Eibarko Udala

Pegorak 40.000 arreta inguru egin zituen 2022an, informazioa eskuratzeko eta gestiorako

2023/03/15
Udaletxeko beheko solairuan, Untzaga plazan, dagoen Pegorako bulegora sartzeko atearen irudia.
Kopuru horrek udal-bulegoan egindako arreta presentzialak eta telefonoz egindakoak jasotzen ditu. Bestalde, Pegorako bulegoetan bertan dagoen autozerbitzu-terminalean 18.000 izapide baino gehiago egin dira.

Pegora Eibarko Herritarren Zerbitzurako Bulegoak informazioa eskuratzeko eta gestiorako 38.437 arreta egin zituen iaz. Haietatik, 30.189 modu presentzialean egin ziren (850 aurretiazko hitzorduarekin), erabiltzaileek tiketa Pegorako bulegoetan hartu ondoren (udaletxeko beheko solairuan).

Horren harira, aipatu behar da 30.000 pertsonari emandako arreta horren ondorioz 40.858 izapide egin zirela guztira.

Arreta presentzialaren bidez egin ziren izapide gehienak honako hauek izan ziren: udal-erroldako altak, bajak eta aldaketak (5.249), beste administrazio batzuetarako dokumentazio-erregistroak (2.460), Eusko Jaurlaritzaren eta beste administrazio batzuen informazioa (2.231), txakurrentzako poltsak (2.026), zergak (1.599), B@kQ ziurtagiri digitala ematea (1.158), banku-helbideratzeak (725), ikastaro eta tailerretako matrikulazioak (669), trafikoa (659) eta obra-lizentziak (408).

Bestalde, telefono bidezko informazio-errekerimenduak 8.248 izan ziren. Kasu honetan, herritarrek gehien eskatutako informazioa gai hauei buruzkoa izan zen: Eibarko administrazio-zentro batzuetako telefono eta helbideak eta izapideak egitea (NANaren eta Pasaportearen bulegoa, Debabarreneko Mankomunitatea…), garraio publikoaren ordutegiak, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga, Biztanleen Errolda, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, beste administrazio batzuen izapideen kontsultak eta leihatila bakarra, eta izapide elektronikoekin sortzen diren zalantzak.

Pegorak, halaber, beste funtzio batzuk egiten ditu, hala nola Posta zerbitzutik —zeina ORVEtik iristen den (Erregistroen Interkonexio Sistema)— jasotzen den dokumentazioa udal-sail bakoitzean erregistratzea, edo beste administrazio batzuen egoitza elektronikoetatik Udalari jakinarazten zaizkion gaiak jasotzea. Guztira, 2022an 3.130 izapide izan ziren.

2022an egindako lanen artean nabarmentzekoak dira, baita ere, “Umeak Eskolara” (3.155 eskaera, 213.857,20 euro guztira) eta “Dirulaguntzak Ikasleei” (1.336 eskaera, 83.668,02 euro) kanpainen kudeaketa, Udaleko ikastaroetako matrikula guztien mekanizazioa, beste laguntza eta dirulaguntza batzuen mekanizazioa, eta beste administrazio-zeregin batzuena.

Arreta presentzialen kopuruak behera egin du eta arreta-denborak gora

2022an, arreta presentzialen kopuruak behera egin zuen 2019. urtearekin alderatuta –pandemiaren urteetako arreta-datuak ezohikoak dira–, eta arreta-denborak, aldiz, nabarmen egin zuen gora, hainbat faktoreren ondorioz. Alde batetik, izapide eta arreten kopurua murriztu egin da administrazio elektronikoa ezarri delako, baina egia da, halaber, Impulsa espediente-kudeatzailearen ezarpenarekin eta erregistro bakoitzeko dokumentu guztien digitalizazioarekin izapideen arretak denbora gehiago eskatzen duela; eta, beraz, izapide gutxiago egiten dira, baina arreta-denbora asko luzatzen da.

Bestetik, administrazio-prozeduraren lege berriaren aplikazioak, besteak beste, arreta presentziala egiteko aukera kendu die pertsona juridiko eta profesionalei, baina, aldi berean, leihatila bakarra ezarri du. Hortaz, beste edozein administraziotara zuzendutako edozein tramite Pegoran erregistratu daiteke. Leihatila bakar horrek gero eta lan gehiago dakar Pegorako arreten portzentajean eta iraupen luzeko tramiteak dira. ORVEn, esaterako, 2.460 arreta egin ziren, eta batez besteko iraupena 13 minutukoa izan zen.

Gainera, autozerbitzu-makinak 18.466 izapide egiteko aukera eman zuen iaz, batez ere, errolda-agiriak, izapide azkarrak eta errazak dira-eta. Hala, denbora gehien eskatzen duten gestioak aurrez aurre egiten dira. Herritarrek autozerbitzuko terminalean gehien egin dituzten gestioen artean, honako hauek daude: errolda-agiri indibidualak (9.989), errolda-agiri historikoak (2.905), ordaindutako ordainagiriak (715) edo ordaintzeko ordainagiriak (459), besteak beste.