Osasuna zaintzeko aparatuak jarri ditu Udalak Muzategiko parkean

Muzategiko parkean jarri diren makina bio-osasungarriak kirola egiteko.

Muzategiko parkean jarri diren makina bio-osasungarriak kirola egiteko.

2023/02/15

Instalazioak bost aparatu ditu, Amañan eta Azitainen daudenen antzekoak. Udalak 10.000 euro inguruko inbertsioa egin du ezaugarri eta funtzio ezberdinetako aparatuak dituen instalazio honetan.

Eibarko Udalak makina bio-osasungarriak jarri ditu Muzategiko parkean ariketak egiteko. Bost aparatuk osatzen dute  jarduera fisikoa egiteko makina-multzoa;  batez ere adineko pertsonentzat dago pentsatua, nahiz eta gainerako biztanleek ere erabil ditzaketen.

Aparatu-multzo hori Muzategiko plazatxoan dago, Errebaleko atzeko aldean, Errebaletik Jardiñetara doazen eskailera mekanikoen lehen zatiaren amaieran. Aparatu hauek lehendik herriko beste leku batzuetan jarritakoen antzekoak dira: Berdintasunaren pasealekuan, Amañako dorreen ondoan; eta, Azitainen, tren-geltokiaren ondoko plazan.

Muzategiko lehenengo aparatuari ‘pasiatzekoa’ esaten zaio, eta bihotzaren eta biriketako funtzioa indartzeko balio du, beheko gorputz-adarren malgutasuna eta koordinazioa garatuz. Bigarren makinak ‘bela’ du izena, eta funtzio kardiakoa eta biriketakoa indartzeko, gorputzaren koordinazio orokorra hobetzeko, zirkulazioa eta digestio-sistema hobetzeko eta bizkarrezurra eta aldaka lantzeko balio du.

Beste joko bio-osasungarri bati ‘arraunketa’ deitzen zaio, eta bizkarreko muskuluak, sorbaldak eta bizepsak indartzeko aukera ematen du. Laugarren aparatua ‘iraupen-eskia’ da, besoen, hanken eta gerriaren indarra eta koordinazioa garatzeko balio duena; horrez gain, bihotz eta biriketako funtzioak indartzen ditu.

Bosgarren makinak “bizikleta” izena du, eta horren bidez beheko gorputz-adarren malgutasuna eta koordinazioa garatzen da, eta, aldi berean, bihotz- eta birika-funtzioak indartzen ditu.

Udalak makina horiek jartzeko egin duen inbertsioa 10.000 euro ingurukoa izan da. Horien erdia aparatuak erosteko izan da, eta beste erdia instalazioetarako, xafletarako eta kautxuzko zorua jartzeko.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “gure hiriaren ezaugarri demografikoak kontuan hartuta, edadeko jende asko bizi denez, pixkanaka horrelako instalazioak ezarri nahi ditugu gure hiri-sarean, Eibar gero eta hiri atseginagoa eta pertsona nagusientzako irisgarriagoa izan dadin”.

Alkatearen zera gaineratu du:  “Helburu horretarantz egindako aurrerapenaren adibide ona dira instalazio hauek, edadeko pertsonek beren gaitasun fisikoa garatzeko aukera izan dezaten, horrela mugikortasunean eta bizi-kalitatean irabaziz”.

Bestalde, aipatu behar da, herriko haur-parkeak etengabe hobetzeko eta berritzeko planaren barruan, Udalak 5.000 euro baino gehixeagoko inbertsioa egin duela Indalezio Ojangurenen, umeentzako jolas-parkean kautxuzko zorua jartzeko.