Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Pertsona nagusientzako arreta psikosozialeko programa bat antolatu du Udalak

Pertsona nagusientzako arreta psikosozialeko programa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia. Jon Iraola alkatea eta Sonia Archeli, Gizartekintzako zinegotzia.

Pertsona nagusientzako arreta psikosozialeko programa aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia. Jon Iraola alkatea eta Sonia Archeli, Gizartekintzako zinegotzia.

2023/10/18

Zerbitzua doakoa da eta adinekoen autonomia sustatzea du helburu, haien narriadura fisiko eta mentala prebenitzeko. Programa ekainera arte egingo da nagusien lau zentroetan, eta interesdunek ikastaroa hasita ere parte hartu ahal izango dute.

Eibarko Udalak pertsona nagusientzako arreta psikosozialeko programa bat antolatu du. Doako zerbitzu bat da adinekoen autonomia sustatu nahi duena, haien narriadura fisikoa edota mentala prebenitzeko, bai eta etxean bertan ahalik eta denbora gehien bizitzea ahalbidetzeko ere. Taldean egiten den programa izanik, aukera ematen du harremanak egin eta parte-hartzaileen ongizatea hobetzeko.

Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziaren hitzetan, "gure gizarte-politikak pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratuta daude, kasu honetan, zehazki, adinekoen bizi-kalitatea eta zahartzea hobetzera. Gure adinekoen narriadura kognitiboa eta fisikoa prebenitzeko programa honen bidez, zahartze aktiboa sustatzen ari gara, eta zahartze-prozesu naturalaren ondorioak geldiarazten edo atzeratzen saiatzen ari gara".

Programa zaurgarritasun-egoeran dauden adineko eibartarrei zuzenduta dago.  Nagusiki laurogei urtetik gorakoentzat da, baita 65 urtetik gorakoentzat ere, baldin eta isolamendu-, bakardade- edo abandonu-egoeran badaude; edo 65 urtetik gorakoentzat, teknikariek hala gomendatuz gero. Ez dago pentsatuta narriadura kognitiboa duten pertsonentzat, baina programan aspalditik parte hartzen ari den erabiltzaileren bat sintomak izaten hasten bada, jarrai dezake parte hartzen, baldin eta jarraitzeak on egingo diola ikusten bada.

Pertsona bere osotasunean hartuz landuko da estimulazioa; alegia, maila sozialean, kognitiboan, fisikoan eta afektibo-emozionalean. Horretarako, lau jarduera mota egingo dira: egunean jartzea, estimulazio fisikoa, erlaxazioa eta estimulazio kognitiboa.

Egunean jartzea zera da: egunkariak irakurtzea, albisteak komentatzea, esperientziak edo kezkak partekatzea, eta baita Udalaren eta pertsona nagusien zentroen jardueren berri izatea ere.  Estimulazio fisikoarekin honako hauek lantzen dira: oreka, arintasuna, koordinazioa, egonkortasuna, eta baita giharrak indartzea ere eguneroko bizitzan moldatu ahal izateko. Ariketa suabeak eta egokituak dira betiere. Jarduera fisikoaren ondoren, erlaxazioa eta arnasketa egiten da. Azkenik, estimulazio kognitiboan, erabiltzaileen errendimenduari eutsi eta hobetzeko xedez, hainbat ariketa egiten dira memoria, orientazioa, hizkuntza, kalkulua, arrazoiketa eta abar lantzeko, paper eta arkatzarekin nahiz ikus-entzunezko baliabideekin.

Zerbitzua doakoa da, eta urritik ekainera arte izan arren interesdunak ikasturtean zehar sartu ahal izango dira.  Programa Eibarko nagusien lau zentroetan egingo da, eta zentro bakoitzean astean bi saio izango dira bi ordukoak. Beheko Tokian eta Ipuruan saioak arratsaldez izango dira, Beheko Tokian astelehen eta ostegunetan, eta Ipuruan astelehen eta ostiraletan. Untzagan, goizez, astelehen eta ostiraletan eta Urkin, goizez, astelehen eta asteazkenetan.

Gehiago jakiteko interesdunek Gizarte Zerbitzuetara, pertsona nagusien lau zentroetara eta herriko osasun-zentroetara jo dezakete. Han informazioa eta esku-orria emango zaie; eta nahi izanez gero, interesdunen datuak hartu eta posta elektronikoz Gizarte Zerbitzuetara bidaliko dira. Nahi duenak zuzenean jo dezake Gizartekintzara, bai informazioa jasotzeko, bai izena emateko, modu presentzialean Portaleko 4. solairuan, telefonoz 943 70 84 40 deituta, edo mezu bat bidaliz posta elektronikoz gizartekintza@eibar.eus helbidera.