Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Otsailaren 1ean Eibarren egingo den Ikasenpresa Azokaren XIII. edizioan Euskadiko LHko 2.000 ikasle inguruk hartuko dute parte

Ikasenpresa Azokaren XIII. edizioaren aurkezpeneko argazkia.

Ikasenpresa Azokaren XIII. edizioaren aurkezpeneko argazkia.

2024/01/26

Udalaren laguntzari esker, beren produktuak erakutsi eta salduko dituzte 10:00etatik 13:00etara Untzaga plazan eta Txaltxazelaian jarritako karpetan.

Otsailaren 1ean “Ikasenpresa” azoka egingo da Eibarren, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako 2.000 ikaslek hartuko dute parte. Edizio berri honen aurkezpena gaur goizean egin da Eibarko udaletxean. Bertan, Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “Ikasenpresaren XIII. edizioa egin ahal izateak erakusten du Eibarrek eta eskualdeak egiten duten apustua Lanbide Heziketa bultzatzeko eta negozio- eta enpresa-ideia berriak gauzatzea sustatzeko.

Gainera, adierazi duenez, “Udalak beti babestuko du errealitate ekonomiko berriak sortzea erraztuko duen ingurune bat aztertzen eta zabaltzen jarraitzeko balio duen edozein ekimen. Ikasenpresak ideiak gauzatzeko bidea erraztu eta ezagutarazteko aukera ematen du.” Azkenik, edizio honetan parte hartzen duten ikasleak animatu ditu lanean jarraitzeko eta gogorarazi die Eibarko Udalak beti babestuko dituela halako ekimenak.

Bestalde, Rikardo Lamadrid Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak azpimarratu du euskal Lanbide Heziketaren barruan ekintzailetza bultzatzeko ekimenek izaera estrategikoa dutela, ikasleen prestakuntza eta enplegagarritasuna optimizatzeko bide gisa. Zentzu horretan, adierazi du Hezkuntza Sailak lanean jarraituko duela ekintzailetza bultzatzeko bere bi ekimen handien alde: batetik, Ikasenpresa programa, urteroko azokarekin; baina baita Urratsbat ere, benetako enpresak sortzeko laguntza-programa, LHko ikasleei bideratua. Azaldu duenez, estrategikoak dira, ez bakarrik ikasleak gaztetatik ekintzailetzan sentsibilizatzearen eta trebatzearen garrantziagatik, baita azken emaitza enpresa berriak sortzea badelako ere, noiz eta “merkatu-nitxo berriak esnatzen” ari diren unean. Azkenik, Lamadridek adierazi du ekintzailetza zeharkako gaitasun bat baino gehiago dela; haren esanetan, ekintzailetza jarrera bat da eta nabarmendu du pertsona ekintzailea bizitzako alderdi guztietan dela ekintzaile, lan- eta lanbide-arloetatik harago.

Ekitaldian izan dira, halaber, Vanesa Hortas, Eibarko Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia, Agustin Agirre, Ikaskuntza eta Errendimendu Handiko Arloko zuzendaria (Tknika) eta Ergiña Urzelai, Ekintzailetza Kulturakoa (Tknika). Armeria Eskolako eta Uni Eibar-Ermuak ikastetxeko LHko ikasleek, halaber, azaldu dute nola bizi duten beren prestakuntzaren azken tarte hori, praktikak egitera enpresetara joan aurretik.  

Guztira 400 ikasenpresak erakutsiko dituzte beren produktuak goiz osoan zehar (10:00etatik 13:00etara) Txaltxazelaian eta Untzaga plazan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mende dagoen Tknikak antolatuta (Euskadiko LHko Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa), eta Eibarko Udalaren eta Eibarko Oinarrizko LHko "ikasenpresen" laguntzari esker. 

Ikasenpresa ekintzailetza kultura 

Enpresa txiki bat sortzea eta abian jartzea, horixe da Ikasenpresak Euskadiko Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako ikasleei planteatzen dien erronka. Euskadiko LHko eredu metodologikoaren barruan lan egiten da, non funtsezkoa den irakasle-taldearen lankidetza-lana.

Nahiz eta Ikasenpresa enpresa-simulazioa bat izan, eskaintzen den produktua edo zerbitzua benetakoa da; hortaz, irakasleen lankidetza-lan horrek aukera ematen du negozio-ideiak lanbide-arloarekin lotuta egoteko, berritzaileak izateko, eta zikloko irakasle guztiak inplikatuta egoteko.

Negozio-ideiak ikasleak lantzen ari diren lanbide-arloekin daude lotuta, eta pertsonen edo haien ingurunearen bizi-kalitatea hobetzera bideratuta egon behar dute eta jasangarritasuna kontuan hartu.

2024ko azokaren datuak

  • Ikastetxeak: LHko 55 ikastetxe.
  • Parte-hartzaileak: 400 Ikasenpresa
  • Ikasleak: 2.000
  • Azoka honetan inplikatutako irakasleak: 106

Produktuak

Produktuak eta zerbitzuak askotarikoak dira; gehienak geletan ikasten ari diren lanbide-arlokoak dira, eta irakasleekin batera lantzen dira.  Era honetako arloak landu dira: kirol-jarduera fisikoak, jarduera industrialak, irudi pertsonala, ostalaritza eta turismoa, informatika, komunitatearentzako zerbitzuak, arte grafikoak, nekazaritza eta arrantza, zerbitzuak, farmazia eta parafarmazia, eta beste batzuk.