Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Pertsona nagusientzako tutoretzapeko bederatzi apartamentu egiteko asmoa du Udalak

Artxiboko irudia (Pixabay).

Artxiboko irudia (Pixabay).

2023/12/29

Mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako zerbitzu bat da; langile espezializatuen laguntza izango du eta eremu komun bat edo toki bat herriko adinekoei eguneko arreta emateko. Udalak espazio bat du Estaziño kalean eraikitzen ari diren eraikin berrian, eta, proiektuaren arabera, lau apartamentu egingo dira gutxienez lehen fasean, eta beste bost geroago.

Eibarko Udalaren Gizartekintza Sailak mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako ostatu-zerbitzu bat egiteko asmoa du. Tutoretzapeko bederatzi apartamentu dira, eremu komunak dituztenak. Bertan, herriko adineko beste pertsona batzuei ere emango litzaieke eguneko zerbitzua; apartamentuak Estaziñoan egiten ari diren eraikin berrian kokatuko dira.

Pertsona bakarrarentzako edo bikote batentzako apartamentuak izango dira, edo, salbuespen gisa, familiarentzako apartamentu bat; espazio-aukeren arabera, bizikidetza-unitate batentzako apartamentu bat ere egin liteke, esaterako, kasu bat izan daiteke bikote bat, non ezkontideetako batek mendekotasun arina duen, eta, beste kasu bat desgaitasunen bat edo eguneroko bizitzarako zailtasunak dituen seme alaba bat edukitzea norbere kargu. Gainera, gune bat egongo da zerbitzua kudeatzen duten langileentzako eta espazio komun bat talde-dinamikaren bat edo tailerren bat egiteko.

Langileek tutoretza-bitartekaritza, akonpainamendu soziala eta gainbegiratze-lanak egingo dituzte, bai eta,  hala badagokio, arreta pertsonala eman eta etxeko lanetan lagundu. Gainera, beste prestazio osagarri batzuk ere sar litezke, hala nola mantenua, etxeko garbiketa eta arropak garbitzea.

Bestalde, aztertzen ari dira gune bat prestatzea eguneko arretarako, bai apartamentuen erabiltzaileentzat, bai mendetasun-arriskuan edo -egoeran dauden herriko beste adineko pertsona batzuentzat. Bertan, informazio-zerbitzuak, jarraipenaren balorazioa, esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala, eta akonpainamendu soziala eskainiko lirateke.  Zerbitzu hau eskainiko balitz, ez litzateke erabiltzaileentzako talde-dinamikak egiteko gune komunik egingo.

Tutoretzapeko etxe hauek Estaziño eraikin berrian kokatu nahi dira; eraikina eraikitze-prozesuan dago eta Udalak espazio bat du bertan. Eraikuntza bi fasetan egingo da, eta Udalak gutxienez lau apartamentu egingo ditu lehenengo fasean, eta beste bost bigarrenean.

Proiektua egiteko, zeinak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, Kode Teknikoa eta Bizigarritasun Dekretu berria bete behar dituen, aurrekontuak eskatu zaizkie udalerriko arkitektura-estudioei, eta aurkeztu diren zazpietatik, ARKIGESen proiektua proposatu da, 13.915 euroko prezioan (BEZa barne).