Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Pagaegitik Jardiñetarako oinezkoen pasabidea hobetu egingo da arrapalen bidez

Pagaegitik Jardiñetarako oinezkoen pasabidea hobetu egingo da arrapalen bidez

Pagaegi kalea.

2019/01/21

Excavaciones y Obras de Diego SM enpresari adjudikatu zaio obra 224.741,66 eurotan (BEZa barne); lanak egiteko epea hamazazpi astekoa izango da.

Pagaegi eta Ibargaineko bidegurutzetik Jardiñetako auzorainoko oinezkoen komunikazioa hobetu egingo da arrapalak eraikita, inguru horretarako irisbidea errazteko. Excavaciones y Obras de Diego SM enpresari adjudikatu zaio obra 224.741,66 eurotan (BEZa barne) eta lanak egiteko epea hamazazpi astekoa izango da.  Lanen exekuzioa 261.000 eurotan (BEZa barne) atera zen lizitaziora.

Horretarako, arrapala berri bat egitea proposatzen da Muzategi-Ibargain oinezkoen zatiko hormari itsatsia, Pagaegi-Ibargain izkinatik hasi eta lehengo kioskoraren ondoan dagoen oinezkoen pasabidean amaituz. Arrapala berria egiteko galtzadaren zati bat okupatuko da, beraz, Pagaegi-Jardiñeta konexioan jaisteko noranzko bakarra ezarriko da ibilgailuen trafikoan.

Bestalde, handitu egingo da eskuineko espaloia —Pagaegi kaletik igotzeko noranzkoan— arrapala bat egiteko oraingo eskaileren ondoan; egun dauden eskailerak ere aldatu egingo dira pixka bat. Halaber, luzatu egingo da Ibargain-Muzategiko oinezkoentzako bidera ematen duten Ibargaineko eskaileren ondoan dagoen espaloia. Luzapen hori Ibargain kale-hasieran dagoen garajeraino egingo da.

Behin Ibargaiñen, oinezkoen ibilbidea beste espaloira aldatuko da, zebra-bide baten bidez, kale berean dagoen garaje baten ondoan. Espaloi hori oraingoarekin bat etorriko da neurri handi batean, baina zabaldu egingo da eskaileren ondoan arrapala bat eratzeko.

Udalak egitasmo honi ekin dio, inguruak dituen irisgarritasun-zailtasunak kontuan hartuta. Konexio honek dauzkan arazo nagusienak hauexek dira: ezaugarri geometriko zailak, trazatu bihurgunetsuegia, malda handiegiak eta espaloien falta loturaren zati gehienean.

Bestalde, ibilgailuen zirkulazioa oso zaila da, bihurguneetan maniobra handiak egin behar dituztelako, eta, gainera, geratu egin behar dutelako kontrako noranzkoan datozenei pasatzen uzteko. Geldialdi horiek ere, lekuaren arabera, konplikatuak dira. Aurrekoari oinezkoen zirkulazioa gehitu behar zaio: espaloirik ez dagoenez, ibilgailuen artean egin behar da, eta horrek arrisku-egoerak sortzen ditu. 

Era honetan, erantzuna ematen zaie ingurune horretako irisgarritasun-arazoei. Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan “proiektu honekin Eibarko auzoetarako sarbideen hobekuntzan lanean jarraitzen dugu, bereziki oinezkoen igarobideari dagokionez" eta, gainera, "Jardiñetako auzotarren eskakizunei erantzun bat ematen diegu; izan ere, haiekin izan ditugun bileretan behin eta berriz eskatu du gune horretako irisgarritasuna hobetzeko”.