskainiz. Bi zuzenketen zenbatekoa 150.000 eurokoa izango da.

Ekimen horien zabalkundea ez ezik, Eibarko kultura-eskaintza zabala ere indartzeko, eta informazioa herritar guztiengana hel dadin, hainbat kanal eta bitartekoren bidez, 7.000 euro gehituko zaizkio komunikazio-partidari. Gainera, kultura-saila indartu egingo da, dinamizatzaile kultural bat kontratatuz.  

Gure herriko elkarte eta kolektiboen laguntzari dagokionez, 5.100 euro gehiago emango zaizkio AEKri, eta 1.500 euro gehiago Eta Kitto elkarteari; baita 7.000 euro ere Katubeltz elkarteari. Diru horri esker, gure udalerriko kaleko katuen koloniak are hobeto kudeatuko dira.

Gainera, 15.000 euroko dirulaguntza bat emango zaio Ipuruako Merkatu Plaza Elkarteari (Merkatu Zaharraren eraikin egokitzeko beharrezkoak diren obrak 30.000 eurorekin osatzeaz gain), auzoko bizilagunek osatutako kolektiboak programatutako jarduerak Udaletik diruz laguntzeko.

Halaber, 16.500 euro emango zaizkio Klub Deportiboari artxiboa digitalizatzeko proiektua egin dezan (kopuru bera sartzea hitzartu dute bi udal taldeek 2024ko kontuetan, proiektua osorik gauzatu ahal izateko); 6.029 eurotan handituko da Cielito eta Usartza bandak kontratatzeko partida, bakoitzak beste emanaldi bat eskain dezan urtean; eta Indalezio Ojanguren argazki-lehiaketa indartu egingo da ekonomikoki, sarien zenbatekoa handituz, erakargarriagoa izan dadin eta parte-hartze handiagoa izan dezan.

PSE-EEk eta EH Bilduk bat datoz, gainera, lehen sektorea eta, zehazkiago, tokiko ekoizleak ikusarazteko eta babesteko premiarekin. Hori dela eta, akordioan, alde batetik, tokiko ekoizleak eta haien produktuak ezagutarazteko gida bat argitaratuko da (6.000 euro), eta sektorean belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko plan bat egingo da (10.000 euro).  

Gainera, 5.000 euroko partida bat sortuko da Berdintasun Arloan, biktima bakar bat ere ez dadin geratu laguntza psikologikorik jaso gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak horretarako bideratzen duen aurrekontua agortu delako.

Azkenik, Ekonomia Garapen eta Enplegu Sailak plaka fotovoltaikoak instalatzeko prestakuntza-ikastaro bat programatuko du langabeentzat.

PSE-EEtik, Ana Telleria bozeramaileak zera nabarmendu nahi izan du: “EH Bildurekin adostu ditugun proposamen hauek Gobernu Taldetik egiten dugun 2023ko Aurrekontua aberastu egiten dute; aurrekontu bat, zeinean, beti bezala, pertsonak jartzen ditugun gure ekintzaren erdigunean; aurrekontu bat, balioko duena bai herritarrak, bai sektore ekonomiko eta auzo guztiak biziberritzeko”.

Bestalde, EH Bilduko bozeramale Gorka Errastik hala adierazi du: “PSE-EErekin lortutako akordioak beste behin berretsi egiten du gure elkarrizketa-ahalmena eta akordioetara iristeko gaitasuna. Eta hala egiten jarraituko dugu, eibartarren bizimodua etengabe hobetzen jarraitzeko erantzukizun soziala eta anbizioa dugulako”.