Eibarko Udala
Toribio Echevarria Sariak

Abian da Toribio Echevarria Sarien 36. edizioa, Euskadin ekintzailetza berritzailea sustatzea helburu

2026/09/09
2026ko Toribio Echevarria Sarien aurkezpena.
2026ko Toribio Echevarria Sarien aurkezpena.

Hautagaitzak urriaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dira.

Abian da Toribio Echevarria Sarien beste edizio bat, zeinaren helburua den zientzian eta teknologian oinarritutako soluzio berritzaileak garatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko startup eta enpresa-proiektuak aitortzea eta bultzatzea, arreta berezia jarriz deeptech proiektu eta enpresetan.

Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak Toribio Echevarria Sarien 36. edizioa aurkeztu dute gaur goizean. Sariak erreferente dira Euskadiko ekintzailetza berritzailearen ekosisteman, eta, eraldaketa eta inpaktu potentzial handia duten enpresa-proiektuak identifikatzera, babestera eta sustatzera bideratuta daude.

Teknologiaren abiadak eta jakintzan oinarritutako negozio-eredu berriak sortzeak markatutako testuinguru honetan, Toribio Echevarria Sariek balio erantsi handiko soluzio aurreratuak garatu, eta izaera zientifiko-teknologikoko enpresa-ekimen berritzaileen aldeko apustua indartzen dute.

Deialdi honen helburua da ikusgarritasuna eta laguntza ematea teknologia kuantikoak, adimen artifiziala, bioteknologia, material berriak eta energia garbiak bezalako eremu estrategikoetan lan egiten duten startup eta enpresa-proiektuei, industria, ekonomia eta gizartea eraldatzeko gaitasuna duten sektore berriak baitira.

Toribio Echevarria Sariek hiru kategoria dituzte, lehenengo biak: “Startupak eta Enpresa-proiektuak” eta “Enpresa Berritzaileak”. Horietako bakoitzean irabazten duten proposamenek 12.000 euroko dirulaguntza jasoko dute, eta, horrez gain, proiektuak garatzen, sendotzen eta hazten laguntzeko programak eta laguntza-baliabideak eskuratu ahal izango dituzte.

Bestalde, Eibarko Udalak “Eibarko Enpresa Saria – Made in Eibar” izeneko hirugarren kategoria indartuko du berriz ere. Kategoria hori enpresa-ekimenei, enpresa sortu berriei eta barne-ekintzailetzako prozesuetatik sortutako negozio-lerro berriei zuzenduta dago, izaera berritzaile eta/edo zientifiko-teknologikodunak, eta egoitza Eibarren dutenak edo gehienez ere urtebeteko epean herrian kokatzeko konpromisoa hartzen dutenak. Aurkezten diren ekimenek batez ere industria aurreratuan, sportech-ean eta trantsizio ekologikoan jardun beharko dute.

Kategoria horretan, 12.000 euroko diru-sariaz gain, 10.000 euroko bonu teknologiko bat ere eskaintzen da, produktuak, prototipoak eta patenteak garatzeko, ahal dela Teknikerrekin edo BRTA sareko beste zentro teknologiko batzuekin lankidetzan.

Sari hori beste bi kategorietako sarien osagarria izan daiteke, baldin eta hautagaitzek kokapenari eta lehenetsitako sektoreei buruzko baldintzak betetzen badituzte.

Diruaz gain, Toribio Echevarria Sariek finantzaketa-, aholkularitza- eta prestakuntza-programetarako sarbidea eskaintzen diete ekimen irabazleei, garapena, lehiakortasuna eta proiektuen proiekzioa bultzatzeko funtsezko tresnak baitira.

Sarien aurkezpena eta adierazpenak

Jon Iraola Eibarko alkateak, Laura Espin BIC Gipuzkoako Proiektuen zuzendariak eta Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziak deialdi berria aurkeztu dute gaur goizean, eta Toribio Echevarria Sarien garrantzia nabarmendu dute, talentua hautemateko, enpresa-ekimen berriak bultzatzeko eta Euskadiko berrikuntza eta ekintzailetzako ekosistema indartzeko tresna gisa.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “Toribio Echevarria Sariak Eibarko nortasunaren, eta ekintzailetzaren eta berrikuntzaren aldeko gure apustuan funtsezkoak dira dagoeneko. 36. ediziora iristeak erakusten du ekimen sendo baten aurrean gaudela, baina baita eboluzionatzen eta erronka teknologiko eta enpresarial berrietara egokitzen jakin duten sari batzuen aurrean ere”.

