Onartu da udal gardentasunerako hobekuntza Plana
Eibarko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak udal gardentasunerako hobekuntza Plana edo Estrategia onartu zuen 2017ko azaroaren 10ean egindako bilkuran. Helburua da udal gardentasuna sustatzen eta hobetzen jarraitzea agintaldi honetan. Plan horretan proposatutako jarduketen esparrua, udalaren barruan, Eibarko Udala bera izango da, -osatzen duten sail, zerbitzu eta unitateekin, eta oposizioaren alderdi politikoekin batera-, eta, udaletik kanpo, Eibarko herritarrak eta jendartea oro har, eta baita komunikabideak ere.
Gardentasunaren estrategia garrantzizko udal proiektu bat da eta bere baitan biltzen ditu politikarien eta erakundearen konpromisoak gardentasunarekin eta gobernu onarekin. Onartu den dokumentuan zehaztu egin dira zein diren ordezkari publikoek bete beharreko kode etikoa osatzen duten printzipio eta erantzukizunak.
Proiektuan zehazten dira, halaber, udalaren betekizunak Publizitate aktiboari dagokionez –19/2013 Legean, abenduaren 9koan, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa, eta 2/2016 Legean, apirilaren 7koan, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa, jasotzen direnak–, baita informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen inguruko alderdiak ere.
Gainera, indarrean dagoen legedia betetzeko zer jarduera eta prozedura behar diren zehaztu da, eta Udalaren gardentasun-estrategia definitu da Gobernu Irekiari dagokionez.
Era berean, zerrendatu egin dira erakundearen gaineko ezagutza eta udalaren kudeaketa hobetzeko herritarrekiko konpromisoak eta horiek betetzeko epeak zehaztu dira.
Ana Telleria, Gobernua Zabalik Ordezkaritzako arduradunaren hitzetan, “konpromiso ausarta da gurea udala gardenagoa izan dadin; argi daukagulako esateaz gain, egin behar dugula. Gure helburua da herritarrek eskatzen diguten gertutasuna lortzea eta beren konfiantza lortuko dugu bakarrik praktika onak aurrera eramanda. Konpromiso demokratikoa, gardentasuna, irekitzea, zintzotasuna, eta, azken batez, azalpenak modu hobeagoan ematea herritarrek modu baliotsuan aitortzen dituzten balioak eta jarrerak dira”.
Gardentasunerako mikrosite berria
Agintaldi honetan sortu den Gobernua Zabalik Ordezkaritzaren apusturik sendoenetakoa Gardentasunaren pegora edo ataria sortzea eta martxan ipintzea izan da; 2015ean sortu zen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako Gipuzkoa Irekia plataformaren barruan dago kokatuta.
Udalak aurrerapauso bat eman du orain eta hemendik aste gutxira gardentasunerako atari propioa argitaratuko du www.eibar.eus udal-webgunean, “Gobernua Zabalik: Gardentasuna, herritarren partaidetza eta datu irekiak” izenburupean. Mikrosite berriak, era berean, eibar.gipuzkoairekia.eus web orriarekin lotura izango du.
Helburua orain arteko berdina izaten jarraituko du: udalaren jarduerari buruzko informazio guztia, egiazkoa eta erabilgarria eskaintzea. Hartara, herritarrek, erakundeari buruz, antolamenduaren aldetik, plangintzaren inguruan, ekonomiaz, aurrekontuez edo beste zerbaitxoz jakiteko nahi beste datu eskuratzeko aukera izango dute. Horri esker, herritarrak gertuen duen erakunde horretatik, udaletik, hartu eman hurbilago bat izango du; udalak eta herritarrak elkarri dioten konfidantza sendotu egingo da.
Udal aurrekontua, irekia eta irisgarria
Berriki, Eibarko Udalak urrats garrantzitsu bat eman du herritarrekiko harreman gertuagoak izateko eta baliabide publikoak nola kudeatzen dituen hobeto jakinarazteko. Hala, udal aurrekontuak erakusteko webgune berria aurkeztu du: noradoaznirezergak.eibar.eus (erderaz, dondevanmisimpuestos.eibar.eus).
Gardentasunerako beste pauso bat da eta Fundación Civio-ren laguntza teknikoa izan du. Bertan, edozein herritarrek kontsultatu ahalko du ikusteko modu erraz eta gardenean nola kudeatzen diren udal aurrekontuak, nondik datozen udalaren diru-sarrerak, zein diren gastuaren politikak eta nora doan gure dirua. Proiektu berritzaile honek udal kudeaketa herritarrengana hurbiltzea du helburu. Udalaren webgune horretan, dagoeneko kontsulta daiteke 2013-2017 aurrekontuei buruzko informazioa.