Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Otsailaren 16an hasiko da "Gurasoak Martxan" programaren beste ekitaldi berri bat, gurasoendako informazio- eta prestakuntza-ekintzez osatua

2016/02/11

Lau topaketa programatu dira seme-alabekiko komunikazioaren inguruko prestakuntza eta hausnarketa gune bat irekitzeko. Portalean izango dira saioak, otsailean 2 eta martxoan beste 2. Datozen hilabeteotan ere beste batzuk egitea pentsatu da. Horrekin batera, Eibarko Udalak, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan “Haurrei eta nerabeei tratu ona emateko Dekalogoa” banatuko du. "Gurasoak Martxan" egitarau barruko asmoa ez izan arren baditu haren osagarri diren nozioak edo kontzeptuak.

Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak sustatzen duen “Gurasoak Martxan" programak, seme-alabek gurasoei azaldu liezazkiekeen egoerei aurre egiteko informazioa emateko programak, beste edizio berri bati ekin dio. Oraingo honetan lau topaketa antolatu dira, bi otsailean eta martxoan hurrengo biak. Hala ere, ez da baztertzen programa luzatu eta apirilean beste hitzaldiren bat gehiago egiteko aukera.

Eibarko Guraso Elkarteekin eta BAIKARA Federazioarekin (Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioa) elkarlanean arituta garatu den programa hau datorren martitzenean hasiko da –otsailak 16-. Guztira, lau hitzaldi izango dira, denak Portalean (bigarren pisua).

Aurreko urteetan ikastetxeetan bertan eskaintzen ziren saioak, baina aurten saio guztiak Portaleko Aretoan egitea pentsatu da, jendearentzat errazagoa delako hara joatea.

Ikastaroak

Aurreneko saioa otsailaren 16an izango da, 18:30etan, Portalean. Gai hau ukituko da: “El desarrollo de la personalidad (Nortasunaren garapena)" eta autoestimua, autokontzeptua, erantzukizuna, borondatea eta motibazioa bezalako gaiak izango ditu ardatz. Edo, galdera eginez, hauxe: Gurasook zer egin dezakegu adaptazioa egokia izan dadin?.

Bigarren saioan, otsailaren 23koan “Las relaciones entre compañeros y compañeras (Ikaskideen arteko hartu-emanak)“ gaia jorratuko da: nola bultzatu elkarren arteko laguntasuna, nola ikasi hartu-eman hobeagoak izaten, nola egin aurre taldearen presioari, nola ikasi laguntza eskatzen. Hitzaldi hori ere Portalean izango da, 18:30ean.

Martxoan beste bi topaketa izango dira. Martxoaren 8an tratatuko den gaia “Comunicación y resolución de conflictos (komunikazioa eta gatazken konponbidea)" izango da eta eguneroko gauzei aurpegia emateko komunikazio ona izateak duen garrantziaz jardungo da. Eta azkenik, martxoaren 15ean “Autoridad y disciplina (autoritatea eta diziplina)” izango da mintzagai eta hizpide. Askatasuna, mugak, maitasuna eta errespetua: kontzeptu horien arteko oreka mantentzeko estrategiak.  

Hitzaldi horietan parte hartzeko, gurasoek Udaleko Gizartekintza Sailera jo dezakete izena ematera; baita ikastetxe bakoitzeko Guraso Elkartera zuzenduta ere.  

Aurreko urteetan bezala oraingoan ere gutxieneko asistentzia-kopuru bat ezarri da saio bakoitza egin ahal izateko.  Beraz, 12 pertsona  baino gehiago behar dira saio bakoitzerako. Otsailean eskainiko diren saio bietarako izen-emate orriak banatu dira eta Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailetik hauxe azpimarratu dute: dagoeneko, ehun bat guraso inguruk eman dutela izena saio horietarako. Beraz, aurreneko hitzaldi bi horiena bermatuta dago jendearen erantzuna benetan ona izan delako.

Martxoko saioetako izen-emate orriak hil honen zehar entregatuko zaizkie ikastetxeetako Guraso Elkarteei.  Saio horien asistentzia nolakoa den ikusita, saio gehiago antolatuko dira apirilean edo udaren amaieran, ikasturte berria hasterakoan.

Udalak dei egiten die gurasoei saio horietara joateko, beraien seme-alabek azaltzen dizkieten gaiei eta planteatu diezaieketen egoerei aurre egiteko informazioa ematea baitute helburu, betiere seme-alaben eboluzio-etaparen arabera.

Joan zen urtean eskaini ziren saioetan ehundik gora gurasok hartu zuten parte, eta gurasoen iritzia oso ona izan zen, 5 puntutik 4,4 eman baitzuten.

Haurrei eta nerabeei tratu ona emateko Dekalogoa

Bestalde, Eibarko Udalak, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan “Haurrei eta nerabeei tratu ona emateko Dekalogoa” banatuko du. "Gurasoak Martxan" egitarau barruko asmoa ez izan arren baditu haren osagarri diren nozioak edo kontzeptuak barneratzen ditu.

Guztira 650 orrialde izango dira Lehen Hezkuntzako 3. mailan dauden umeen bitartez familien artean banatuko direnak.

Dekalogo hori Haurren Kontrako Tratu Txarrak Saihesteko Elkarteen Federazioak egindakoa da eta Udalak lagundu du kaleratzen, Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkartearen bitartez egin ere.