“Eibarrentzat bereziki garrantzitsua da talentuarentzat, ezagutzarentzat eta enpresa-ekimenarentzat elkargune izaten jarraitzea. Nahi duguna da ideia on bat duten pertsonek hemen aurkitzea enpresa-proiektu bideragarria bihurtzeko behar duten laguntza eta tresnak. Gainera, proiektu horiek Eibartik haztea eta gure herrian enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen laguntzea ere nahi dugu”, adierazi du.

Iraolak enpresak eta ekintzaileak animatu ditu hautagaitzak aurkeztera: “Talentu handia dugu Euskadin, eta potentzial handiko irtenbideak garatzen ari diren ekimen asko ere bai. Toribio Echevarria Sariak lagungarriak dira talentu horrek ikusgarritasuna izan dezan eta hazten jarraitzeko aukerak aurki ditzan. Proiektu berritzaile bat duten pertsona guztiak animatu nahi ditut pausoa eman eta aurkez daitezen”.

Laura Espin honela mintzatu da: “Toribio Echevarria Sariek ekintzailetza aurreratuaren aldeko gure apustu estrategikoa indartzen dute, deeptech teknologietan oinarritutako proiektu eta enpresen alde, zeinetan estrategia zehatzak hedatzen ari garen: bioteknologia/osasuna, Adimen Artifiziala eta datuaren teknologia; teknologia digital aurreratuak, material berriak, teknologia kuantikoak eta espazioaren teknologiak. Sariak aukera ona dira inpaktu handiko berrikuntza sortzearen alde egiten duten eta talentu espezializatua erakartzen laguntzen duten ekintzaile eta enpresentzat”.

Eibarko Enpresa – Made in Eibar berariazko sariari dagokionez, alkateak zera azpimarratu du: “Are gehiago indartu nahi dugu berrikuntzaren, enpresaren eta herriaren arteko lotura. Eibarrek tradizio industrial eta ekintzaile luzea du, eta gure erronka tradizio horrek etorkizunari begira jarraitzea da. Horregatik, sektore batzuen alde egiten dugu bereziki, hala nola industria aurreratuaren, sportech-aren edo trantsizio ekologikoaren alde, gure DNA industriala begien bistatik galdu gabe”.

Bestalde, Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzi Vanesa Hortasek sarien bilakaera eta proiektu berriak hautemateko gaitasuna azpimarratu ditu: “Toribio Echevarria sariek aukera ematen digute urtero soluzio berritzaileetan lanean ari diren eta, kasu askotan, gure ekonomiaren eraldaketan eginkizun garrantzitsua izan behar duten enpresa eta pertsona ekintzaileengana hurbiltzeko”.

 “Edizio honetan, gure industriaren etorkizuna markatuko duten esparruetan jarri nahi dugu arreta, hala nola adimen artifizialean, teknologia kuantikoetan, material berrietan, bioteknologian edo energia garbietan. Baina, era berean, berrikuntza proiektu zehatzetara ekartzea ere nahi dugu, produktu berrietara, enpresa berrietara eta, batez ere, enplegu eta hazkunde aukeretara”, azaldu du Hortasek.

Oinarriak eta hautagaitzen aurkezpena

Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 7an amaituko da. Interesa duten pertsona eta erakundeek Toribio Echevarria Sarien webgunean kontsultatu ahal izango dituzte oinarri osoak eta parte hartzeko baldintzak: www. toribioechevarria.com .

Antolatzaileak eta babesleak

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimena dira, zeinean Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Ekintzailetza eta Nazioartekotze Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko eta Proiektu Estrategikoen Sailak parte hartzen duten.

Parte hartzen dute, era berean, SPRI entitateak, Gipuzkoako Ganberak, Elkargik, APDk, Debegesak, Confebaskek eta Adegi, Cebek eta SEA enpresa-elkarteek.